Korrika 2022ko udaberrira arte atzeratzea erabaki du AEK-k
22. Korrika 2022. urtera atzeratu du AEK-k. Erabaki latza izan dela aitortu dute "euskararen aldeko ekitaldirik jendetsuena eta zirraragarriena" 2021an ez delako izango, eta Korrikak dituen helburu ekonomikoak (AEKren euskaltegietako lana bermatzea) beteko ez direlako. “Herriz herri igaroko gara”, kaleetan eta herrietan euskaltzale guztiak 2022an berriro elkartuko direlakoan itxaropenez daude AEKn.
2020-ko urriak 16
Koronabirusaren pandemiak behartuta, AEKn hobetsi dugu Korrika atzeratzea, besteak beste, pandemiaren barruko transmisioa ahalik eta gehien murrizteko. Gaur egindako agerraldi batean hala iragarri dute AEKko bozeramaileek.
“Korrikaren atzerapenak hutsunea sortuko du, baina Korrika bera horren garrantzitsua izanik, beharrezkoagoa da Korrika denok desiratzen ditugun baldintza hobeetan egitea. Une honetan, ez dugu Korrikaren ordezko eskas bat nahi. Izan ere, euskarak bezala, Korrikak kalea behar du, bizia, mugimendua. Eta hori errepidera ateratzen direnek ematen digute, kalera ateratzen direnek”, esan dute.
Beraz, hurrengo Korrika 2022. urteko udaberrian eginen da. Hala ere, Korrikarik ez izateak ez du esan nahi euskararen aldeko mugimendua geldituko denik. AEK-ko arduradunek 2. Euskaraldian parte hartzeko deia egin dute. “Gainera, hartu behar izan dugun erabakiaren ondorioz, kolpe ekonomiko handia pairatuko dugu. Hori dela eta, Korrikaren sorreratik, edizio guztietan egiten dugun bezala, azpimarratu nahi dugu ezinbestekoa dela helduen euskalduntzea bizkortzea eta inbertsioak areagotzea, Euskal Herri osoak behar-beharrezkoa du-eta. Administrazioari dagokionez, euskaltegiei bideratutako baliabideak oraindik ez dira nahikoak, urratsak egin badira ere norabide egokian”, gehitu dute.
Erabaki hau hartzea “oso gogorra izan” dela azpimarratu nahi izan dute. “Baina ziur gaude goiari helduko diogula eta Korrikara inoiz baino indartsuago itzuliko garela”, esan dute.