Iruñeko Udalaren Euskararen Ordenantzari egindako alegazioak

2019ko otsailaren 19an argitaratu zen Iruñeko Udalaren eta haren sektore publiko instituzionalaren esparruan euskararen erabilpena eta sustapena arautzen dituen ordenantzaren hasiera bateko onespena. Gure taldeak 26 ohar edo alegazio aurkezten ditu gaur.

2019-ko martxoak 26

LEHENENGO ALEGAZIOA.

    5.2 artikuluari alegazioa.

    Lehenengo esaldia aldatzea, horrela uzteko:

    “Idatziz, Administrazioari euskaraz egitea hautatzen duten hiritarrei halaberean erantzunen zaie”.

    Arrazoia:

    Horixe da oraingo Ordenantzaren testua eta ongi dagoela iruditzen zaigu.

    Testu berria 103/2017 Foru Dekretuak erabili nahi du eta honek hauxe dio:

“13. artikulua. Herritarrekiko harremanak.

“1. Eremu mistoan izan eta zerbitzu zentraltzat hartzen ez diren administrazio publikoetako, erakunde publikoetako eta zuzenbide publikoko entitateetako zerbitzuetan, behar diren neurriak bultzatzen ahalko dira jakinarazpenak eta komunikazioak ele biz egiteko modua egon dadin. Hizkuntza bakarra erabiliz gero, gaztelania erabili beharko da.

Pertsona fisikoek edo juridikoek euskaraz hasitako espedienteei dagokienez, espediente horietatik eratorritako jakinarazpenak eta komunikazioak ele biz igorriko zaizkie interesdunei”.

    Foru Dekretuaren testu hori gaztelania euskararen aurretik jartzen du argi eta garbi. Ez dugu ontzat jotzen. Oraingo Ordenantzaren testua nahiago dugu.

    Oraingo Ordenantza udal autonomia erabilita onartu zen, Euskararen Legea garatuz (Legea eta arautegi exekutiboak muga bakarra izanik).

    Euskararen Legearen helburuetako bat hauxe da:

b) Euskararen berreskurapena eta garapena begiratzea Nafarroan, euskararen erabilera sustatzeko neurriak adieraziz.

    Eremu mistorako hauxe dio 18/1986 Euskararen Legea:

“III. KAPITULUA. Erabilera eremu mistoan

17. artikulua

Herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dute Nafarroako Administrazio Publikoei zuzentzeko.

Eskubide honen erabilera bermatzeko, aipatutako administrazioek honako hau egin dezakete:

a) Urteroko lanpostuen eskaintza publikoan zehaztea zein lanpostutarako izanen den nahitaezkoa euskaraz jakitea.

b) Gainerako lanpostuetara iristeko deialdietan euskara jakitea merezimendu moduan baloratzea”.

    Arautegi exekutiboek aurretik lege bat behar dute, hura garatu edo osatzeko.

    Legeak ez dio ezer eremu mistoko Administrazioen erantzunei buruz. Beraz, 103/2017 Foru Dekretuak puntu horretan ez du ezer garatzen ezta osatzen ere.

    Euskararen Legea osatzen ari dela ulertuko balitz, legearen aurkakoa izanen litzateke, legearen helburuari begira egin beharko bailuke: Euskararen berreskurapena eta garapena begiratzea Nafarroan, euskararen erabilera sustatzeko neurriak adieraziz.

Beraz, Iruñeko Udalak oraingo Ordenantzaren testua mantendu eta defendatu behar du eta ez Foru Dekretu horretara makurtu.
________________________________________________________________________

    BIGARREN ALEGAZIOA.

    7.b) artikuluari alegazioa.

    Hurrengo esaldia gehitzea:

    “Kanpainei dagokienez, prozesuaren hasieratik modu elebidunean diseinatuko dira”.

    Arrazoia:

    Esaldi hori Ordenantza berriaren proiektuan zegoen. Osoko Bilkuran kentzea erabaki zen, PSN-PSOEren zuzenketa bat onartuta.

    Gure ustez, esaldi hori mantentzea egokiagoa da. Hala ez egiteagatik, kanpainen euskarazko bertsioek batzuetan akats nabarmenak dituzte.
________________________________________________________________________

    HIRUGARREN ALEGAZIOA.

    13. artikuluari alegazioa.

    “3. puntua gehitzea:

    Aurrekoa betetzeko irizpide nagusia hauxe izanen da: Musika Eskolako irakasleak eta Haur Eskoletako zuzendariak eta hezitzaileak kontuan izan gabe, Plantilla Organikoetako lanpostuen % 23’9an, gutxienez, euskarazko hizkuntz profila ezartzea.

Iruñeko Udala saiatuko da 2020ko Plantilla Organikoan irizpide hau ezartzen. Aski denborarik ez balu, 2021eko Plantilla Organikoan nahitanahiez beteko luke irizpide hau”.

    Arrazoia:

    Nafarroako Gobernuaren azken Inkesta Soziolinguistikoan, Iruñeari dagozkion datuak hauexek dira: Biztanleen % 10’5 euskalduna da eta % 11’4 euskaldun hartzailea (euskara ulertzen duena, ongi hitz egiteko gai izan gabe). 16 urtez beherakoen artean % 25’1 dira euskaldunak eta % 11’9 euskaldun hartzaileak. Joera nondik nora doan adierazten du honek.

    Gure ustez, kalkulu honen arabera ezarri beharko lirateke euskarazko hizkuntz profileko lanpostuak: Gutxienez, Iruñeko euskaldunen portzentajea + Iruñeko euskaldun pasiboen portzentajea + % 2 (beraz, % 23’9). Eusko Jaurlaritzak sistema hau erabiltzen omen du, kopurua erabakitzeko.

