“Joaquin Iriarte” Elizondoko zahar etxean Koronabirusaren krisiaren kudeaketa salatu dute LAB eta ELAk

Pasa den martxoaren 14ean alarma egoera ezarri zenetik Elizondoko zahar etxe honetan egon den gestio eredua "izugarri kaxkarra" izan dela eta horren ondorioz, momentu honetan, egoera larri batean daudela salatu dute sindikatuek.

2020-ko apirilak 1

Hasteko, salatu behar dugu, langileontzat, berez gogorra eta estresantea zen lan egoera bat are gogorragoa bilakatu dela zuzendaritzatik egondako jarrera bortitza eta batere enpatikoaren ondorioz. Ulertzen dugu, denontzako gogorra izaten ari dela bizitzen ari garen egoera hau, baina errespetua ezinbertzeko elementu bat da egoera edozein dela ere.

Momentu honetan, sei dira zahar etxean bakartuta dauden erabiltzaileak eta bertze bat Iruñera eraman behar izan dute. Horretaz gain, zenbait langile, positibo eman dutelako edo sintomak dituztelako, emaitzen zain bakartuak egon dira edo daude eta ez dira lanera joaten ahal. Egoera larri hau (ziur aski okerrera eginen duena), lehenago aipatutako gestio eredu kaxkarraren ondorio dela adierazi nahi dugu. Langileok behin eta berriz prebentzio neurri gehiago eskatu arren, ez zaigu kasurik egin eta ez da neurri nahikorik hartu.

Honetaz gainera, kontutan hartu behar dugu zein sektorez solasten ari garen. Zerbitzu minimoetan egiten dugu lan egunerokotasunean; gobernuek ezartzen dituzten langile ratioak lotsagarriak direlako. Hala salatzen dugu behin eta berriz, eta egoera berezi honetan egonik, langileoi gehiago exijitzen zaigu: prebentzio neurriak hartu behar ditugulako, aitetxi-amatxi batzuk bakarturik daudelako edo familien bisitarik ez egoteagatik pertsona hauekin denbora gehiago pasatu behar izatea dakarte. Beraien beharrak egun hauetan aunitzez handiagoak dira eta horretarako langile kopuru bera gaude. Enpresak zerbitzuak indartu dituela erran arren, errealitatea ez da hori eta langileok presiopean egin behar dugu lan, frustratuta sentitzen gara, behar bezalako arreta eta zainketak eskaintzeko zailtasun handiak ditugulako.%200a ematera behartuta gaude (egoerak horrela eskatzen duela ulertuta) baina, zuzendaritzaren aldetik, esfortzu maila bera ikusi gabe.

Gaizki egindakoak, dagoeneko eta tamalez, gaizki eginda daude eta momentua ailegatuko da noiz exijituko ditugu exijitu beharreko ardurak, baina momentu honetan kezkatzen gaituen bakarra erabiltzaileen eta lankideon osasun fisiko eta mentala da. Horregatik salatu nahi izan dugu egoera guzti hau, baduen larritasun guztia duela ere, ahalik eta modu egokienean bideratu ahal izateko eta epe motzenean hobera egiteko.

Gehiago