LAB: “Langileok planto egiten hasi gara, Euskal Herria gutxieneko zerbitzuetan jartzea aldarrikatuz”

Pasa den ostiralean, CODVID-19 birusak eragindako pandemiaren aurrean hartzen hasiak ziren neurrien aurrean, LAB sindikatuak salatu zuen neurriek langileen alde ez baizik "kapitalaren mesedetan hartzen ari" zirela, eta gaurkoan salaketa bera berretsi dute.

2020-ko martxoak 16

Frantziako nahiz Espainiako Gobernuak jendartea isolatzeko neurri gogorrak hartzen ari dira, baina, aldi berean, langileak lanera bidaltzen dituzte inolako babes neurririk gabe, ez lanera bidean (garraio publikoaren gutxitzearen ondorioz pilaketak egon baitira hainbat lekutan) ezta lanean ere: esaterako, Ezkerraldeako ITP enpresan, koronabirus kasuak egonda, zuzendaritzak ez du inolako prebentzio neurririk hartu eta, bost egunetan, kutsatutako 3 langiletik 11ra pasa dira; horren aurrean, langileek planto egitea beste aukerarik ez dute izan, enpresaren jarduera geldituz.

Egoera hau onartezina da. Bai langileon osasuna babesteko, baita pandemiaren hedapena mugatzeko neurriekiko koherenteak izateko ere, honakoa exijitzen diegu EAEko, Nafarroako eta Espainiako Gobernuei: Euskal Herria gutxieneko zerbitzutan jartzea. Egunak pasa ahala, gainera, gero eta premia handiagoko neurria dela deritzogu. Oinarrizko zerbitzuak mantendu (osasuna, elikadura, garbiketa, helduen zaintza, zerbitzu sozialak, energia eta ura, garraio publikoa), ahal den lanpostuetan telelana ezarri eta bestelako lan jarduera guztiak eten egin behar dira, langileontzako inolako kosturik eragin gabe. Gutxieneko zerbitzuetan ez dauden nahiz telelana egin ezin duten langile guztientzat (izan soldatapeko, etxeko langile edo autonomo) soldataren %100 bermatuko duen lizentzia orokorra ezarri beharra dago.

Horrelako neurri bat hartzen ez den bitartean, LABek bere indar guztia jarriko du ezinbestekoak ez diren ekonomia esparruetan lantokiak gelditzeko. Aipatutako ekonomia esparruetan gure ordezkari sindikalek lantoki bakoitzari bere jarduera eteteko eskaria egingo diote eta, horrelakorik egin ezean, geure esku dauden baliabide guztiak erabiliko ditugu langileon osasuna defendatzeko. Lan Osasuneko legediak ematen dituen baliabideekin batera (ordezkari sindikalek arriskutsutzat jotzen den jarduera bat gerarazi dezakete, arrisku larri eta berehalakoa argudiatuz), planto egiteko prest gaude, gaurkoan Mercedes, ITP edota CIE Amayako langileek egin duten bezala.
Kasu hauetan ere, geldialdiarengatik langileek inolako kalterik izan ez dezaten exijituko diegu enpresei. Hobesten dugun bidea enpresek ordaindutako baimenak ematearena da. ERTErik planteatuko balitz, soldatak %100eraino osagarritzea exijituko diegu.

Amaitzeko, gaur Mugimendu Feministak zaintza krisiari aurre egiteko mahaia eratzeko egin duen proposamenari babesa adierazi nahi diogu, eta mahai horretan parte hartu eta ekarpena egiteko gure borondatea adierazten dugu.

Gehiago