    Irakasleek eta hezitzaileek funtzio bereziak dituzte. Horrexegatik, postu horietarako kalkulua beste modu batez egin behar dela pentsatzen dugu.
________________________________________________________________________

    LAUGARREN ALEGAZIOA.

    16. artikuluari alegazioa.

    “16.2. puntua aldatzea, horrela uzteko:

    “Hizkuntza-eskakizunak aplikatzeko irizpideak Ordenantza honek udal langileentzat adierazitako berberak izanen dira, 13.2 eta 13.3 artikuluetan ezarritakoarekin bat (jendeari aurrez aurre arreta emateko lanpostuak eta, aurrez aurrekoak izan gabe, herritar euskaldunei arreta emateari lotuta dauden lanpostuak)”.

    Arrazoia:

    13.3 puntua gehitzea onartzen bada, artikulu honetan aipatzea beharrezkoa da.
________________________________________________________________________

    BOSGARREN ALEGAZIOA.

    25. artikuluari alegazioa.

    “Bigarren eta hirugaren pasarteak gehitzea:

    Horrexegatik, zuzendari eta hezitzaile lanpostu guztiek euskarazko hizkuntz profila izanen dute.

Iruñeko Udalak plangintza eginen du euskarazko eskaintza Iruñeko auzo guztietan zabaltzeko”.

    Arrazoia:

    Hizkuntz eredua aukeratzeko familien hautu askea bermatzeko modu bakarra da. Beharrezkoa da Haur Eskoletako langileek Iruñeko bi hizkuntzak jakitea (euskara eta gaztelania). Bietako bat ez badakite, eta kontuan izanik lanean 35 urte eman ditzaketela, horrek guztiz baldintzatzen du gurasoen hautu askea. Ezin da aukeratu hizkuntz eredu bat langileak prestatuta ez badaude. Langile guztiek prestatuta egon behar dute gaztelaniazko eta euskarazko ereduetan aritzeko. Bestela, guztiz irreala da aukeratu ahal izatea.

    Langile finkoen eskubideak errespetatu behar dira, baina lan deialdiren bat egin behar den bakoitzean, baldintza hori kontuan hartuta egin beharko litzateke.

    Auzo guztietan euskarazko eskaintza zabaltzea beharrezkoa da gurasoen hautu askea bermatzeko.
________________________________________________________________________

    SEIGARREN ALEGAZIOA.

    26. artikuluari alegazioa.

    “3. puntua gehitzea:

    Lehenengo puntuan aipatutako bitartekoek hauxe izanen dute oinarritzat: Irakasle lanpostu guztiek euskarazko hizkuntz profila izanen dute”.

    Arrazoia:

    Hizkuntz eredua aukeratzeko gurasoen edo ikasleen hautu askea bermatzeko modu bakarra da. Beharrezkoa da Musika Eskolako irakasleek Iruñeko bi hizkuntzak jakitea (euskara eta gaztelania). Bietako bat ez badakite, eta kontuan izanik lanean 35 urte eman ditzaketela, horrek guztiz baldintzatzen du gurasoen edo ikasleen hautu askea. Ezin da aukeratu hizkuntz eredu bat langileak prestatuta ez badaude. Langile guztiek prestatuta egon behar dute gaztelaniazko eta euskarazko ereduetan aritzeko. Bestela, guztiz irreala da aukeratu ahal izatea.

    Langile finkoen eskubideak errespetatu behar dira, baina lan deialdiren bat egin behar den bakoitzean, baldintza hori kontuan hartuta egin beharko litzateke.

    Nafarroako Gobernuak orain dela gutxi Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuko Musikako eta Arte Eszenikoetako katedradunen kidegoan sartzeko hautapen prozeduraren deialdia egin du (2019ko otsailaren 13an Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua). Hauxe dio deialdiak:

“2.3. Espainiako nazionalitatea ez duten pertsonentzako berariazko baldintzak:

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek, gainera, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Beren estatuko funtzio publikoan sartzea debekatzen dien diziplina-zehapenik edo zigor penalik ez dutela egiaztatzea.

b) Gaztelaniaz behar bezala moldatzen direla egiaztatzea, bide hauetako bat erabiliz:

–Gaztelaniaren Goi Mailako Diploma izatea, zeina Gaztelania Atzerriko Hizkuntza gisa Goi Mailako Diplomaren baliokidea baita (urriaren 31ko 1137/2002 Errege Dekretuak ezarritakoa), edo, bestela, Gaztelaniaren C1 mailako diploma, Hizkuntza Eskola Ofizialek atzerritarrentzat ematen duten Gaztelaniaren Gaitasun Agiria edo Filologia Hispaniko edo Erromanikoan lizentziadun edo gradudun titulua.

–Gaztelaniaz badakitela frogatzeko proba bat gainditzea. Proba horretan idazlan bat egin beharko da gaztelaniaz, gutxienez berrehun hitzekoa, eta elkarrizketa bat epaimahaikoekin. Proba horretan, “Gai” edo “Ez gai” kalifikazioa emanen da. “Ez gai” kalifikazioa lortzen duten izangaiak eta proba egitera aurkezten ez direnak hautapen prozeduratik baztertuko dira, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren ebazpen baten bidez.

Gaztelania hizkuntza ofiziala duen herrialde bateko nazionalitatea dutenak gaztelaniaz badakitela egiaztatzetik salbuetsita egonen dira, baita Espainian unibertsitate-tituluren bat lortu dutenak ere”.

