Kalera Kalera ekimenak abenduaren 22an manifestazio bat eginen du Iruñean presoen askatasunaren alde

Iruñerriko auzo eta herri ezberdinetako herri mugimenduan, sindikalismoan edota elkarte ezberdinetan lan egiten duten herritar talde batek Kalera Kalera dinamikaren izenean abenduaren 22an “Bada garaia, presoak kalera!” lelopean mobilizazio bat deitu dute. Espetxeetan ematen den egoerari irtenbide bat bilatzeko "konpromisoa eta lana" aldarrikatu dute.

2018-ko azaroak 30

Euskal Errepublikaren eraikuntzan falta diren “bidailagunak”, hau da, euskal preso politikoak, gaur egun 200 euskal herritar baino geihago, “espainiar zein frantziar espetxeetan sakabanatuta, salbuespenezko espetxe politika baten menpe” aurkitzen dira.

“Estatu Espainolak, ez sozialista eta ez langilea den alderdi horren gidaritzapean, ez du oraindik inolako pausu nabarmenik eman espetxeetako egoera aldatzeko. Iragarritako espetxe politikaren aldaketa ez da inolako neurri zehatzetan atzeman. Kosmetika hutsa. Aitzitik, salbuespenezko neurriek bere horretan diraute: Sakabanaketa, lehen graduaren mantentze sistematikoa, preso gaixoen eta 3/4ak bete dituztenen askatasunaren ukazioa edota zigorren luzapenerako egindako arkitektura juridikoa”, salatu dute.

Euskal Herrian presoen eskubideen alde dagoen gehiengo herritar, sindikal, politiko eta instituzionala “behin eta berriz preso eta iheslarien egoerari irtenbide demokratiko bat ematea exijitzen” duela gogoratu dute, eta pausoak emateko momentua dela aldarrikatu dute. “Orain da momentua. Presoek espetxeak utzi eta etxera itzuli behar dute. Hori gertatzen ez den bitartean ezingo dugu inolaz ere normalizazio politikoaz hitz egin”.

3 zutabe manifestazioa osatzeko

Datorren abenduaren 22an Iruñean eginen den mobilizazioen berri ematerakoan, hainbat aldarrikapen mahi gainean jarri dituzte: sakabanaketa politikaren amaiera, preso gaixoen berehalako askatasuna, zigor luzaketen amaiera eta  lehen graduaren amaiera. Hiru zutabe elikatuko dituzte manifestazio hau, arratsaldeko 17:15etan Iruñerriko puntu ezberdinetatik abiatuko direnak eta Autobus Geltokian elkartuko dira. Bertatik, 18:30tan manifestazioa egingo da. Zutabe horiek Askatasuna Zutabea, Elkartasuna Zutabea eta Duintasuna Zutabea izanen dira, eta Barañain, Atarrabia eta Errotxapeatik aterako dira.

Gehiago