LAB eta Esku-hartze Sozialeko langileak mobilizatu dira, inpugnazioari buruzko epaiketaren egunean

Esku-hartze Sozialeko langileek elkarretaratzea egin dute gaur goizean, Caritasek Iruñean duen egoitzaren parean, sektoreko hitzarmenaren aurka jarri duen inpugnazioa salatzeko.

2022-ko irailak 28

Justizia Jauregiko elkarretaratzean, LAB sindikatuko Ekintza
Sindikaleko arduradun Oihana Lopetegik hitzarmenaren defentsa egin du eta
Esku-hartze Sozialeko langileen borroka goraipatu du. “Bi mila langileren
baldintzak auzitan daude hainbat enpresak bertako hitzarmena inpugnatzea
erabaki dutelako”, adierazi du Lopetegik. “Eta guk sektoreko langileek egin
duten borroka nabarmendu nahi genuke, bertako hitzarmena eta bertako markoa
lortu izana nabarmendu nahi genuke, eta azpimarratu horrek langile guztientzat
lan baldintzak hobetzea ekarri duela. Ildo horretan, LAB sindikatuak eskura
dituen borroka bide guztiak erabiliko ditu hitzarmen honek indarrean jarrai
dezan, eta langile hauekin borrokan jarraituko dugu hori lortu arte”.

 

Bere aldetik, langileei animoak emateko mintzaldian, Esku-hartze
Sozialeko arduradun Oihan Ataunek aipatu du epaiketan LAB sindikatuak, noski,
hitzarmenaren defentsa eginen duela, “bizi-bizirik” dagoela aldarrikatuko
duela. “Baina hitzarmen hau botatzen badigute, berriz ere kalera ateratzeko
prest gaude, zuekin batera borrokatzera, langileen baldintza duinak bermatuko
dituen hitzarmen on bat lortzeko”.

 

LAB sindikatua, Nafarroan sektorearen %70 inguruko ordezkaritza
duena, hitzarmenaren negoziazioaren sustatzaile nagusia izan zen, eta bere esku
zegoen guztia egin zuen, langileekin batera, lan baldintzak hobetuko zituen eta
urteetan zehar hainbertze zigorturiko sektore bati etorkizuna emanen zion
hitzarmen baten beharra aldarrikatu eta bultzatzeko. Baina helburu hori lortu
ondoren, enpresa batzuek, hitzarmenaren alde deus ez egiteaz landara, duela
zenbait hilabete hitzarmena judizialki salatzeko bide ankerra hartu zuten.

 

Gurutze Gorria, Caritas, Secretariado Gitano, Acción contra el
Hambre eta Minbiziaren aurkako Espainiako Elkartea (OEIS patronaleko kideak)
dira erabaki ulertezin horren protagonistak. Bada, enpresa-erabaki lotsagarri
horren aitzinean, LABek uste du, lehenbiziko hitzarmena sinatzeko
duintasun-lezioa eman zen bezala, orain ere berriz frogatu behar dela langileen
borroka eraginkorra eta baliotsua dela lan-eskubideak defendatzeko.

Gehiago