    Jakina, Nafarroako Gobernuak nahi duena da jende hori prestatuta egotea irakaskuntza gaztelaniaz egiteko. Motz geratu da hizkuntza kontuetan. Baina ikasgaia hauxe da: Iruñeko Udalak Musika Eskolako ikasgaiak gaztelaniaz eta euskaraz eman nahi baditu, ziurtatu beharko du kontratatzen duen jendeak bi hizkuntzak dakizkiela.
________________________________________________________________________

    17.1 ARTIKULUARI ALEGAZIOAK.

    Arrazoia:

    Euskara meritu moduan puntuatzeko arauketa honen guztiz aurka gaude.

    Gure jarrera ulertzeko lehenengo aztertu behar da Iruñeko Udalaren jarduera lan deialdietan, azkeneko lau urteetan.

    Modu oso nabarmenean, aise lan deialdien erditik nahiko gora, euskara ez du puntuatu.

    Puntuatu duenean askotan % 10 inguru puntuatu du. Kasu horietan lan deialdiek diseinu akatsak izan dituzte. Nabarmena eta errepikatuena (halako ia deialdi guztietan), hauxe izan da: Kanpoko zerrendak osatzeko ziren eta, aldi berean, barneko zerrendak osatzeko deialdia egiten zen euskara puntuatu gabe eta barneko zerrenda horiek lehentasuna izan dute kanpoko zerrenden aurrean.

    Egoera hori izanik, Euskararen Ordenantza berriak zer konpondu nahi du?

    Euskara puntuatu gabe deialdiak ateratzeko modu hori konpondu nahi du? Ez. Testu horrekin hori ez da konpontzen.

    Euskara % 10 inguru puntuatu duten deialdietan izandako diseinu akatsak konpondu nahi ditu? Ez. Testu horrek ez du hori ukitzen.

    Euskara zenbait deialditan % 10 puntuatzea batzuei sortzen dien ezinegona konpondu nahi du testu horrek? Bai, horixe da testu horren helburua.

    Jarraian doan txostentxoak hori azaltzen du:
________________________________________________________________________

LAN DEIALDIETAN, EUSKARAREN ORDENANTZA BERRIAREN ERAGINA

Iruñeko Udalak behin-behinean Euskararen Ordenantza onartu zuen 2019ko otsailaren 7an. Oraindik ez da indarrean sartu. Behin-betiko onespena eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean ateratzea falta dira.

Hurrengo egunean, ostiralean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean atera zen Iruñeko Udalaren lan deialdi bat:

http://www.navarra.es/home_eu/Actualidad/BON/Boletines/2019/27/Anuncio-20/

Nafarroako Aldizkari Ofizialean Iruñeko Udalaren web orrira bidaltzen du, oinarriak ikusteko. Behean, oinarriak, euskaraz eta gaztelaniaz:

https://sedeelectronica.pamplona.es/VerDocumento/VerDocumento.aspx?IDdoc=1418081
           https://sedeelectronica.pamplona.es/VerDocumento/VerDocumento.aspx?IDdoc=1418072

Deialdi hau oso egokia da lan deialdietan Euskararen Ordenantza berriaren eraginaz ohartzeko.

Botikarien (edo farmazialarien) zerrendak egiteko deialdia da.

Oposizio-lehiaketa da, kanpoko zerrenda osatzeko. Oposizioa da barneko zerrenda osatzeko (hau da, Iruñeko Udaleko langileekin zerrenda osatzeko). Barneko zerrendak lehentasuna dauka kanpoko jendeak osatutakoaren aurrean.

Euskarazko oinarriak eta gaztelaniazko oinarriak ez datoz bat. Zeinek dauka lehentasuna? Hori araututa ez badago ere, suposatzen da gaztelaniazko oinarriek dutela benetako balioa. Normalean, euskarazko testua itzulpena da. Gainera, Iruñean gaztelania ofiziala da eta euskara ez.

OINARRIEN GAZTELANIAZKO BERTSIOA.

Euskararen oraingo Ordenantzarekin.

Oposizioan bi froga dira: Teorikoa (30 puntu) eta teoriko-praktikoa (60 puntu). Lehiaketa: Merituak. Euskaraz jakitea da puntuatzen den meritu bakarra: 10 puntu (% 10).

Euskararen Legearen arabera, Udalak erabaki dezake euskara puntuatzea. Oztoporik ez.

Euskararen Dekretuaren arabera, Udalak erabaki dezake euskara puntuatzea, bere irizpideen arabera. Erreferentzia batzuk ematen ditu Dekretuak, baina ez dira derrigorrezkoak. Gehiago puntua daiteke eta gutxiago ere bai. Alde horretatik, momentuz erreferentzia horiek Udalak hartu ez dituenez, deialdiak ez du oztoporik.

Euskararen Ordenantzaren arabera, deialdi bakoitzean erabakiko da euskararen puntuazioa. Oztoporik ez.

Ondorioa: Ostiralean onartutako deialdia, euskararen puntuazioaren aldetik bederen, erabat legala da.

Euskararen Ordenantza berriarekin.

Euskararen Ordenantza berriaren arabera, Euskararen Dekretuko erreferentzia horiek erabiliko dira.

Ondorioa: Euskararen puntuazioa gainontzeko merituen % 7 izan behar du; gainontzeko merituen puntuak 0 direnez, % 7 da zero. Deialdia atzeratu izan balitz eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean ateratzean Ordenantza berria ordurako indarrean, UPN edo Afapnaren errekurtso baten bidez, euskararen puntuazioa deuseztatuko litzateke.

OINARRIEN EUSKARAZKO BERTSIOA.

Euskararen oraingo Ordenantzarekin.

Oposizioan bi froga dira: Teorikoa (30 puntu) eta teoriko-praktikoa (60 puntu). Lehiaketa: Merituak. Ingelesaz jakitea da puntuatzen den meritu bakarra: 10 puntu.

Euskararen Legearen arabera, Udalak erabaki dezake euskara ez puntuatzea. Oztoporik ez.

