Jose Luis Cano gogoratzeko ekitaldiak antolatu dituzte bere hilketaren 42. urteurrenean
Martin Villa epaitu ekimenak bultzatu ditu aurtengo oroimen ekitaldiak. Ostegun honetan hitzaldi bat eskeiniko dute, eta datorren asteko astelehenean omenaldi bat eskeiniko diote Kaldereria kalean Poliziak Cano hil zuen tokian.
2019-ko maiatzak 7
Orain arte, hainbat udalek mozio bat onetsi dute Martin Villa pertsona “non grata” izendatuz, horien artean Iruñea, Lizarra eta Zizur. Eta esan bezala, ekimen honen hurrengo ekitaldiak Nafarroan izanen dira Jose Luis Cano omentzeko eta 1977ko Amnistiaren Aldeko Astean izandako gertakariak gogoratzeko. Maiatzaren 9an, ostegunarekin, 19:30ean, Zabaldin hitzaldi bat izanen da. Bertan, Aingeru Cano, Jose Luisen ahaidea, Gloria Bosque eta Amaia Kowasch Velasco izanen dira partaide. Maiatzaren 13an, astelehenarekin, 19:00etan, omenaldi bat eskeiniko zaio, Kaldereria kalean, hil zuten lekuan.
Martin Villa, 1977ko Amnistiaren Aldeko Astearen errepresioaren erantzule
Rodolfo Martin Villa ministro izan zuten urteetan (1975-1979) errepresioa eta Estatuaren bortizkeriaren inpunitatea izan ziren ezaugarri. 90 hildako inguru izan ziren. Errealitate horren adibiderik odoltsuenetako bat 1977ko Amnistiaren aldeko astea dugu. Orduan, Rodolfo Martin Villa Gobernazio Ministroa zen eta indar polizialak bere agindupean zituen.
1977an, maiatzaren 12tik 17ra, preso politikoen askatasunaren aldeko mobilizazioen aurkako errepresioak zazpi lagun erail zituen Euskal Herrian: Rafael Gómez Jauregui, Clemente del Caño Ibañez, Jose Luis Cano, Luis Santamaría, Gregorio Marichalar Aiestaran, Manuel Fuentes Mesa eta Francisco Javier Fernandez Nuñez.
1977ko maiatzaren 12an, Errenterian, manifestazio baten kontra poliziek egindako tiroek Rafael Gómez Jauregui hil zuten. Protestak zabaldu ziren, errepresioa areagotu zen eta hurrengo egunetan beste sei hildako gehiago izan ziren. Clemente del Caño Ibañez hilik suertatu zen ibilgailu batek harrapaturik, Guardia Zibilak autopistan barrikada bat kentzera behartu ondoren. Hurrengo egunean, Iruñean, poliziak Jose Luis Cano hil zuen, buruan tiro eginda. Haren heriotzaren berri izan ondoren, liskarrak orokortu ziren eta, arratsalde horretan bertan, Nafarroako hiriburuan, Luis Santamaria hil zen, bihotzekoak jota, bere balkoian gomazko pilota baten talka jaso ondoren. Egun horretan bertan, Errenterian, Gregorio Marichalar Aiestaran tirokatu zuten, eta maiatzaren 14an, Manuel Fuentes Mesa, Ortuellan. Francisco Javier Fernandez Nuñez maiatzaren 17an hil zen Bilbon, komisaria inguruan jasandako eraso parapolizial baten biktima.