Kalera Kalera ekimenak urtarrilaren 4an manifestazio bat eginen du Barañainen “presoen askatasunaren alde”

Barañaingo herritar talde batek Kalera Kalera dinamikaren izenean urtarrilaren 4an “Bada garaia, presoak kalera!” lelopean mobilizazio bat deitu dute. Espetxeetan ematen den egoerari irtenbide bat bilatzeko "konpromisoa eta lana" aldarrikatu dute.

2018-ko abenduak 27

“Euskal Errepublikaren eraikuntzan falta diren bidailagunak, hau da, euskal preso politikoak, gaur egun 200 euskal herritar baino geihago, espainiar zein frantziar espetxeetan sakabanatuta, salbuespenezko espetxe politika baten menpe aurkitzen dira”, eta nazio eraikuntzaren bidean etxean eta lanean nahi dituzte.

“Estatu Espainolak, ez sozialista eta ez langilea den alderdi horren gidaritzapean, ez du oraindik inolako pausu nabarmenik eman espetxeetako egoera aldatzeko. Iragarritako espetxe politikaren aldaketa ez da inolako neurri zehatzetan atzeman. Kosmetika hutsa. Aitzitik, salbuespenezko neurriek bere horretan diraute: Sakabanaketa, lehen graduaren mantentze sistematikoa, preso gaixoen eta 3/4ak bete dituztenen askatasunaren ukazioa edota zigorren luzapenerako egindako arkitektura juridikoa”, salatu dute.

Euskal Herrian presoen eskubideen alde dagoen gehiengo herritar, sindikal, politiko eta instituzionala “behin eta berriz preso eta iheslarien egoerari irtenbide demokratiko bat ematea exijitzen” duela gogoratu dute, eta pausoak emateko momentua dela aldarrikatu dute. “Orain da momentua. Presoek espetxeak utzi eta etxera itzuli behar dute. Hori gertatzen ez den bitartean ezingo dugu inolaz ere normalizazio politikoaz hitz egin”.

Datorren urtarrilaren 4ean Barañainen eginen den mobilizazioaren berri ematerakoan, hainbat aldarrikapen mahi gainean jarri dituzte: sakabanaketa politikaren amaiera, preso gaixoen berehalako askatasuna, zigor luzaketen amaiera eta  lehen graduaren amaiera. Manifestazioa, arratsaldeko 19:00etan Udal Plazatik hasiko da.

Gehiago