Euskararen Dekretuaren arabera, Udalak erabaki dezake euskara puntuatzea, bere irizpideen arabera. Erreferentzia batzuk ematen ditu Dekretuak, baina ez dira derrigorrezkoak. Gehiago puntua daiteke eta gutxiago ere bai. Alde horretatik, momentuz erreferentzia horiek Udalak hartu ez dituenez, deialdiak ez du oztoporik.

Euskararen Ordenantzaren arabera, deialdi bakoitzean erabakiko da euskararen puntuazioa. Baina baita ere hau ezartzen du: Atzerriko hizkuntzak baino % 25 gehiago puntuako da euskara. Beraz, euskarazko testuarekin, deialdia ilegala da.

Ondorioa: Errekurtso batekin lor daiteke euskara puntuatzea (ingelesa baino % 25 gehiago). Beraz, euskarari 12’5 puntu ematea lor daiteke.

Euskararen Ordenantza berriarekin.

Euskararen Ordenantza berriaren arabera, Euskararen Dekretuko erreferentzia horiek erabiliko dira. Baina baita ere hau ezartzen du: Atzerriko hizkuntzak baino % 25 gehiago puntuako da euskara. Beraz, alde batetik, ingelesaren 10 puntuen % 7 puntuatu behar du (0’7 puntu), eta bestetik, ingelesaren puntuazioa baino % 25 gehiago (12’5 puntu).

Ondorioa: Bi baldintza betetzea ia ezinezkoa denez (agian meritu pila bat sartuz batera daitezke, baina deialdia erabat desitxuratuz), Udalak errekurtso baten aurrean ingelesaren puntuazioa kentzea beste irtenbiderik ez luke izanen.

OINARRIEN BALIZKO BERTSIOA.

Euskararen oraingo Ordenantzarekin.

Hau balizko kasua da.

Oposizioan bi froga dira: Teorikoa (30 puntu) eta teoriko-praktikoa (60 puntu). Lehiaketa: Merituak. Lan horretan duen esperientzia da puntuatzen den meritu bakarra: 10 puntu.

Euskararen Legearen arabera, Udalak erabaki dezake euskara ez puntuatzea. Oztoporik ez.

Euskararen Dekretuaren arabera, Udalak erabaki dezake euskara puntuatzea, bere irizpideen arabera. Erreferentzia batzuk ematen ditu Dekretuak, baina ez dira derrigorrezkoak. Gehiago puntua daiteke eta gutxiago ere bai. Alde horretatik, momentuz erreferentzia horiek Udalak hartu ez dituenez, deialdiak ez du oztoporik.

Euskararen Ordenantzaren arabera, deialdi bakoitzean erabakiko da euskararen puntuazioa. Oztoporik ez.

Ondorioa: Balizko deialdi hori, euskararen ez puntuazioaren aldetik bederen, erabat legala da.

Euskararen Ordenantza berriarekin.

Euskararen Legearen arabera, Udalak erabaki dezake euskara ez puntuatzea. Oztoporik ez.

Euskararen Ordenantza berriaren arabera, Euskararen Dekretuko erreferentziak erabiliko dira. Beraz, gainontzeko merituen puntuen % 7rekin puntuatu beharko litzateke euskara. Errekurtso bat aurkeztuz gero, gainontzeko merituen % 7rekin euskara puntuatzea lortuko litzateke. Hau da, 0’7 puntu.

Ondorioa: Errekurtso batekin lor daiteke euskara puntuatzea (esperientziako puntuen % 7; hau da, 0’7 puntu).

ONDORIO OROKORRA.

Beraz, Ordenantza berriarekin, euskara % 10 puntuatzea galtzen da eta % 0’7 irabaz daiteke euskararik gabeko oposizio-lehiaketa (eta ez oposizioa) egin nahi bada (%1’4 merituak % 20 badira eta % 2’1 merituak % 30 badira).

Lau alderdien koalizioa boterera iritsi zenetik, deialdi pilo batean euskara ez da puntuatu. Ordenantza berriarekin hori ez da konponduko.

Euskararen puntuazioa % 10 izan duten deialdiak ere izan dira eta ez dira gutxi izan, nahiz eta askotan diseinu akatsak eduki (deialdi horien % 90ean euskara puntuatu gabeko lehentasunezko barneko zerrendak ere bideratu dituzte; kasu batzuetan ingelesa puntuatu da eta ingelesa zekitenekiko abantaila soilik % 2koa zen). Dena den, % 10arekin euskara puntuatzeak kexak eragin ditu: Oposizioaren aldetik batez ere. Ordenantza berriarekin horrelako puntuazioak moztu nahi dira eta, hain zuzen ere, moztu eginen da hori.
________________________________________________________________________

    Ordenantza berriak aukeratutako eredua Nafarroako Gobernuan erabiltzen dena da.

    Horrela funtzionatu du eredu horrek:

    Nafarroako Gobernuak 4 urte hauetan 73 lan deialditan ez du euskara puntuatu.

    Osasunbidean soilik puntuatu du. Zergatik? Osasunbidean aspalditik oposizio-lehiaketa erabiltzen delako. Aurreko Gobernuek finkatu zituzten Osasunbidearen oinarriak (baita ere euskararen puntuazioa). Horrexegatik eta soilik horrexegatik puntuatu du oraingo Gobernuak euskara Osasunbidean. Aurreko Gobernuek ez zuten puntuatzen gainontzeko arloetan eta oraingo Gobernuak ez ditu puntuatu gainontzeko arloetan.

    103/2017 Foru Dekretuarekin Osasunbidean zerbait igo da euskararen balorazioa. Eremu mistoan lehen zen baremoko gainontzeko merituen % 3 eta orain baremoko gainontzeko merituak % 7. Hori da aldatu dena.

