Karlos Apeztegia espetxeratu egin dute 2002an preso zegoenean ETArekin kolaboratzea leporatua

Apeztegia gaur goizean igaro da Auzitegi Nazionaletik, Guardia Zibilak atzo atxilotu eta gero. "Gatazkaren ondorioen konponbidean eta bakearen alde" Apeztegiak eginiko lana goraipatu du Etxerat-ek. Gaur arratsaldean Donibane auzoan eta Etxarri Aranatzen mobilizazioak izanen dira.

2018-ko urriak 17

Guardia Zibilak Karlos Apeztegia atxilotu zuen atzo eguerdian Hernanin, Gipuzkoan. Han du egoitza Etxerat euskal presoen senide eta lagunen elkarteak, eta bertan egiten du lan Apeztegiak. Beharretik ateratzean joan zitzaizkion bi polizia, eta atxilo eraman zuten. Intxaurrondoko kuartelera eraman zuten aurrena, eta, handik, Madrilera. Gaur igaro da Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurretik, eta hura espetxeratzeko agindu du epaileak.

Espainiako Barne Ministerioak ohar batean jakinarazi zuenez, “erakunde terroristako kide” izatea leporatuta atxilotu dute Apeztegia, larrigarritzat jota delitua “berriro” egin izana. 2016an hasi ziren ETAren argitu gabeko atentatuak ikertzen, eta, gobernuaren arabera, ikerketa horietan jakin zuten Apeztegiak, 2002. urtean, Puertoko espetxean preso zegoela, “komunikazio kanal egonkor eta seguru bat” eratu zuela ETAren zuzendaritzarekin. Kanal horren bitartez, hainbat funtzionariori buruzko informazioa helarazi zion ETAren zuzendaritzari, horien aurkako erasoak presta zitzaten, Barne Ministerioaren arabera betiere. Auzitegi Nazionalaren 3. Instrukzio Aretoak agindu du operazioa, eta Lenteak izena jarri diote.

Informazio hori 2003an konfiskatu zuten Frantzian, Saintesen eginiko operazio batean. Frantziako Gobernuak Espainiakoari ETAren aurkako jardunaz emandako dokumentazioaren artean zegoen Apeztegiaren aurka jotzeko baliatu duten agiria.

21 urteko espetxe zigorra bete zuen Apeztegiak, eta 2013ko maiatzean askatu zuten. Atzo iluntzean, batzar informatibo bat eta manifestazioa egin zuten Hernaniko Gudarien plazan. Gaur iluntzerako ere protestak deitu dituzte.

Etxerat elkarteak “animoa eta elkartasuna” adierazi die Apeztegiaren senideei: “Ustekabean eta atsekabez jaso dugu Karlos Apeztegiaren atxiloketa eta ondorengo espetxean sartzeko agindua. Karlos Apeztegiak Etxerat elkartean egiten du lana, Frantziako Estatuan dauden euskal presoen senideei ematen diogun laguntza tekniko eta humanoaren baitan, hain justu”.

Halaber, Etxerat-tek azpimarratu egin du “gatazkaren ondorioen konponbidean eta bakearen alde, gure elkartearen baitan Karlos Apeztegiak egiten duen ekarpena”.


Mobilizazioak Donibanen eta Etxarrin

Azken atxiloketa hau salatzeko mobilizazioak izanen dira gaur Donibane auzoan eta Etxarri Aranatzen. Etxarrin arratsaldeko 19.30etan batzar informatibo bat eginen dute, herriko lazan, eta Donibanen 20etan deitu dute mobilizazioa, Asuncion plazatik abiatuko dena.

Gehiago