Koronabirusaren eragindako krisia dela eta, espetxe eta presoen egoeraz ohartarazteko dinamika bat martxan jarri dute

Salhaketak, Sarek eta Etxeratek “Espainiako kartzeletako koronabirusaren kudeaketaren salaketa” adierazpenarekin bat egiteko eskatu diete eragile politiko, sozial eta sindikalei.

2020-ko maiatzak 5

Kartzeletako osasun-epidemiari buruzko datuak emateko gaur egindako agerraldian, Espainiako espetxeetako Covid-19 delakoaren kudeaketa salatu dute, eta osasun eta segurtasun eskumena Eusko Jaurlaritzaren esku daudela ere gogoratu dute Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian dauden espetxeen egoera salatzerakoan.

Joseba Azkarragak, Sare Herritarraren izenean, euskal presoen kasuan izan du hizpide. Gogoratu duenez, kolektibo honen ehuneko handi batek nazioarteko erakundeen jarraibideak betetzen ditu, eta Azkarragaren iritziz, “beren etxeetara bidali” beharko zituzten. “Adineko presoak dira; horietako askok gaixotasun larriak dituztenak eta 161ek 15 urtetik gorako espetxe zigorra bete dutenak”, esan du Sarekoak.

“Orain dela gutxi hiru presoei graduan aurrera egiten utzi dieten bezala, kondenaren laurden bat baino gehiago bete dutenei edo gaixotasun larriak dituztenei graduan aurrera egiten uzteko eta beraien etxeetara bidaltzeko eskatzen diegu berriro ere Espetxe Erakundeei”.

Zentzu berean hitz egin du Urtzi Errazkin Etxerat elkarteko bozeramaileak. Sakabanaketarekin amaitzeko urratsak emateko eskatu du. “Orain hasten den deseskalada honetan, ahal den neurrian, presoak Euskal Herrira hurbildu beharko dira, baina salbuespenari eusten dieten iraganeko errezetei men egiten dieten atzerapenik gabe. Izan ere, denontzat hain gogorra eta zaila den ziklo hau igarotzean eta euskal gizartea normalizaziorantz doanean, behingoz egin behar da, lastrerik gabe eta sufrimendurik gehitu gabe”, esan du Errazkinek.

César Manzanos Salhaketa elkartearen izenean mintzatu da.  Eusko Jaurlaritzak izan duen jarrera salatu du. Izan ere, EAEko kartzeletako osasun eta segurtasun arloko eskumena izanik, datuak ezkutatu dituela salatu du Manzanosek. Salhaketa elkartearen bozeramaileak ez ditu sinisten emandako datuak positiboen inguruan, eta frogak egitea eskatu du, jakiteko benetan zein den espetxeetako egoera.

Gehiago