    Osasunbidea arlo bat besterik ez da. Lau urteetan 14 deialdi besterik ez du izan.

    Hori da Nafarroako Gobernuaren eredua.

    Nafarroako Gobernuaren Dekretuaren testu horrekin, Euskararen Ordenantza berriak bere egin nahi duen testu horrekin, euskararen puntuazioaren portzentaia, deialdiko puntu guztien aldean, hauxe da: Baremoa % 40 denean, % 2’8; baremos % 30 denean, % 2’1; baremoa % 20 denean, % 1’4; baremoa % 10 denean (Iruñeko Udalak gehien erabiltzen duen baremoa), % 0’7.

    Puntuazio hori irrigarri iruditzen zaigu.
________________________________________________________________________

    ZAZPIGARREN ALEGAZIOA.

    “17.1 puntua aldatzea, horrela uzteko:

“Herritarrekin harreman zuzena ez duten lanpostuetan euskararen balorazioa % 5 izanen da deialdiko puntu guztien gainean (lehiaketa gehi oposizioa), eta harreman zuzena duten lanpostuetan eta Iruñeko Udalak estrategikotzat jotzen dituen lanpostuetan euskararen balorazioa % 10 izanen da”.

    Helburua: Antsoaingo Udaleko Euskararen Ordenantza eredu moduan hartzea. Kasu honetan, hobetu egiten da eredu hori, Iruñeko Udalak estrategikotzat jotzen dituen lanpostuetan ere euskararen balorazioa % 10 izanen dela gehituta. Arrazoia: Orain arte Iruñeko Udalak izan duen praktika babestea. Hau da, atzera ez egitea.
________________________________________________________________________

    ZORTZIGARREN ALEGAZIOA.

    Zazpigarren alegazioa onartzen ez bada, alegazio hau aurkezten dugu:

    “17.1 puntua aldatzea, horrela uzteko:

“Herritarrekin harreman zuzena ez duten lanpostuetan euskararen balorazioa % 5 izanen da deialdiako puntu guztien gainean (lehiaketa gehi oposizioa), eta harreman zuzena duten lanpostuetan euskararen balorazioa % 10 izanen da”.

    Helburua: Antsoaingo Udaleko Euskararen Ordenantza eredu moduan hartzea.
________________________________________________________________________

    BEDERATZIGARREN ALEGAZIOA.

    Zazpigarren eta zortzigarren alegazioak onartzen ez badira, alegazio hau aurkezten dugu:

    “17.1 puntua aldatzea, horrela uzteko:

“Funtzio publikoan sartzeko Udalak burutuko dituen deialdietan, eta Ordenantza honen 13. artikulua aplikatu behar ez baldin bada, euskaraz jakitea % 5 baloratuko da A eta B mailetan, eta balorazioa aukerakoa izanen da gainerakoetan”

Helburua: 1.997ko urriaren 10eko Ordenantzaren espiritura itzultzea. Behin eta berriz aipatu dute Iruñeko Udaleko agintariek Ordenantza berriaren espiritua hori dela. Ba. har dezatela espiritu hori behar bezala.

Zehazki, 1997ko urriaren 10eko Ordenantzak hauxe zioen:

“Funtzio publikoan sartzeko Udalak burutuko dituen deialdietan, eta Ordenantza honen 13. artikulua aplikatu behar ez baldin bada, euskaraz jakitea baloratuko da A eta B mailetan, eta balorazioa aukerakoa izanen da gainerakoetan. Balorazio hau lotuko zaio Nafarroako Administrazio Publikoetan euskararen erabilera arautzen duen uztailaren 4ko 135/1994 Foru Dekretuaren 23. artikuluak ezarritakoari”.

    135/1994 Foru Dekretuaren 23. artikuluak euskararen % 5eko puntuazioa ezartzen zuen eremu mistoan, euskara puntuatu nahi izanez gero.

    Dekretu hori indarrean ez dagoenez, hitzez-hitzezko kopiaketa baino hobe da 23. artikulu horren testua zuzenean txertatzea.
________________________________________________________________________

    HAMARGARREN ALEGAZIOA.

    Zazpigarren, zortzigarren eta bederatzigarren alegazioak onartzen ez badira, alegazio hau aurkezten dugu:

    “17.1 puntua aldatzea, horrela uzteko:

“Gutxienez 103/2017 Foru Dekretuko 31. artikuluak arautzen duen moduan izanen da euskaren balorazioa lan deialdietan”.

    Helburua: Iruñeko Udalak lan deialdietan euskara baloratu duenean izandako jokabidea jarraitu ahal izatea eta, gainera, oposizio-lehiketetan euskara puntuatzea bermatzea, Foru Dekretu horrek ezartzen duen modu urri horretan bada ere.
________________________________________________________________________

    HAMAIKAGARREN ALEGAZIOA.

    Zazpigarren, zortzigarren, bederatzigarren eta hamargarren alegazioak onartzen ez badira, alegazio hau aurkezten dugu:

    “17.1 puntua aldatzea, horrela uzteko:

“Langileak hartzeko Udalak egiten dituen deialdietan, eta Ordenantza honen 13. artikulua aplikatu behar ez baldin bada, euskaraz jakitea merezimendu gisa baloratzen ahalko da eta balorazioa aukerakoa izanen da”.

Helburua: Oraingo Euskararen Ordenantzaren testua mantentzea. Ordenantza berriak proposatzen duena baino hobea iruditzen zaigu. Badakigu legegintzaldi honetan testu honek eman duena eta oparoagoa da testu berriak emanen duena baino.
________________________________________________________________________

    HAMABIGAGARREN ALEGAZIOA.

