Karmele Solaguren, 12 urte aitortza barik
Karmele Gogoan plataforma herritarrak Kamele Solaguren Goikoetxearen erailketaren aitortza eza salatu du barañaindarraren heriotzaren 12. urteurrenean: "Erakundeek urtero Karmele erabaki politiko baten ondorioz hil zela aitortzeari uko egiten diote".
2016-ko abenduak 6
Barañaingo Udaletxe Plazan herritar aunitz batu dira Karmele Gogoan plataformatik egindako deialdira. Bertan, egun indarrean jarraitzen duen dispertsio politikak salatu nahi izan dituzte: “Behin eta berriz esan dugu: dispertsioa ilegala da, giza eskubideak urratzen ditu eta jendartearen gehiengoak errefusatzen du. Dagoeneko 16 pertsona erail dituen politika bat da, tartean Sara Fernandez iruindarrarena”.
“Egun inork ezin du ukatu Karmele erabaki indarrean jarraitzen duen politiko batengatik hil zela; egun, Xabier Sagardoy gazte barañaindarraren familia eta lagunak astero jazartzen dituen politika bera, alegia. Kezkatuta gaude, edozein egun izan daitekeelako abenduaren 6 hura”, salatu dute plataforma herritarretik.
2017a “aitortzaren urtea” izan dadin lanean jarraituko duela argi utzi dute Karmele Gogoaneko kideek: “Joan den otsailaren 18an Auditorioan jendarteratu genuen gure nahia. Aitortzaren bidea hasteko unea iritsi da. Karmele gogorarazi eta bere heriotza aitortuko duen monolitoa jarriko dugu Barañainen”.