Koronabirusak Hezkuntzan sortutako egoeraren aurrean protesta eginen du bihar Ikamak

Ikama ikasle antolakundeak biharko mobilizazio eguna antolatu du ikasleek ikasturte honetan "jasan behar izan duten guztiaz nazkatuta gaudela argi esateko". Izan ere, COVID19ak dena hankaz gora jarri duen testuinguru honetan, Ikamaren helburua ikasleei eta gizarteko sektore gazteenari honek guztiak nola eragiten dien kaleratu eta konponbideak eskatzea da. Iruñeko mobilizazioa eguerdiko 12.00etan abiatuko da Hezkuntza Departamendutik.

2021-ko apirilak 20

Dagoeneko sei hilabete pasa dira ikasturtea hasi zenetik eta Ikamaren hitzetan “hilabete guzti hauek egunetik egunerako oztopo lasterketa amaigabe bat” izan dira. Ikasleria “nazkatuta” dagoela diote, eta baita “haserre eta amorratuta” ikastetxeetan bizi duten egoerarekin, eta hortaz “kalera atera eta aho batez nahikoa dela esateko” ordua heldu dela uste dute Ikamakoek.

“Ikasturte hasiera inoizko zailena izan zen guretzat Covid 19aren eraginez, baina batez ere, birusaren aurrean hartu ez zituzten neurrien eraginez”, dio Ikamak, gogoratuz ikasturtean zehar Hezkuntza komunitatearekin batera antolatu egin direla egoera hau salatzeko.

“Hala ere, heziguneetan osasun baldintzak bermatu gabe garatu behar izan dugu jarduna. Kalean harreman sozialak murrizten zituzten bitartean, ikasgelek masifikatuta jarraitzen zuten”, gogoratu dute. “Hau gutxi balitz, heziguneetan izugarri areagotzen joan da kontrol sozial zein poliziala eta ikasleok etengabe jazarriak izaten ari gara”, salatu dute.

Covid 19ak aurretik ikastetxetan zeuden “egiturazko arazoak azkartu eta azaleratu” egin direla ohartarazi dute. “Eduki inposatu espainiar zein frantsesak, zenbait irakasleren autoritarismoa, azterketetan oinarritutako ebaluazio eredua, euskaraz ikasteko eskubide urraketa, kontrol soziala, euskal curriculumik eza, indibidualismoa, presio jasanezina, ikuspegi kritikorik eza, sorkuntza falta… Hau guztia gutxi ez eta pandemiaren aurrean emandako erantzun hutsalak are buruhauste gehiago ekarri dizkigu ikasleoi. Izan ere, protokolo faltak ageriago utzi du ebaluazio sistema honek ez digula balio. Etxean konfinatuta gauden ikasleok ez daukagu azterketak egiteko aukerarik, ez bada irakaslearen erabaki indibidualen arabera. Egoera sostengaezina da, eta ezin dugu onartu hezkuntza sailak hilabeteak pasa diren honetan ezer ere egin ez izana”, dio Ikamak.

Heziguneak birusaren kontagio foko izan direla ere salatu dute, nahiz eta hori ezkutatzen saiatu diren arren. “Egoeraren karga hezkuntza komunitatearen gain erori da, guraso, irakasle, zuzendari eta batez ere, ikasleon gain. Egoera hau modu batean edo bestean katastrofikoa izatera iritsi ez bada arrazoi bakar bategatik izan da, ikasleon ardura eta hezkuntza komunitatearen elkar zaintzari esker”, uste du Ikamak.

“Honek guztiak gelditzera behartu gaitu, nazkatuta gaudela esan eta mahai gainean kolpe bat ematera. Ikasleok beti izan gara koiunturari aurre egiten eta gure neurrira eraikitako hezkuntza sistema baten alde lehen lerroan kokatu garen subjektua. Oraingoan ez gara gutxiago izango, ezin gara gutxiago izan”, azpimarratu du ikasle taldeak.

Iruñean, eguerdiko 12etan Hezkuntza Departamendutik

Iruñeko manifestazioa eguerdiko 12etan Hezkuntza Departamendutik abiatuko da hiriburuko kaleak zehartzeko.

Gehiago