“Izadi gurasoekin etxera” plataforma aurkeztu dute Burlatan
Burlata eta Algortako norbanako ezberdinek “Izadi gurasoekin etxera” egitasmoa sortu dute, Maria Lizarraga eta Iñigo Gutierrez euskal presoen alabak askatasunean, bere gurasoekin, bizi behar duela aldarrikatzeko.
2019-ko urriak 28
Burlatako Maria Lizarraga eta Algortako Iñigo Gutierrez euskal presoen alaba da Izadi. Urtarrilean jaio zen Valentzian eta geroztik bere amarekin bizi da Picassenteko amen moduluan, beste hiru ama euskaldun eta haien txikiekin batera. Aita astean behin edo bitan tarte txiki batez ikusten ahal du Izadik, elkarren ondoan bizi arren. Hau dela eta amak zaintzaren pisu osoa hartu behar du eta aitari bere papera betetzea ukatzen zaio, bere alabari lotutako kudeaketa guztietan (medikoarengana joatea adibidez) parte hartzea ukatua duelarik. Hori gutxi balitz etengabe trabak jartzen dizkiete hurbilekoi komunikazioak familia osoarekin egiteko Izadik aita ikusi ahal izatea ukatuz.
“Dispertsioak ondorio are lazgarriagoak ditu ume txiki bat tartean denean, bere inguru naturalean hezteko eskubidea ukatzen bait zaio”, salatu dute plataformako kideek. Senideek Valentziaraino joan behar dute umea espetxetik atera nahi badute. Pisu bat alokatu behar izan dute umearekin harremana sendotzeko, eta horrek gastu gehigarri izugarria suposatzen zaie. Hala eta guztiz ere, umearen senide batzuek ez dute ezagutzen ezin dutelako bidaia
haraino egin.
Estatu espainolean, umeak amarekin espetxean egonaldia 3 urtekoa da. Ondoren, amarengandik banatzen dute. “Onartezina da 3 urte beteko dituen egunean gurasoengandik (eta ordurarte 24 orduz egon den
amarengandik) banatzera behartzea. Eta gainera bere haurtzaroan bidaiak egitera kondenatzea”, sakabanaketaren ondorioz.
“Espetxea ez da ume batentzako bizilekua eta espetxeak ez ditu inondik inora asetzen ume batek dituen beharrak. Umearen beharrak behar den bezala asetuak izateko kalean bizi behar du, etxean, gurasoen ondoan”, aldarrikatu dute.
Egoera hau salatzeko, dinamika eta elkartasun ekimen ezberdinak jarriko dira martxan Burlatan eta Algortan. Besteen artean, hitzaldiak, ikuskizunak, azokak…