Josu Bergaretxea “Manix” Lizarrara bueltatu da erbestean 28 urte eman ondoren
Konponbide prozesuaren aldeko beste pausu bat eman zen atzo Lizarran, 28 urtez erbestean eman dituen "Manix" bere sorterrira itzuli baitzen. Hamarnaka lagunek ongi-etorri beroa eskeini zioten Lizarran “Iheslariak etxera!” eta "Jo ta ke irabazi arte!” oihuen artean. Ondoren afari bat egin zuten.
2014-ko abenduak 4
Iluntzeko 21ak aldera egin zioten ongietorria 80 bat lagunek ihesaldian 28 urte eman dituen Josu Bergaretxea “Manix” iheslariari. Santiago Plazan bilduta, lau dantzarik eta beste lau txistularik jaso zuten aurreskuaren agurra eskeiniz. Gero, lore sorta bat eman zion ezker abertzaleko kide batek eta lehen ongietorri horren ostean gertuko elkarte batera abiatu ziren bertaratutakoak, Manixi behin eta berriz maitasun keinuak helaraziz eta ohiuen artean.
Errepresaliatuen alde, bidelagunak
Behin elkartean, Ezker Abertzaleak hartu zuen hitza. “Memoria bizia diren kide hauek pairatutako guztia, kartzela, estradizioa, jarraipenak, erahilketak pairatu dituztenak” herri honi behin eta berriz trasladatzearen beharra azaldu zen. Era berean azpimarratu nahi izan zen “Manix gure artean baldin badago, bere hautu eta nahi pertsonalaren aparte azken hilabeteetan kolektiboki hamarnaka iheslarik gatazkaren konponbidearekiko erantzukizunez eman duten pausuaren ondorio ere badela". Gogoan eduki zen ere Euskal Preso Politikoen Kolektiboa, “beraiek ere bide bat egin nahi dute, pausuak eman nahi dituzte eta hor ere herria bidelagun eduki beharko dutela” ohartaraziz .
Aurrekoa “jai giroan egoteko eguna" izan bazen ere, eta Lizarran "beste pausu bat ematea" lortu bazen ere, hortik aurrera "lanean eta konponbidearen bidea egiten jarraitzeko ardura duela herri honek” azpimarratu zen. Horrela bi dei gogoratu nahi izan zituzten; alde batetik urtero Olentzero egunean egiten den kalejira 19:30etan Foruen plazatik aterako dena eta Sarek Bilbon urtarrilaren 10erako deitu duen mobilizazio eguna.
28 urte Lizarratik kanpo
Bukatzeko Manix berak hartu zuen hitza. Bertaratutakoei eskerrak eman nahi izan zizkion eta irriak eraginez “28 urte pasa eta gero beharra zegoela iada Lizarran egoteko” adierazi zuen. Era berean, azaldu zuen, “estradizioak, kartzela, erasoak pairatu eta gero bidea zaila eta txarra izan bada ere, hainbat gauza oso onak aurkitu ditut, lagun onak, arriskuaz gaindi etxeko ateak ireki dituztenak, bere Lizarrako oroimena beti biziberrituz hainbat jendek egindako etengabeko bisitak… Guzti hauek “bihotz bihotzez” eskertu zituen. Bestalde, borrokan jarraitzearen beharra azpimarratu zuen “falta diren iheslariak eta presoak etxean egon arte” eta prozesu honek bidea egin dezan denon bultzada ematea beharrezkoa dela adieraziz.