Kamioilari bat hil da Lantz inguruan kamioia irauli ostean

Zaragozako 47 urteko gizona zen zendutakoa. N-121-A errepidean gertatu da ezbeharra, gau partean. Foruzaingoaren arabera, 03:10ean jazo da istripua. Behobia-Iruñea errepideak ezbehar kopuru handia dauka, bertatik pasatzen dira eta zama handia daramaten ibilgailuak. Iaz, 9.494 ibilgailuk erabili zuten bide hori; horietatik, 2.570 astunak. Atzo bertan LABek protesta egin zuen

2016-ko apirilak 29

Lan osasunaren nazioarteko egunean N 121-A errepideak langileen osasun eta segurtasunerako dituen arriskuak salatu eta hurrengo egunean, berriro ere langile bat hil egin da gaur goizaldean errepide berdinean. Osotara, 17 langile hil dira aurten lan-istripuz Euskal Herrian, hauetako 5 Nafarroan.

Lan istripua goizeko 03:10ean gertatu da N 121-A (Iruñea-Behobia) errepideko 23. kilometroan, Lantz parean eta Iruñako norabidean. Hilik suertatu den langileak 47 urte zituen eta Pedrola (Zaragozako) bizilaguna zen. Kamioia eskuineko norabidetik errepidetik atera da Iruñeako norabidean eta irauli egin da.

LAB sindikatutik hildako langilearen familiari dolumina helarazi nahi izan dio hildakoaren senitarteko eta lagunei.

N-121-A errepidea Nafarroan egunero trafiko handienetakoa duen errepidea da, zenbait autobidek baino gehiago. Egunero 10.000 ibilgailu ibiltzen dira errepide honetan eta horietatik heren bat kamioiak dira. “Izugarrizko trafiko bolumena jasaten duen errepidea da, nazioarteko garraioaren ia osotasun guzia hemendik pasatzen delarik. Argi diogu, errepide hau ez dago inolaz ere prestaturik egunero pairatzen duen trafiko bolumena jasateko”, salatu du LAB sindikatuak.

Ez da lehenengo aldia langile bat errepide honetan hiltzen dena, 2014ko urtarrilean 2 anaiek errepide honetan bertan bizitza galdu zutelako eta aurten, martxoaren 4an, lanean ari zen garraiolari bat ere hilik suertatu baitzen errepide honetan. Aurten, jadanik 6 istripu larri suertatu dira errepide honetan, eta horietako bitan langile batek bere bizitza galdu du lanean ari zen bitartean.

“Loteria makabro bat da gaur langile honen bizitza moztu duena, baino edozein momentutan errepide hau erabiltzen ahal duten milaka eta milaka pertsonei tokatu ahal zaiena. Errepide nazional batez ari gara solasean, inondik ere ez duena trafikoaren pisua jasateko gaitasuna, batez ere Leitzarandik joateak kamioientzat kostu ekonomiko handiagoa suposatzen duenez, N-121-A errepidetik pasatzen joaten direlako”, esan du LABek.

Sindikatuak gogoratu du aurreko Nafarroako gobernuek inoiz ez dutela errepide honen egokitzapena beraien lehentasunen artean izan, eta egin duten gauza bakarra “egoerari partxeak jartzea” izan dela, “arazoaren erroetara joateko borondaterik ez zegoelako”. Atzo LAB sindikatuak Beran egindako kontzentrazioan salatu zuen bezala, “ez da partxeak jartzeko garaia, irtenbideak bilatzekoa baizik, errepide honen erabiltzaileak nazkatuta daude”.
Aipatutako guztiarengatik, LAB sindikatutik behingoz egoera honi soluzioak bilatzen inplikatu dadila eskatzen dio Nafarroako Gobernuari, eta gaiaren inguruan eztabaida ireki eta parte hartzailea zabaltzea eskatzen dio.

Gehiago