Kotxe karabana batekin Ibon Iparragirre presoaren askatasuna exijitu dute Sakanan
Pasa den larunbatean Sakanako Sare Herritarrak bailara osoa zeharkatu zuen kotxe karabana bat antolatu zuen, Ibon Iparragirre eta larriki gaixorik dauden euskal presoen askatasuna aldarrikatzeko.
2017-ko azaroak 27
Bi zutabetan banatu zen ekimena. Lehenengo zutabeak Etxarri Ziordi izan
zuen ibilbidea eta bigarren zutabeak berriz, Etxarri Irurtzun. Bi zutabeen
aurretik bi anbulantzia megafonía eta sirena hotsez, gaixorik dauden euskal
presoen egoera larria adierazi nahian.
Azken egunetan jakitera eman da Ibonen bizia arrisku larrian dela, jada gutxi
zituen defentsak behera egin dute eta gaur gaurkoz 20 defentsa baino ez ditu.
Abokatuek Ibonen etxeratzea eskatu dute, espainiar legedia betez, Ibonek
etxean egon behar bailuke dagokion tratamendua jasotzen. Baina espainiar
justiziak zein espetxe zuzendaritzak pilota elkarri pasa ari dira, eta oraindik
orain, abokatuek ez dute eskariaren erantzunik jaso.
“Ibonen egoera ordea ez da
inoren erantzunaren zain egoteko modukoa. Ibonek ya! etxean egon behar du,
gizateriagatik, duintasunagatik, bere eskubidea delako eta legediak berak ere
hala agintzen duelako”, salatu du Sare-k.
Egun 13 dira kartzeletan larriki gaixo diren presoak: Ibon Iparragirre, Josetxo
Arizkuren, Garikoitz Arruarte, Jagoba Codo, Ibon Fernandez, Jose Ramon
Lopez Abetxuko, Aitzol Gogorza, Gorka Fraile, Iñaki Etxeberria, Joseba
Borde, Mikel Arrieta, Manu Azkarate eta Txus Martin. “Argi erakutsi dugu
herri gisa giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen eraikuntzan urratsak
emateko prest gaudela eta bide horretan salbuespen neurriak bertan behera utzi
eta presoen auzia behin betiko konpontzea ezinbestekoa dela”, dio Sare-k.
Gaixo larrien askatasunaren alde eta orohar gatazkaren konponbidean urratsak
emateko “gizarte aktibazioa eta herri mobilizazioak ” aldarrikatu ditu Sare-k .