Kontseiluak euskaldunen eskubideen aurkako oldarraldiari erantzuteko dinamika bateratuari ekiteko adostasunak bilatuko ditu

Euskaratik urrun sentitzen direnekin hizkuntzaren auzia landuko ditu Kontseiluak, kohesio eta justizia soziala ipar. Hezkuntza legea, euskararen ofizialtasuna, oldarraldi judizialari erantzutea eta adostasun sozialak zabaltzea izango ditu lehentasun. Euskaldunen eskubideen aurkako oldarraldiari erantzuteko dinamika bateratua prestatzeari ekingo dio, adostasun zabalak oinarri.

2023-ko urtarrilak 25

Euskalgintzaren Kontseiluak 2022. urteko irakurketa eta ondorioak izenburuko txostena aurkeztu du. Bertan, 2022ak euskararen normalizazioan eta hizkuntza-politiken arloan emandakoa aztertzen da, eta 2023ko erronkak eta bideorria ezartzen dira.

Idurre Eskisabelek Nafarroan egitekoak zerrendatu ditu, eta horien artean kokatu ditu «ofizialtasunaren aldarrikapena ardatzean jartzea, administrazioan euskara aintzat har dadin bermatzea edota hezkuntzako PAI ereduaren bidez euskarak eta euskal hiztunek jasaten duten bazterkeria etetea».

Hauetaz gain, bigarren lan lerroa ere nabarmendu du, urgentziakoa: euskararen kontrako oldarraldi judizialari aurre egitea. Irun, Laudio, Barakaldo eta beste hainbat tokitako sententzien harira, Eskisabelek oso larritzat jo du botere judizialak hizkuntza-politiketan esku hartzea eta baldintzatzea, hau da, auzitegietatik politika egitea: «Herritarron eskubide murrizketei aurre egiteko dinamika bat prestatzeari ekingo diogu, batasunetik eta adostasun zabaletatik erantzuteko».

Euskalgintzatik haragoko adostasunak erronka
Kontseiluko idazkari nagusiak aitortu du Batuz Aldatu adostasun sozialean sakondu eta euskalgintzatik kanpoko gero eta eragile gehiagotara jotzea izango dela aurrera begira eginkizun handienetako bat. Zentzu horretan, lehentasun gisa jo du beren burua euskalgintzatik eta euskaratik aparte xamar ikusten duten eragile eta norbanakoei «azaltzea euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua zer den eta nola lotzen den kohesio eta justizia sozialarekin. Eta, nola ez, haiei entzutea eta adostasun puntuak bilatzea eta lantzea».

«Adostasunak», gaineratu du Eskisabelek, «ez dira berez eta kasualitatez sortzen, baizik eta landu eta josi egiten dira. Eta adostasun horien oinarria izan behar du ulertzea eta onartzea euskararen normalizazio eta biziberritzeaz ari garenean ez garela ari abstraktuan hizkuntza baten egoera edo iraupenaz, baizik eta milaka euskal herritarren oinarrizko eskubideetako batez ari garela».


Hizkuntza politikak ez dira aski

«Gero eta argiago ikusten ari gara orain arteko hizkuntza-politikak ez direla aski» Kontseiluko idazkari nagusiaren iritziz. «Euskalgintza jabetuta dago erronka horietaz guztiez, eta desafio horiei aurre egiteko hizkuntza-politikan jauzi bat egiteko beharraz. Diskurtso eta praktika berriak ari da sortzen eta gauzatzen. Nabarmentzekoa da, euskararen normalizazioan irabazitakoa ez dela izango bakarrik euskaldun eta euskaltzaleentzat; aldiz, bizikidetzan eta berdintasunean sakontzea ekarriko du. Eta, azken buruan, demokraziaren sakontzean» adierazi du Kontseiluko idazkari nagusiak.

Egiturazko ekarpenak adostasuna oinarri
Ondoren, Paul Bilbaok Batuz Aldatu dinamikaren baitan egindako urratsen garrantzia mahai gaineratu du. 2022a plazak eta kaleak hartzeko urtea izan dela azaldu du Bilbaok: «Herritarrek kaleak bete dituzte bidegabekeriak salatzeko Iruñean, Laudion, Bilbon, Tuteran, Baionan… Hamaika egunez Euskal Herria Korrika ibili zen hitzetatik ekintzetarako jauzia egin behar dela aldarrikatuz; Euskaraldian milaka ahobizi eta belarriprest izan dira beste behin» adierazi du.

Azkenik, Kontseiluko ordezkariak ere kezka agertu du botere judizialak jarraitu duelako hizkuntza-politika egiten, zertarako eta euskaldunon eskubideak are gehiago murritzeko: «Horri batasunetik erantzun beharko zaio urte honetan zehar» esan du.

Gehiago