Jendetza Lekunberrin, Leitzan eta Elizondon Altsasukoei babesa eta elkartasuna adierazteko

Nafarroari Bira ekimenaren 3. etapan bildutako indar guztiarekin, datorren larunbatean Iruñerria bisitatuko da.

2018-ko martxoak 12

Goizeko 9:30ak aldera, Altsasuko 130 bat herritar 40 kotxetan atera ziren Elizondorantz. Etapa honetan Lekunberri, Leitza, Elizondo, Bera eta Baigorri bisitatu ziren.

Lekunberrin Foruen Plazan harrera ekitaldia egin zen. Bertan Larraungo Altsasukoak Aske Plataformako ordezkariak diren Mikel Tirapuk eta Joseba Artzelutsek harrera egin zieten gazte auzipetuen familiei eta bidelagun izan zituzten altsasuarrei. Ondoren, Amaia Amilibia eta Ana Larraza amek, familiakoen izenean, izandako harrera ona eta agertu zuten elkartasuna eskertu zieten bertaratu ziren guztiei, azpimarratuz “gure gainean erori zaigun zama hau jasan ahal izateko behar dugun indarra zarete.” Justiziaren premia azpimarratu zuten, probak eta lekukotzak baztertzen ari diren eta gutxieneko bermeak eskaintzen ez dituen prozesu honetan.

Segidan, Altsasuko txistulari eta momotxorroekin 300 lagunek kalejiran ibili ziren.
Ondoren, 40 bat autoz osatutako ilara Leitzarantz abiatu zen, non zain zituzten ehunka lagunak. Herrian zirelarik, Altsasuko momotxorroek, txistulariek eta Haize Berriak Bandak lagundurik, Leitzako Foru Plazara abiatu ziren, non bertako txistulariek ongi etorria eman zieten eta aurresku hunkigarria eskaini zieten.

Segidan, Mikel Zabaletak, Leitzako alkateak, ongi etorria eman zien eta goraipatu zuen gazte auzipetuen gurasoak egiten ari diren lana. Era berean, esan zuen “jokoan dagoena ez da bakarrik zuen etorkizuna, gu guztiona baizik, aurrekari oso arriskutsua ezarri dezaketelako etorkizunerako.” “Beldurra eta mehatxua zabaldu nahi dituzte gure herrietan aske bizi eta sentitu ez gaitezen” gehitu zuen. Bukatzeko, Altsasuko familien borroka bere egin zuen eta “Aurrera Altsasu” abestiak dioen bezala, “txarrenari onena aterako diogu, zuen borroka denona ere badela” erantsi zuen.

Koldo Arnanzek eta Amaia Amilibiak, auziperatutako bi gazteren aitak eta amak, Leitzako alkatearen hitzak eskertu zituzten eta elkartasuna eskaintzera bertaratu ziren leitzar guztiei ere, atzera ere azpimarratuz justiziaren beharra, errugabetasun-presuntzioa ukatzen ari den kasu honetan eta, bestaldetik, Nafarroako instituzioak eta eragile eta kolektibo sozio-kulturalak laguntzen ari diren kasua.

Ekitaldiari amaiera emateko, ehuneko lagunen argazki erraldoia egin zen plazan eta sinadurak ere bildu ziren.

Elizondon, jendetza

Leitzatik Elizondora abiatutako auto-ilarak, Doneztebe eta Mugairin zain ziren 100 lagun baino gehiagoren herritarren txalo eta animo-hitzak jaso zituzten.

Behin Elizondon, senitarteko eta bidaidei, dantzariek ongi etorria eman zieten “Sagar dantza” dantzarekin. Hori eta gero, herriko frontoian 220 lagunentzat herri-bazkaria zerbitzatu zen.
Arratsaldeko bostetan manifestazioari eman zitzaion hasiera, 1000 pertsonek parte hartu zuten manifestazioa. Joseba Otondo Elizondoko alkateak demokrazioa batean ezinezkoa den salbuespenezko egoera bizitzen ari garela salatu zuen, behin behineko kartzelaldi luzea, bermerik gabeko epaiketa…

Koldo Arnanzek eta Amaia Amilibiak, auziperatutako bi gazteren aitak eta amak, zera adierazi zuten: “ezin dugu hainbeste injustizia eta bidegabekeria jasan. Gure seme-alabetako 3, duela urte bat baino gehiago erregimen berezi pean, urrunduta, presoaldi prebentiboan edukitzea, ez delako justua Justizia eskatzen dugu. Errugabetasun-presuntzioa ukatzen dietelako justizia eskatzen dugu. Defentsarako aurkeztu diren lekuko eta probak errefusatuak izan dira eta honekin batera epaiketa justuaren bermeak urratuta ikusten ditugulako justizia eskatzen dugu. 8 gazte hauendako eskatutako neurrigabeko zigor-eskaerak gure seme-alaben etorkizuna mehatxatzen duelako justizia eskatzen dugu. Justizia ezartzen ez denean, gizarte demokratiko bat zuzendu behar dituen printzipioak hautsi egiten direlako”.

Azkenik, datorren apirilaren 14an, Iruñean egingo den manifestaziorako gonbidapena herritar guztiei luzatu zitzaien.

Gehiago