Itziar Ituño eta Porrotxen aurkako kriminalizazio kanpainak salatu ditu Sarek

Pasa den larunbatean Bilbon egindako euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioaren harira Itziar Ituñoren eta Joxe Mari Agirretxe “Porrotx”en aurkako abian jarritako jazarpen kanpaina salatu eta elkartasuna adierazi die Sarek.

2024-ko urtarrilak 16

“Konponbiderako Giltzak” lelopean Bilbon egindako mobilizazioa egin baino lehenago Pirritx, Porrotx eta Marimototsen aurkako jazarpena izan zen, Ertzaintzaren aurrean jarritako salaketa eta guztiz. Manifestazioaren pankarta eraman izan zuen Itziar Ituiño izan zen, ondoren, kriminalizazio eta jazarpenaren jomuga. Ituiñori, hainbat marka komertzialek (BMW konzentsionario bat eta Iberia, esaterako), publizitate kontratuak edo iragarkiak kendu dizkiote. Milaka herritarren atxikipena jaso zuen mobilizazioak Sare Herritarrak deitu zuen, eta gaur komunikatu bat plazaratu du haiei elkartasuna adierazteko. “Badirudi,
gizarte hau anitza dela ulerzeko gai ez direnei ez zaiela gustatzen euskal gizarteak
konponbidearen eta bizikidetzaren giltzak izan nahi izatea, sufrimendurako ateak itxi eta
elkarbizitzan oinarritutako gizarte baten esperantza zabaltzeko balio duten giltzak izan
nahi izatea”, deitoratu du Sarek, eta espetxetako egoeraren aurrean protesta egiteko eskubidea aldarrikatu du. “Hau ezin da onartu”, esan du Sarek.

“Ezin gara isilik geratu, lintxamendu publiko honek dakarren bidegabekeriaren aurrean.
Horregatik, ozen salatzen dugu egoera hau eta bidegabekeria hau jasaten ari direnekin
bat egiten dugu. Honela, duela egun batzuk Bilbon 70.000 lagunek defendatu eta
aldarrikatzen genituen helburuak lortzeko lanean jarraitzeko erabakia berresten dugu”, dio Sarek bere oharrean. Euskal presoen eskubideen aldeko ekimenaren ustez, erakunde publikoek ere “oinarrizko eskubideei eragiten dieten
egoeretan, hauek babesteko jarrera hartu beharko lukete” eta kanpaina hauei erantzun bat
eman. “Behin eta berriz errepikatuko dugu, konfrontazioari ateak ixteko eta adiskidetutako
gizarte baten itxaropenari ateak zabaltzen hasteko garaia dela eta konponbiderako
urratsak emateko konponbiderako giltzak izaten jarraituko dugu”.

Gehiago