Komantxeen kanpaldia Aroztegiako proiektuaren aurka

Batzuetan ez dugu jakiten gure hitzen ibilbidea zein izanen den. Koldo Martinez, Geroa Baiko eledunak, Aroztegiako proiektuak hizkuntzan izanen zuen eraginari buruzko txioan erreserba deitu gintuen. Ez zekien komantxeen kanpaldi bat antolatzeko bidea sortzen ari zela.

2017-ko ekainak 12

Pasatu berri den asteburu honetan kanpaldia izan da Baztanen, Aroztegiako komantxeek antolatua. Elizondoko plaza okupatu dute 50 gaztek eta zenbait ekintza burutu dituzte asteburuan barna.

Lekarozko herrian luxuzko hotela, golf zelaia eta 228 etxebizitza egin ahal izateko udalaren nahiaren gainetik egiteko aukera du Palacio de Arozteguia S.L. enpresak, horretarako lehendabizi UPNko gobernuak eta orain Geroa Baikoak, UGPS deituriko tresna erabili baitu, interes orokorrekoa delakoan.

Bi urte bete dira UGPSa onartu zenetik eta obrak hasi ez direnez, Lurralde Antolaketa eta Hirigintzako abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 46. artikuluaren arabera ia kosturik gabe gibelerat egiteko aukera dago. “Hori ikusita, proiektuaren kontrako desadostasuna erakutsi nahi izan dugu, umorez. Proiektuaren aldekoek komunikabideetan dute indarra, guk karrikan”. Halaxe erran du komantxeetako batek.

Ortziraletik iganderat ekintza andana antolatzeaz gain, elkarrekin egoteko, ideiak partekatzeko eta aitzinerat begira zer egin pentsatzeko erabili dute kanpaldia. Ortziralean kanpin-dendaz eta pankartaz bete zen plaza. Asteburua ongi antolatzeko baliatu zuten afaltzeko tenorea, eta larunbaterako prestatu zituzten ekintzak lotzeko.

Larunbat goizean pelotazoaren prozesioa egin zuten Elizondoko karriketan barna. Bertan ageri ziren golf-jokalariak, enpresariak, turista aberatsak eta baztandar zerbitzariak. “Prozesioko bakoitzak bere interes pertsonalaren alde egiten du, proiektuak Baztanen dituen ondorioak kontuan hartu gabe”.

Arratsaldean berriz Elizondon barna ibilbide zaratatsua egin zuten. Umorez baina salatuz, proiektuaren alde egin duten hiru baztandarren etxe aitzinean ontziekin asotsa eginez (Virginia Aleman Geroa Baiko parlamentaria eta Baztango alkatea izandakoa, Ruben Ziganda Geroa Baiko zinegotzia eta Eduardo Zubikoa enpresako kideetako bat). Eguna musikarekin akitu zuten, besta giroan: Idoia eta Mikel, Xabaltx eta Tape DJarekin.

Igandean Aroztegia ezagutzeko aukera izan zen. Harat hurbildu zirenek ez zuten paisaiaren edertasuna aditu komantxeen ahoetatik, baizik eta proiektuaren barnean zeinek diren lur eta bide publikoak, zeinek nekazariei desjabetutako lurrak, nolakoa izanen litzatekeen proiektua gauzatuko balitz. Ez zen edertasunaren irudia, Baztan errotik aldatuko lukeen proiektuarena baizik: Baztango hamaseigarren herria, euskara bermatuko ez lukeena, paisaia urbanistikoa eraldatuko lukeena …

Asteburuko nekeak ez die egindako lanaren emaitzak ikusteko trabarik egin: “Gure helburua lortu dugu: elkartu gara, eztabaidatu dugu, indarra hartu dugu eta aitzinerat begira pausuak emateko prest gaude”. Hitz horiek erran eta buelta eman ordukoz dena bildua zen, eta Elizondoko plaza hutsik, asteburuko zirimolaren erresto bakarra pankartak: Baztan ez dago salgai.

Gehiago