Kubarako hegaldia hartzea debekatu diote Igor Arroyori EEBBko zerrenda beltzan dagoelako
LABeko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyo Kuban dago, Central de Trabajadores de Cuba sindikatuaren XXI Biltzar Nagusia dela eta. LABek dionez, "oztopo guztien gainetik" azkenik iritsi da Habanara, aldez aurretik erreserbatutako hegazkina hartzea debekatu baitzioten Madrilen, “segurtasun arrazoiak” argudiatuta.
2019-ko apirilak 25
Izan ere, AEBetako aire espazioaren zati txiki batetik igaro behar zuen hegaldiak, eta, LABeko idazkari nagusi ondokoak salatu bezala, dirudienez, AEBetako administrazioaren “zerrenda beltzean” dago. Hortaz, gaua Madrilen pasa eta beste hegazkin bat hartu behar izan zuen biharamunean, Venezuelarantz, Caracasetik Habanara joan ahal izateko. Duela pare bat aste, Kuban deportatua dagoen Joxe Anjel Urtiagaren anaiari ere gauza bera gertatu zitzaion; hots, hegaldia hartzea debekatu zioten honi ere.
Central de Trabajadores de Cuba sindikatuaren biltzarrari dagokionez, Igor Arroyok bertan hartu zuen hitza asteartean. Trump administrazioaren jazarpena salatzeaz gain, Euskal Herria autodeterminazio eskubidearen alde borrokan ari den nazio bat dela nabarmendu zuen, bere etorkizuna erabaki ahal izateko. Ondoren, Espainiako gobernuaren jarrera salatu zuen, Euskal Herrian bake eszenatoki bat eraikitzeko ez baitu ezertxo ere egin, presoak eta Estatu krimenak argitu gabe daudenean. Burujabetzaren aldeko aldarriarekin jarraitu zuen bere hitzartzea, eta Kubari eskerrak eman zizkio euskal errefuxiatuei egindako harreragatik, bereziki. Amaitzeko, langileen arteko batasuna aldarrikatu zuen, borrokaren bitartez beste mundu bat eraikitzea posible delako.