Korrikak Nafarroa iparraldetik hegoalderaino zeharkatuko du martxoaren 20tik 24ra
Luzaidetik sartuko da euskararen aldeko ekimena martxoaren 20an goizaldean eta Zugarramurdi igaro ondoren utziko du herrialdea Korrikak martxoaren 24ean eguerdian.
2026-ko urtarrilak 8
Bere hasierako 70 egun falta direnean, 24. KORRIKAren ibilbidea prest dauka AEKk. Edizio honetan, euskararen aldeko ekimen erraldoia Atharratzetik aterako da martxoaren 19an, eta, hamaika egunez Euskal Herri osoa igaro ostean, Bilbon amaituko da, hil bereko 29an. Ibilbidearen xehetasunak KORRIKA aplikazioan azaldu dira esklusiban, eta bertan zein webgunean kontsulta daiteke nondik igaroko den 2.175 kilometroko -eta 3.436 lekuko hartze izango dituen- lasterketa. Kilometroak erreserbatzeko aukera, berriz, otsailaren 1ean zabalduko da. Dokumentu honetan herri bakoitzetik noiz pasako den kontsultatu daiteke.

Abiatzea, Atharratzetik, eta martxoaren 20tik aurrera Nafarroan
Ohiturari jarraikiz, aurreko Korrika amaitu zen lurraldean hasiko da oraingoa: Xiberoan, hain zuzen ere. Aurkezpen-egunean iragarri bezala, Atharratzek emango dio hasiera Korrikari, hainbat arrazoirengatik; nagusia, hauxe: Korrikaren “itzalguneetako” bat da Xiberoako Basabürüa eskualdea. Izan ere, Korrika ez da bertatik pasatzen, abiatzeko ez bada. Handik iragan zen lehen (eta azken) aldia 1985ean izan zen (4. KORRIKA); hots, Atharratzetik abiatu zen urtean.
“Alta, euskara sustatzeko eta karrikaratzeko beharra sekulan baino agerikoagoa da bertan: Xiberoan eta Basabürüan euskara bizirik dagoen arren, azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzek argira dakarte etxeko transmisioa eten egin dela, eskola-transmisioak ez duela %15 gainditzea erdiesten, eta euskararen erabilera desagertzen ari dela karriketan. Gainera, Xiberoa da, eta bereziki Basabürüa, azken hiru hamarkadetan, biztanle-kopuruaren arabera, euskal hiztun gehien galdu dituen lurraldea/eskualdea”, aipatu du AEKk.
Abiatzea 15:30ean izango da, eta hurrengo egunean, Nafarroan sartuko da Luzaidetik. Martxoaren 20tik 24ra Nafarroako eskualde guztiak bisitatuko ditu Korrikak. Pirineotako herriak ostiralean, Erdialdea eta Erribera larunbatean, Iruñerria eta Lizarraldea igandean, Sakana astelehenean eta Bortziriak eta Baztan asteartean.
Bilbo, helmuga
Amaierari dagokionez, eta Korrikaren beste ohitura bati jarraikiz, bukaerak bost hiribururen artean txandakatzen dira: Baionan finitu zen azkena, eta 24. KORRIKAn Bilbok izango du Korrikaren azken metroak ospatzeko ohorea, martxoaren 29an, igandearekin.
Goizeko 07:20ak pasatuta sartuko da Bizkaiko hiriburuan. Eguerdian, lekuko barruko mezu sekretua irakurri dute, euskararen herritik eskuz esku pasatu ostean. Ondoren, egun osoko amaiera-jai handiak hartuko ditu Bilboko kaleak.
Xehetasun guztiak webgunean eta aplikazioan
Ibilbidearen xehetasun guztiak webgunean eta aplikazioan egongo dira, esan bezala. “Herriz herri, kalez kale, errepidez errepide… euskara garela erakutsiko du Korrikak 11 egunez eta 10 gauez. 2.175 kilometro eta 3.436 lekuko-hartze inguru egingo ditu euskararen herrian zehar”.
Aurreko ediziotik hona, aplikazioa berrikuntzekin dator. Batetik, arestian aipatu bezala, eta 24. KORRIKAren kantarekin egin bezala, Korrika Laguntzaileek izan dira lehendabizikoak ibilbidearen berri izaten. Haiek hainbat informazio eta albiste jasotzen dituzte primizian, baita aplikazioa deskargatuta dutenek ere. Korrikak iraun bitartean, martxoaren 19tik 29ra, eguneko bideokronika bereziak eskainiko dituzte aplikazioan. Ibilbideari lotuta, Korrika zuzenean jarraitzeko aukera ere emango du: batetik, furgonetaren geolokalizazioaren bidez, korrikalariek jakingo dute Korrika garaiz, aurrerapenez edo atzerapenez datorren. Bestetik, furgonetako zuzeneko irudiak eskainiko dituzte 24 orduz.
Ohiko atalak ere baditu, jakina: Korrika Laguntzaile txartela txertatuta dakar, eta aplikazioaren baitan eramateko aukera eskaintzen du, mugikorrean bertan. Horrez gain, astero Korrika Laguntzaileen arteko zozketak erakusten dira bertan. Amaitzeko, aplikazioak aukera ematen du Korrikaren inguruko jakinarazpen eta jakingarri garrantzitsuenen berri primizian jasotzeko —orain arteko gertaerak: aurkezpena, abestia, ibilbidea…—.
IOS zein Android bertsioentzat dago eskuragarri, eta lasterketa bitartean gerta litekeen edozein gorabeherari buruz ere informatuko du; eta, lehen esan bezala, guztiz doakoa da.
