LAB sindikatuak ez du jarraituko koronabirusari aurre egiteko krisi mahian Gobernuaren jarrera aldaketa ez badago
LABek bukatutzat jo du koronabirusaren krisi-mahaian zuen parte-hartzea, baldin eta Nafarroako Gobernuak bere jarrera zuzentzen ez badu eta enplegua bermatzen ez badu.
2020-ko ekainak 24
Covid-19ri buruzko krisi mahaiaren gaurko bileran, LAB sindikatuak salatu du Nafarroako Gobernuak -CEN, UGT eta CCOO sindikatuekin egin duen sasi akordioarekin- uko egin diola enplegua bermatzeari. Akordio horrekin, Maria Txibiteren Gobernuak parte-hartze zabala zuen krisi-mahai bat itxi du, betikoen interesei men egiteko. Gaurkoa izan da eta izanen da LABek parte hartuko duen azken bilera, Nafarroako Gobernuak bere jarrera zuzentzen ez badu.
Paradoxikoa da, egun batean bai eta bestean ere bai, LAB sindikatuari Eliteen txiringitoan parte hartu nahi ez izatea leporatzen diotenek Covid-19ri buruzko krisi-mahaia amaitu izana, parte-hartze zabala zuenean. Zergatik erabaki dute Nafarroako Gobernuak, CEN patronalak eta UGT eta CCOO sindikatuek, guk Eliteen Elkarrizketa deitzen dugunaren barruan, ABEEE Aldi Batera Enplegu Erregulazio Espedienteei buruzko sasi akordio bat sinatzea, horri buruz hitz egiteko adostutako mahai zabal bat zegoenean?
Erantzuna joan den astean eman zuen CENek: horrela sinatu delako enpresen aldeko akordio bat, Erregimenaren Elkarrizketa indartzen duena. Beste era batera esanda, haientzat, enpresarientzat, LABek parte hartzen duen mahaian akordio bat lortzen saiatzeak ez ditu haien interesak bermatzen. Horregatik, beren txiringitoan ABEEEen mahaian adostu beharrekoa zen zerbait adostea erabaki dute. Izan ere, gure esku badago, akordioak gehiengo sozialari mesede egiteko sinatzen dira, eta ez betikoei. Ez dugulako onartuko CENek, UGTk eta CCOOk beste iruzur bat egitea langileriari.
Esaten dugu Nafarroako Gobernuak, CEN patronalak eta UGT eta CCOO sindikatuek sasi akordio bat sinatu dutela; izan ere, ariketa xelebre bat eginda, benetan ez dago akordiorik, Gobernuak berak aitortzen duen bezala konprometitu gabeko neurri batekin akordio posible bat lortzeko akordio bat da. Gainera, guztiz eskasa da enplegua bermatzen ez duelako -patronalari kaleratzen jarraitzeko aukera ematen dio, nahiz eta diru publikoa esku pribatuetan jarri-, langileen diru-sarrerak bermatzen ez dituelako -LABek gutxienez soldataren %80a bermatzea eskatzen du- eta langile gehienek ezin izanen dutelako jaso.
Nafarroa Sumak eta PSNk, Erregimenaren parte direnez, Eliteen Elkarrizketaren alde egiten dute arrakalarik gabe, baina bereziki kezkagarria da I-E (horren alde dago) eta Geroa Bai (abstenitu egiten da); era batera edo bestera, langileen ordezkaritzaren %50era iristen ez den Kontseiluaren alde egiten baitute. Gai honetan, EH Bildu eta Podemos soilik daude gehiengo sozialaren eskaeren alde.
Hilabete gogor eta zail hauetan esan eta erakutsi egin dugu, negoziazio mahaietan langileen aldeko proposamenak egiten eta kalean eta lantokietan egindako mobilizazioekin. Argi daukagu zein diren gure lehentasunak: enplegua, baldintza duinak eta langileen osasuna bermatzea; eta egungo eredua zerbitzu publikoetan, eskubide sozialetan eta bidezko fiskalitatean oinarritutako beste eredu baten truke eraldatzea. Garai zailak dira, bai, baina aukeraz beteak datozkigu; aprobetxatuko ditugu.