Iruñerriko II. Mintzodromoa martxoaren 23an ospatuko da Autobus Geltoki Zaharrean

Iruñerriko AEK, Iruñerriko IKA, Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofiziala, Zubiarte euskaltegi Publikoa eta Iruñerriko Mintzakide egitasmoa berriz ere elkartu dira Iruñerriko II. Mintzodromoa antolatzeko. Bertan Iruñerriko euskaldunak, ikasleak eta euskaltzaleak elkartu nahi dituzte, harremana egin eta iritziak trukatzeko hainbat gairen inguruan, honen xede nagusia euskara kalera ateratzea eta honen erabileran aurrera-pausuak ematea izanik, gaur egindako aurkezpenean azaldu dutenez.

2023-ko otsailak 20

“Lehenengo edizioaren arrakasta ikusita, euskararen zurrumurru goxoan berriz elkarrekin egoteko eta aritzeko irrikan gaude. Bigarren edizio honetan, bestalde, Euskarabidearen laguntza ere izango dugu”, aipatu dute.

Esan bezala, Mintzodromoa hainbat gairen inguruan parte hartzaileen iritziak trukatzeko gunea da. Horretarako, antolatzaileek hiru gai proposatuko dituzte eta horien inguruan aritzeko gidoitxoa ere bai. Lau-bost laguneko taldeak eginen dira eta 15-20 minutuz gai baten inguruan aritu ondoren, tokia eta gaia aldatuko dituzte eta beste talde batean arituko dira, beste gai baten inguruan, beste 15-20 minutuz tar-tarrean. Hori egindakoan, berriz ere gaia eta mintzakideak aldatu eta gauza bera eginen dute. Oraingoan, Nafarroako euskalgintza eta euskal kulturaren hainbat kidek ere hartuko dute parte eta bukaeran zozketak izanen dira.

Ekitaldia Iruñeko Autobus Geltoki zaharreko nasetan eginen da, martxoaren 23an 17.30etan. Izena emateko, kartelean ageri den QR-an edo esteka honen bitartez egiten ahalko da, azken eguna martxoaren 17a izanik.

Gehiago