Istilu larriak Iruñean Errepresioari Autodefentsa manifestazioan

Istilu oso larriak izan dira Errepresioari Autodefentsa dinamikaren manifestazioan parte hartzen ari ziren gazte eta Espainiako Poliziaren artean. Dirudienez, manifestazioa ez zen Gobernu Delegaritzari komunikatu, eta manifestazioa Gaztelu Plazan sartzen saiatu denean, istiluak hasi dira, eta ondoren Alde Zaharreko kale ezberdinetara zabaldu dira. Atxiloketak ere izan dira. EH Bilduk istiluak gaitzetsi ditu.

2017-ko martxoak 11

Manifestazioa arratsaldeko 18.30etan deitua bazen ere, beranduago hasi da. Hasieran bere aurpegia estaltzen zuten bi lagunek testu bat irakurri dute San Frantzisko plazan eta ondoren pankarta bat zabaldu dute aurpegia estalia zuten beste lagun batzuek. Manifestazioak Alde Zaharreko kale gutxi batzuk  zeharkatu ditu San Nikolas kalean Espainiako Poliziarekin topo egin duen arte. Orduan hasi dira istiluak. Gazte batzuek harriak bota eta Poliziak pilotekin erantzun du. Istiluak beste kale batzuetara zabaldu dira. Dirudienez, lau pertsona atxilotu ditu Poliziak

EH Bilduk “modu irmoan gaitzetsi” du gaur izandako istiluak. “Halako gertaerek gizartearen gehingoak aukeratutako bidea oztopatzea dute helburu, alegia, bakea, elkarbizitza eta normalizazio politikoa”, uste du EH Bilduk.

“EH Bilduk argi eta garbi berresten du bere konpromisoa bide demokratiko eta erabat baketsuekiko, herri subirano bat lortzeko bidean. Beraz, helburu politikoetarako indarkeriaren erabilpena guztiz gaitzesten dugu”, esan du komunikabideei igorritako ohar batean.

Sortu-k, Podemos-ek, ATA-k, Ernai-k eta Errepresioari Autodefentsa dinamikak erreakzio komunikatuak kaleratu dituzte.

Atxilotuei elkartasuna adierazteko kontzentrazioa bihar

Errepresioari Autodefentsa dinamikatik bihar igandea 12.00etan Nabarreria plazan kontzentrazio bat deitu dute gaur izandako atxiloketak salatzeko eta atxilotuei elkartasuna adierazteko.

Gehiago