Kontseiluak “zubi bat bihar oparo batera” aldarrikatu du oldarraldiaren aurrean

Euskalgintzaren Kontseiluak kultur ekitaldia egin du Iruñean euskararen sustapena eta normalizazioaren aurkako sententziak salatzeko. Azaroaren 4an Bilbon egingo dute manifestazioa.

2023-ko urriak 13

Hiri Buruzagian izan dira gaur Kontseiluko kideak, Iruñerriko kulturgileak lagunduta ekitaldi kulturalean egin dituzte aldarrikapenak. Duguna Dantza taldea, Arkaitz Miner, Mikel Martinez, Patxo Telleria, Jose Luis Otamendi, Olaia Inziarte, Sustrai Colina eta Ibil Bedik parte hartu dute.

Iruñeko justizia jauregiaren parean bildu dira. Izan ere, azkenaldian auzitegietatik areagotu egin dira euskararen sustapena eta normalizazioa helburu duten hainbat neurriren aurkako sententziak salatu nahi izan dituzte eta azaroaren 4an hori berretsiko dute.

Olatu erreakzionarioa eta isolatuak ez diren sententziak. Hizkuntza politika aurrerakoia mugatzeko joera eta oinarrizko eskubideen urraketa salatu dute eta, halaber, gazteleraren nagusitasuna ezartzea herritarron hizkuntza-eskubideen gainetik. Hala azaldu du Kontseiluko buruak: “gu denon bizitzen kontra, hizkuntz eskubideen kontra, hizkuntza aniztasunaren kontra, justizia sozialaren kontra eta bizikidetzaren kontra”.

Gaurkoan, kultura aldarrikapen tresna bilakatu den arren, egunerokoan euskaraz egiteko eskubidea bermatu eta aldarrikatu nahi du Kontseiluak. Dantzak eman dio hasiera eta baita amaiera ere ekitaldiari ere. Izan ere, Amets Arangurenen ahotsak lagunduta sokadantza egin dute Dugunako kideek. “Beharbada, hobe dugu sokadantza bat eratu eta sokadantza hori izan dadila eskuz-eskuz, zubi bat, ez etorkizun batera, baizik eta bihar oparo batera”.

Eskuz-eskuz azaroaren 4an Bilboko kaleak betetzera dei egin du Euskalgintzaren kontseiluak, euskarari egiten zaizkion erasoen aurrean, oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat.

Gehiago