Koronabirusak hezkuntzan sortutako egoera salatzeko ehunka ikasle atera dira kalera Ikamaren deia jarraituz
Ikama ikasle taldeak deitutako mobilizazio egunari erantzuna emanez, ehunka ikasle kalera dira Iruñean. Ikasturte honetan ikasgeletan zein kalean Koronabirusak sortu duen egoera eta honen aurrean agintariek emandako erantzuna salatu dute ikasleek. "Nazkatuta gaude", adierazi dute eta "Euskal Eskola herritar eta burujabea" aldarrikatu dute ikasleek Hezkuntza Departamendutik abiatu den manifestazioan.
2021-ko apirilak 21
“Ikasturte hasieratik daramagu haien bulegoetan jesarrita dauden korbatadun politikarien kudeaketa negargarria jasaten. Utzikeria, nahasmena, kontraesanek… ezaugarritzen dute ikasturte hasieratik hartu izan duten erabaki bakoitza, eta gu bitartean, konfinatuta egon garen egunak kenduta, negua leihoak irekita pasatu dugu; hori omen da klasean pandemiari aurre egiteko neurri nagusiena. Honaino heldu gara, ondorioak ikasleok ordaindu behar izateaz nazkatuta gaude”. Horrela laburbildu dute Ikama ikasle taldetik gaur egun bizi duten egoera.
Pandemia hasi zenetik, eta bereziki ikasturte honetan zehar, ikasleak izan dira pandemiaren ondorio kaltegarrienak pairatu dituztenak, Ikamaren hitzetan. “Kalean 3 lagunekin soilik elkartu gaitezken bitartean, ikasgeletan, 30 ikasle gaude sartuta. Gure ikasketetarako behar ditugun bitartekoak, jangela zerbitzua, garraio segurua edota konfinatuta egon garenean klaseak jarraitzeko erremintak… guk geuk bilatu behar izan ditugu. Eta bitartean ixilik eta jesarrita egotera behartu nahi izan gaituzte. Kamerak jarriz, kontrolerako plataforma digitalak indartuz eta jarrera autoritarioak normalizatuz, ikasleon eskubideak murriztu izan dituzte jesarrita egotera behartu gaituzten bitartean”, adierazi dute manifestazioaren bukaeran irakurritako komunikatuan.
Ikasleak hezkuntza arloan pandemiaren kudeaketan ez dituztela kontutan hartu ere gaitzetsi dute, eta laster azterketa garaia helduko dela ohartarazi dute. “Presioa, itoaldia, ikasketa ordu bukaezinak… Gure bizitzak alde batera utzi eta buru belarri edukiak irentsi eta botatzeko prestatzen ari dira gure buruak. Azterketa eta azterketa artean gure ikaskideekin hezkuntza sistema honek ematen duen nazkaz hitz egiteko tartea bakarrik izango dugu”, kexu dira.
Hala ere, “martxan egoteko hamaika arrazoi” dituztela azpimarratu nahi izan dute. “Gaur kalera irten garen bezala, bihar zerbitzu publikoetako langileekin batera kalera aterako gara. Haien lan eskubideen defentsa egiteaz gain, Euskal Herriarentzako zerbitzu publiko, indartsu eta kalitatezkoen alde martxan egongo gara. Ikasleok hezkuntza sistema publiko erreal baten beharra dugulako”, esan dute.
Bestetik, ikasturte bukaera honetan ikasgeletan “argi izpi batzuk” ikusi daitezke aipatu dute. “Nazka eta amorrutik datozen txinpartak izan daitezke, bai, baina txinparta txikienek ere suterik handiena sor dezakete egoera beroenetan”, eta “martxan eta borrokan” egoteko “gogo eta indar guztia” dutela nabarmendu dute, eta “guzti hau irauli eta beste nolabaiteko hezkuntza eredua eraikitzeko martxan jarraituko” dutela iragarri dute “Euskal Eskola Herritar eta Burujabea” lortzeko helburuarekin.