JARDUNek bere aurkako kriminalizazio-kanpaina areagotu egin dela salatu du eta bere jarduera politikoa berretsi du

JARDUN Koordinadorak prentsaurrekoan salatu du Malen eta Aratz atxilotu zituztenetik areagotu egin dela erakundearen aurkako jazarpen poliziala, judiziala eta mediatikoa. Koordinakundeak bere jarduera politikoaren zilegitasuna aldarrikatu du eta Euskal Herri independente eta sozialista eraikitzeko konpromisoa berretsi du.

2026-ko azaroak 26

JARDUN Koordinadorak salatu du azken hilabetean Espainiako Estatuak jauzi kualitatiboa eman duela erakundearen aurkako kriminalizazio kanpainan. Malen eta Aratz atxilotu zituztenetik, haien militantziaren aurkako jazarpena, difamazioak eta seinalatze publikoak areagotu egin direla ziurtatu zuen, eta kide batzuen datu pertsonalak zabaldu zirela. Halaber, militanteen ibilgailuetan bidegabe sartzea eta etxebizitza batetik gailu elektronikoak lapurtzea salatu du.

Koordinakundeak azaldu duenez, Malenen eta Aratzen sumarioan «indarkeriazkotzat» jotako hamabi ekintza egozten zaizkio JARDUNi: Falangeren aurkako protestak, ADEGI Gipuzkoako patronalaren pintura-seinalamendua, Frantziako Tourrari boikota egiteko saiakera eta Zaballako espetxera martxa bat antolatzea.

JARDUNek gogorarazi du ekintza horiek guztiak erakundeak berak aldarrikatu zituela publikoki, bere legitimitatea defendatu du eta borroka modu horiek erabiltzen jarraituko duela ziurtatu du. Era berean, koordinakundearen aurkako errepresio-ekintza justifikatzeko kontakizun bat eraiki izana salatu du.

Erakundeak Euskal Herrian independentzia eta sozialismoaren alde borrokatzen dutenen aurkako jazarpen historikoan kokatu du erasoaldi polizial, judizial eta mediatiko hau.

Azkenik, bi militante espetxeratu eta sakabanatu arren eta salatutako jazarpena areagotu arren, JARDUNek Euskal Herri independente eta sozialista eraikitzeko konpromisoa berretsi du, eta militantzia politikoaren kriminalizazioa arbuiatu du.

Gehiago