Kalitatezko eskola publikoa exijituko dute Sarrigurenen

Sarriguren Ikastetxearen irakasle eta ikasleen gurasoek bihar asteazkena arratsaldeko 16:30etan kontzentrazioa eginen dute.

2015-ko apirilak 21

Hurrengo ikasturtean Sarriguren Ikastetxe Publikoak 3 urteko 215 haur baino gehiago hartuko ditu. Honela,  Eguesibarreko ikastetxe publiko bakarrak, bi urtez jarraian, Haur Hezkuntzako 1. mailan 10 gela irekiko ditu. Bi ikasturte eskasetan, 20 gela berri, 3-4 urteko 400 haur baino gehiago.

Hezkuntza Departamentuaren jokabidea salatu dute gurasoek, 10 gela beharrean 9 bakarrik irekiko dituztelako. "10 gela berri sartuko dira eta Hezkuntzak 9 baino ez ditu eraikiko, beraz, eraikin berriak jaso ditzakeenak baino ikasle gehiago hartuko ditu".

"Sarrigurenek urteak daramatza eskola berria eskatzen, osoa, behar dituen gela guztiak izango dituena, lehendabizikotik azkenekora, hau da:  ikasleentzako gelak, patioa, espazio amankomunak, jantokia, gimnasioa, aldagelak, bulegoak eta hau guztia kudeatuko duen, Zuzendaritza Talde, irakasle  eta gainerako langile propioak", exijitu zuten guraso eta irakasleek.

2015-2016 ikasturtean eskola honek 1.200 ikasle izango ditu eta hauetatik %50 baino gehiago 3 eta 6 urte bitartekoak. Hezkuntza Departamentuak, makrozentro bat diseinatu duela gainezka egin duenean salatu dute. "Zergatik ote da onuragarriago, pedagogiari dagokionez, 1.200 ikasle izango dituen ikastetxea 800 eta 400eko bi ikastetxe baino?", galdetzen dute. 

Hezkuntza Departamentuak "plazaratutako gezurrak" ere salatu dituzte. Hurrengo ikasturterako Hezkuntzak Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzarako 3 lerro izango zituen eskola berria eraikiko zuela Sarrigurenen esan zuen Departamenduak, eta hori "gezurra" dela diote gurasoek. "Haur Hezkuntzarako 9 gela izango dituen eraikina baino ez dute egingo, ez eskola berria. Eta sinetsi behar dugu, eraikin honen bigarren fasea, hau da, Lehen Hezkuntzarako 18 gela izango dituena, 2016-2017 ikasturterako eraikiko dutela, hauteskundeak tarteko. Ez al da bertan behera geldituko?".

"Gure apostua Kalitatezko Eskola Publikoa da eta gure seme-alabek ez dute gure isiltasuna merezi. Merezi dutena guk beren eskubideak defendatzea da", adierazi dute guraso eta irakasleek.

 

Gehiago