    Zazpigarren, zortzigarren, bederatzigarren, hamargarren eta hamaikagarren alegazioak onartzen ez badira, alegazio hau aurkezten dugu:

    “17.1 puntua aldatzea, horrela uzteko:

“Langileak hartzeko Udalak egiten dituen deialdietan, eta Ordenantza honen 13. artikulua aplikatu behar ez baldin bada, euskaraz jakitea merezimendu gisa baloratzen ahalko da, aldez aurretik horren arrazoia ematen duen txostena eginda, legalitateak ezarritakoaren arabera”.

Helburua: PSN-PSOEk egindako 10. zuzenketa onartzea. Beraz, gaztelaniaz, zehatz-mehatz, horrela izanen litzateke testua: “En las convocatorias de ingreso en la función pública que el Ayuntameinto realice sin que sea de aplicación el artículo 13 de esta Ordenanza, el conocimiento del euskera podrá ser valorado, previo informe justificativo, conforme a lo legalmente dispuesto”.

    Hobe iruditzen zaigu testu hau Ordenantza berriak proposatzen duena baino. Testu honekin oraingo praktikarekin segi daiteke. Baldintza bakarra da deialdi bakoitzaren aurretik euskararen puntuazioa arrazoitzen duen txostena egitea.
________________________________________________________________________

    HAMAHIRUGAGARREN ALEGAZIOA.

    Zazpigarren, zortzigarren, bederatzigarren, hamargarren, hamaikagarren eta hamabigarren alegazioak onartzen ez badira, alegazio hau aurkezten dugu:

    “Gobernu taldeak Euskararen Ordenantza aldatzeko proiektu berria erretiratzen du eta oraingo Euskararen Ordenantzaren testua indarrean mantentzea konprometitzen da. Oraingo Ordenantzak beharko dituen balizko gaurkotzeak, edozein kasutan, modu elkarrizketatuan eta kontsentsuatuan landuko dira”.

Helburua: PSN-PSOEk egindako lehenengo zuzenketa onartzea. Beraz, gaztelaniaz, zehatz-mehatz, horrela izanen litzateke testua: “El equipo de gobierno retira el nuevo proyecto de reforma de la Ordenanza del Euskera. Las posibles actualizaciones que la actual Ordenanza precise se elaborarán, en todo caso, de manera diálogada y consensuada”.

    Euskararen Ordenantza honen lorpenik esanguratsuena dena elebidun egiteko borondatea da. Euskara meritu moduan horrela araututa, garbi geratzen da langile elebidunik ez direla nahi. Ordenantza osoak galtzen du sinesgarritasuna. Langile elebidunik gabe Euskararen Ordenantza ez betetzera kondenatuta dago. Aurrera egitea ez du merezi.
________________________________________________________________________

    HAMALAUGARREN ALEGAZIOA.

    Hala ere, baliteke Ordenantza bertan behera ez geratzea.

    17.4 artikulua gehitzea.

    “Euskaraz jakitea puntuatzen denean, berdin-berdin puntuatuko da Iruñeko Udaleko kanpoko jendearekin osatzeko zerrendetarako eta Iruñeko Udaleko langileekin osatzeko zerrendetarako”.

Helburua: Iruñeko Udalaren praktika hori (kanpoko zerrendarako puntuatzea eta barneko zerrendarako ez) berriz ez egitea.

    Udalak lanpostu batean euskaraz jakitea beharrezkoa ikusten badu, beharrezkoa izanen da kanpoko jendearentzat eta barneko jendearentzat. Udalak lanpostu batean euskaraz jakitea komenigarria ikusten badu (horrexegatik puntuatzen du), komenigarria izanen da kanpoko jendearentzat eta barneko jendearentzat, neurri berean.
________________________________________________________________________

    HAMABOSGARREN ALEGAZIOA.

    17.5 artikulua gehitzea.

    “Euskaraz jakitea puntuatzen denean, atal berezi batean eginen da. Beraz, gainontzeko frogekin eta merituekin lortzen diren puntuek deialdian duten portzentaia eta euskararen puntuazioaren portzentaia batuta % 100 izanen da”.

Helburua: Iruñeko Udalaren praktika hori berriz ez egitea. Ez da hori hain ohikoa izan, baina zenbaitetan gertatu da. Hau da, atal berean euskara eta ingelesa puntuatu dira (10 eta 8 puntu) eta atalaren muga 10 puntukoa izan da. Horrek eragin du euskara dakien jendeari ingelesaren ezagutza ez zaiola puntuatzen eta ingelesa bakarrik puntuatzen zaio euskara ez dakienari. Gehitutako pasarte honekin, hori galarazten da. Euskarak atal berezia izanen luke. Berriz egitekotan ilegala izanen litzateke, euskaraz jakin gabe puntuen % 98 lortzerik legokeelako eta euskararen puntuazioa batuta % 108 izanen litzateke eta ez % 100.

    Oharra: Nafarroako Arartekoak zenbait Udali eta Osasunbideari gomendioa eman die dagoeneko praktika oker hori ez egiteko.
________________________________________________________________________

    HAMASEIGARREN ALEGAZIOA.

    17.6 artikulua gehitzea.

    “Euskaraz jakitea puntuatzen denean, aurretik egindako proba guztietan puntuen erdiak lortutakoek aurrera eginen dute, inor kanporatu gabe, euskararekin lor daitezkeen puntuak lortzerik izan dezaten”

Helburua: Iruñeko Udalaren praktika hori berriz ez egitea.

