Itunpeko Irakaskuntzako langileak borrokan

Itunpeko Irakaskuntzako langileek Nafarroako Parlamentuaren aurrean elkarretaratzea egin dute Hezkuntza Departamentuak haien lan baldintzetan egin nahi dituen murrizketak salatzeko eta 2016ko %1aren itzulpena galdegiteko.

2016-ko azaroak 17

Azaroaren 16an arratsaldeko 18:30etan LAB, ELA, UGT eta SEPNAk deituta, Itunpeko Irakaskuntzako langileek elkarretaratzea egin dute Nafarroako Parlamentuaren aurrean. Bertan, haien lan baldintzetan Hezkuntza Departamentuak egin nahi dituen murrizketak salatu nahi izan dituzte, besteak beste ordu lektiboen gutxitzearen atzerapena urte betez, gaixotzen direnean haien ordezkoa 10. lan eguna arte ez ordaintzea, edota parlamentuaren aurrean, kuatripartitoaren izenean, Geroa Baiko Maria Solanak, soldataren %1 2016an itzultzeko hartutako konpromisoa ez betetzea, beteko balitz, 2017ra arte atzeratuz eta beti ere bertako langile prekarizatuenak, ez dozenteak, aintzat hartu gabe.
Hezkuntza Departamentuak negoziaziorako ezagutarazi duen azken zirriborroak, lan baldintzak okertzeaz gain, lau sindikatuek aurkeztutako gutxieneko neurrietatik bat bera ere ez du onartu. LABek bere aldetik, Itundutako Irakaskuntzan jartzen den  diruaren fiskalizazioa eta langileen kontratazioa publikoa eta gardena izateko neurriak eskatu dizkio Departamentuari. Zentzu honetan, aurreneko zirriborroan LOMCEren kopiaketa hutsa sartu bazuten, bigarrenean ezta hori ere, Mendozaren hitzetan “fidatzen” direla argudiatuz.
Halaber, asteartean, kuatripartitoarekin elkartu ondoren, langile hauen  egoera ez dutela ezagutzen eta bidegabekeria honekin bukatzeko inongo konpromisorik ez dutela hartuko ondorioztatu dute langileen ordezkariek. Hezkuntza Departamentuaren proposamen berri baten zain daudelarik, etorkizunean egon daitezkeen mobilizazioetan parte hartzeko deiarekin bukatu da elkarretaratzea.

Gehiago