“Kapitala eta bizitzaren artean, guk bizitza aukeratu dugu”

Talde anonimo batek Ahotsa.info-ri igorri dion komunikatua eta bideoa. Koronabirusak eragindako krisia langile klasea ez ordaintzeko deia egiten dute.

2020-ko ekainak 23

Rutinaren morroiak bilakatu gara. Denbora eten da egunerokoa bete-betean geldiaraziz. Honek, nolabait, ingurugiroarekin beste modu batean harremantzeko aukera eman digu.

Egun nahasiak izan dira, arraroak, kontradikzioz eta desinformazioz beterikoak. Justifikatuta edo eraginda, beldurrak gure pentsamendu oro mehatxatu du.

Gizarte ezberdintasunak aregotu egiten dira.

Irabazi handiak zituztenek orain irabazi txikiagoak diuzte… eta antza denez, ezin da izan. Murrizketak datoz, zure eskubideetan, zure soldata eta bizi baldintzetan. Araua haien irabaziak bermatzea bada, zuri pobrezian sakontzea da inposatzen zaizun aukera bakarra.

Merkatuetaz mintzo dira, desazelerazioaz eta estankemenduaz. Haien erretorikarekin nahasi nahi gaituzte. Ekonomiaz eta politikaz aritzen dira kausa eta efektua ulergaitz bilakatuz. Zineztarazi nahi digute “lehengo egoerara” bueltatzea desiragarria dela. Baina zuek guk bezain gertutik dakizue “lehengo normalitateak” ezer gutxi duela enbidiatzeko.

Zer erakargarritasuna dauka azken hatsaraino estutzen gaituen normalitate batek? Zer nolako gizarte mota elikatzen ari gara jazanezina den krisi ekologiko eta zaintza krisiaren gainean? Prekarietatean itotzen den gazteria, pobreziari aurre egin behar dioten jubilatuak eta miserian geroz eta gehiago itotzen den langile klasea. Hori bera da normalitate zaharra. Zama itogarria Euskal Herri langilearentzat.

Pairatzen ditugun krisi oro logika sistemiko horri men eginez gestionatzen dira. Kutsu autoritarioa nabaria izan da hiritar-polizia bultzatze ahaleginetan eta segurtasun gorputz eta indarren hala edo nola eman diren zuritze ariketetan. Beldurra eta autoritarismoa nahasi dituen egoera honetan, eskuin muturrak erraz aurkitzen du bidea.

Kapitalaren agenda langileriaren bizitzen gainean inposatzen da. Bizitza beraren iraupena zalantzan jartzeraino. Osasuna, lan arriskuen prebentzioa, soldatak, bizi baldintzak, zaintza, kolektiboa dena, komunitatea … agenda hau inposatu nahi digutenek kosta ala kosta gainditu behar dituzten oztopoak baino ez dira. Ahal dela, ahalik eta merken gainera.

Segurtasunaren aitzakiak borroka sozial eta herrikoiak bigarren maila batean uzteko arriskua dakar. Normalitate zaharraren moldeei eutsiz normalitate berri bat ezartzerakoan erresistentzia oro alboratuz, bidenabar. Betiere kapitalaren alde, burgesia handiaren alde, Euskal Herri Langileari zor.

Desira eta aspirazio indibidualak baino ez dituenak, nekez ulertu dezake borroka kolektiboa. Baina orain inoiz baino gehiago ezinbestekoa da kolektiboaren alde borrokatzea, mundu berri bat imaginatzea eta berau antolatzea.

Krisi hau ez dugu guk ordainduko. Kapitala eta bizitzaren artean, guk bizitza aukeratu dugu.

Gehiago