    Iruñeko Udalak euskara puntuatzen duenean gogo txarrez egiten duela ematen du. Horrexegatik, ez dio aurreko probak gainditu dituen jende guztiari igarotzen uzten euskararen meritua baloratzeko fasera. Askotan lehenengo 15ak igarotzen dira edo lehenengo 25ak, nahiz eta komeni dena zerrenda jende askorekin betetzea den, badaezpada ere. Baina euskararen puntuazioaren eragina murrizteko gogoak erabaki ilogiko horretara eramaten du.

    Gaizki jokatzen duenari kontrola ezarri behar zaio. Iruñeko Udalak praktika horrekin gaizki jokatu du. Beharrezkoa da, beraz, arau hau ezartzea, hori mozteko.
________________________________________________________________________

    HAMAZAZPIGARREN ALEGAZIOA.

    17.7 artikulua gehitzea.

    “Lan deialdi guztietan oinarrien eduki osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Hau da, Iruñeko Udaleko web orrian argitaratzeaz gain, Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere agertuko da lan deialdi guztietan oinarrien eduki osoa”.

Arrazoia:

    Legegintzaldi honetan (ez baita beti horrela izan), Nafarroako Aldizkari Ofizialean agertzen da Iruñeko Udalak lan deialdi bat atera duela eta oinarriak Iruñeko Udalaren webgunean daudela.

    Horrek lan gehiago ematen die interesatuei deialdiaren baldintzak jakin ahal izateko. Iruñeko Udalaren web orriak memorian azkeneko lan deialdiak gordetzen ditu. Aurrekoak aurkitzerik ez dago. Horrek ezinezkoa egiten du Iruñeko Udalaren lan deialdien kontrola egitea eta euskararen puntuazioa zein izan den jakitea. Praktika txarra da.

    Nafarroako Aldizkari Ofizialean oinarriak agertuz gero, askoz errazagoa da edozein deialdiren edukia aurkitzea, nahiz eta aspaldikoa izan. Beraz, egindakoaren kontrola askoz errazagoa da.

    Gardentasunean irabaziko luke Iruñeko Udalak, horrela jokatuta.
________________________________________________________________________

    HEMEZORTZIGARREN ALEGAZIOA.

    17.8 artikulua gehitzea.

    “Lan deialdietan euskarazko lanpostuetarako euskarazko titulua eskatuz gero, argi eta garbi agertuko da zeintzuk diren euskarazko lanpostu horiek, lanpostu horien zenbakiak oso garbi adierazita. Lanpostu horien zenbakia adierazterik ez badago, benetan horrelako euskarazko lanposturik ez dagoelako, lan deialdietan horrelako eskakizunik ez da jarriko”.

Arrazoia:

    Orain arte, Plantilla Organikoan euskarazko hizkuntz profileko lanpostuen kopurua eskasa baino eskasagoa izan da (% 3 inguru). Hala ere, Iruñeko Udalak lan deialdi guztietan horrelako eskakizuna sartzen du. Horrela, euskarazko hizkuntz profilen gabezia mozorrotu nahi duela ematen du. Existizen ez den errealitatea agertarazi nahi du. Hau da, euskarazko hizkuntz profileko lanpostuak asko balira bezala jokatzen du, esaldi horren bidez hala balitz bezala jokatzen baitu.

    Itxurak egitea ez dugu gustoko. Esaldi hori jartzen bada, euskarazko lanpostuen zenbakiak ager daitezela! Ez bada euskarazko lanposturik, ez dadila jarri! Itxurakeriarik ez.

    Gardentasunean irabaziko luke Iruñeko Udalak, horrela jokatuta.
________________________________________________________________________

    HEMERETZIGARREN ALEGAZIOA.

    17.9 artikulua gehitzea.

    “Lan deialdietan, euskara puntuatzen bada, euskararen puntuazioa zehatz-mehatz adieraziko da. Ez dira erabiliko honelako esaldiak: Euskararen puntuazioa legearen arabera eginen da, euskararen puntuazioa Foru Dekretuaren arabera edo euskararen puntuazioa Euskararen Ordenantzaren arabera eginen da”.

Arrazoia:

    2018ko azaroaren 22an argitaratu zuen Iruñeko Udalak deialdi hau: Deialdia, lehiaketa eta berariazko lehiaketa bidez betetzeko Iruñeko Udaltzaingoaren 22 udaltzain plaza, 15 kabo plaza eta 8 inspektoreorde plaza.

Deialdi honetan, euskararen balorazioa ezin da jakin, testua oso iluna delako.

    Deialdi horren oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean agertu ziren (kasu bakarra edo ia bakarra legegintzadi osoan). Horri esker, deialdi horren kontrola oraindik egiterik badago. Iruñeko Udaleko webgunetik ziur aski desagertuta dago (ez badago desagertuta, laster desagertuko da). Beheko loturan agertzen dira oinarriak:

    “http://www.navarra.es/home_eu/Actualidad/BON/Boletines/2018/226/Anuncio-9/”

    Berariazko lehiaketan, 6.1.d) puntuak honela dio:

    “Hizkuntzak: Gehienez ere 10’50 puntu.

    Balorazio berbera emanen zaie Europar Batasuneko hizkuntza ofizial hauen ezagutzari: Frantsesa, ingelesa, alemana eta italiera. Euskara haren erabilera eta sustapena arautzeko indarreko araudiaren arabera baloratuko da”.

    Lehiaketan, 6.2 puntuak honela dio:

    “Balorazio-sistema berariazko lehiaketa-prozeduran xedatutakoaren arabera eginen da, hizkuntzen kasuan izan ezik, non balorazio berbera emanen zaion Europar Batasuneko hizkuntza ofizial hauen ezagutzari: Frantsesa, ingelesa, alemana eta italiera. Euskara haren erabilera eta sustapena arautzeko indarreko araudiaren arabera baloratuko da”.

Deialdi honetan segurtasun juridikoa erabat urratu zen. Bost hizkunza puntuatzekoak ziren, baina zenbat punturekin ez zuen jartzen.

