Iruñeko Udalaren gehiengo sindikalak ez du langileen osasuna mutua baten eskuetan utzi nahi
Iruñeko udal langileek 2015eko apirilaren 23an erreferendum bidez erabaki zuten euren lan-kontingentzien estaldura aldatzea eta Mutua Navarra-tik ateratzea eskatzea. Horrela, zerbitzu publikoen defentsan eta langilee osasuna errespetuarekin zaintzea erabaki zuten. Orain, Iruñeko Udalak erabaki du, SPPMEk eta AFAPNA-SPMPk osatutako gutxiengo sindikalak hala eskatuta, erreferendum bidez onartutako aldaketa horri muzin egitea. Mobilizazio bat antolatu dute ostegunerako.
2022-ko apirilak 26
Iruñeko udal langileok 2015eko apirilaren 23an erreferendum bidez erabaki genuen geure lan-kontingentzien estaldura aldatzea eta Mutua Navarra-tik ateratzea eskatzea. Horrela, zerbitzu publikoen defentsan eta gure osasuna errespetuarekin zaintzea erabaki genuen. Orain, ia aho batez harturiko erabaki hartatik zazpi urtera, Iruñeko Udalak erabaki du, SPPMEk eta AFAPNA-SPMPk osatutako gutxiengo sindikalak hala eskatuta, erreferendum bidez onartutako aldaketa horri muzin egitea.
Iruñeko Udalak lan-kontingentziaren estaldura sistema aldebakarrean aukeratzeko eskumena duen arren, Mutua-ra itzultzeko erabakiak duela 7 urte udal langileon borondatea gutxiesten du. Izan ere, langileei beste erreferendum bat egiteko aukera ez baitzaie emango. Hori ikusirik, Udalak, baita aldaketa eskatu duten 3 sindikatuek ere, agerian uzten dute zentzu demokratikorik eza.
SPPMEk eta AFAPNA-SPMPk ahaztu dute Mutua-ren aurkako kexa asko beraiek egiten zituztela; ahaztu dute berehalako arreta eta kalitatea ez direla sinonimoak; ahaztu dituzte gure patologiak lanbidetzat aitortzeko zailtasunak; ahaztu dituzte guztiz sendatu gabe behartutako altak. Laburbilduz, mutuek, elkarte pribatu diren neurrian, haien interesei baino ez diete erantzuten. Mutua-ren helburuak dira 35/2014 legeak arautzen dituenak: lehiakortasuna handitzea, aurrezpena, eta absentismoaren kontrola. Langileen osasuna zaintzea ez da inon aipatzen.
Mutua-ra itzultzeko, langileei galdetu gabe hartutako erabakiaren aurrean, LAB, CCOO eta ELA sindikatuok prozesu honen aurkako gure erabateko oposizioa erakutsi nahi dugu. Gainera, ez digute esan zenbat langilek eskatu duten aldaketa. Eta, hala ere, langile guztien osasuna Mutua baten eskutan geratuko da berriro.
Gure osasunari buruz erabakiak hartzeko eskubidea defendatzen dugulako; ez dugulako nahi interes ekonomikoa gure osasunaren gainetik egotea; Gure Osasun Sistema Publikoa perfektua ez dela badakigun arren, hobetzeko bidea ez delako baliabideak pribatura bideratzea, Mutua-k ahuldu egiten duelako interes ekonomikoa kontuan hartu gabe pertsona guztien arreta bermatzen duen sistema bakarra; pandemiak argi eta garbi utzi duelako Osasun Publikoa sendoa behar dugula; osasungintza publikoari esker, eta ez mutuei esker, aurrera atera garelako; Iruñeko Udaleko langileok zerbitzu publikoak defendatzen ditugulako; arrazoi asko ditugulako, LAB, CCOO eta ELA sindikatuok apirilaren 28an eguerdiko 12:30ean, Udaletxe Plazan egingo den kontzentraziora gonbidatzen zaituztegu (12:00etatik 14:00etara asanblada orduak eskatu dira).