    Nafarroako Arartekoan jarritako kexan horrela argudiatu zen:

    “Badakigu Euskararen Ordenantzaren arabera euskara Europa Batasuneko hizkuntzak baino % 25 gehiago puntuatu behar duela, baina ezinezkoa da kalkulua egitea Europar Batasuneko hizkuntzen puntuazioa ez baita ageri.

    Egoki baloratuko al da euskara? Adibidez, Europar Batasuneko hizkuntza bakoitzari 5 puntu emana, eta atalak duen 10’50 puntuko mugarekin, euskararen balorazioa ezerezean gera daiteke.

    Izangaiek ez dakite nola baloratuko diren hizkuntzak eta hori ezin da egin deialdi batean”.

    Deialdi horren kasuan, Iruñeko Udalak azadu zion Arartekoari 10’50 puntuen benetako banaketa horrela zela: Frantsesa, 2 puntu; ingelesa, 2 puntu; alemana, 2 puntu; italiera, 2 puntu; euskara, 2’5 puntu.

    Banaketa hori logikoa zen eta Euskararen Ordenantzaren arabera. Erabat ilogikoa eta zentzugabea zena zen lan deialdiaren oinarrietan puntuazio horiek argi eta garbi ez adieraztea, deialdi horretako parte hartzaileen eskubideen kaltetan. Haiek jakin behar dute nola baloratuko diren meirtuak.

    Alegazio hau onartzen bada, gardentasunean irabaziko luke Iruñeko Udalak, horrela jokatuta.
________________________________________________________________________

    HOGEIGARREN ALEGAZIOA.

    17.10 artikulua gehitzea.

    “Lan deialdietako azterketetan galderak gaztelaniaz eta euskaraz egongo dira, lanpostuak besterik eskatzen ez badu”.

Arrazoia:

    Aurkezten den jendeari bi gauza adieraziko lizkioke horrek: Azterketak euskaraz egin daitezkeela, alde batetik; bestetik, sartu nahi duten Administrazioa elebiduna dela eta ez gaztelaniadun elebakarra.
________________________________________________________________________

    HOGEITABATGARREN ALEGAZIOA.

    19.2 artikuluari esaldi hau gehitzea:

    “Nafarroako Gobernuko Euskarabideak antolatzen dituen euskarazko ikastaroetan parte hartzeko eskubidea izanen dute Iruñeko Udaleko langileek, aldez aurretik inolako murrizketarik gabe, zerbitzuaren beharrengatik ez bada (ikastaro trinkoetako maila guztiak barne: A1, A2, B1, B2 eta C1)”.

Arrazoia:

    A1 eta A2 mailako ikastaro trinkoetarako ez du baimenik ematen Iruñeko Udalak. Horrexegatik, eskaera asko atzera bota dira.
________________________________________________________________________

    HOGEITABIGARREN ALEGAZIOA.

    12.3 artikulua gehitzea:

    “Iruñeko Udalak diru-sail bat erabiliko du urtero Iruñeko hizkuntz paisaia aldatzeko, Euskararen Ordenantzak ezarritako elebitasunera moldatzen joateko”.

Arrazoia:

    UPN boterean zegoenean orduko oposizioak lortu zuen Udala hastea praktika horrekin (UPN-k gehiengo osoa ez zuelako). Indar harremana aldatuta dago, baina azkeneko bi urteetan (2017an eta 2018an) praktika horrekin ez du segitu Iruñeko Udalak. Berreskuratu beharko luke.
________________________________________________________________________

    HOGEITAHIRUGARREN ALEGAZIOA.

    7. artikuluan 7.l) gehitzea:

    “Iruñeko Udalak hiritarrei bidaltzen dien informazioa (besteren artean, zirkulazio eta hiri kontribuzio tributuei buruzko informazioa), hiritarrak hizkuntza batean bidaltzea eskatu ez badu”.

Arrazoia:

    Harrigarria bada ere, zirkulazio eta hiri kontribuzioari buruzko informazioa, orokorrean, gaztelania hutsean bidaltzen du Iruñeko Udalak.
________________________________________________________________________

    HOGEITALAUGARREN ALEGAZIOA.

    3. artikuluan bigarren pasartea gehitzea:

    “Beste Administrazioarekin adostu bada, euskara hutsean bidaliko dira”.

Arrazoia:

    Bide hori irekita, agian ez da inor saiatuko bide hori urratzen. Baina bidea hor uztea hobe da. Ziur emankorra izanen litzatekeela norbaitek bultzatuko balu.
________________________________________________________________________

    HOGEITABOSGARREN ALEGAZIOA.

    10. artikuluan bigarren pasartea gehitzea:

    “Iruñeko Udalaren argitalpenei publizitate berbera eginen die Iruñeko Udalak (euskarazko bertsioei eta gaztelaniazko bertsioei)”

Arrazoia:

    “El Plazaola”, “La Ciudadela”, eta “El patrimonio fortificado pirenáico” liburuekin gertaturikoa aurrerantzean saihestea. Nafarroako Administrazio Auzitegian jarritako helegiteen bidez Iruñeko Udalak euskarazko bertsioak egitea lortu omen zen (“El Plazaola” liburuarena, ziur), baina Iruñeko Udalak gaztelaniazko bertsioei emandako publizitatea ez die eman euskarazkoei. Horrela jokatuta, eta liburuak itzultzea zer nolako lana den kontuan hartuta, hausnar daiteke ez ote zen hobe ezer ez egitea).
________________________________________________________________________

    HOGEITASEIGARREN ALEGAZIOA.

    27.3. artikuluari esaldi bat gehitzea:

    “Horretarako, irakasleren batek lotura finkoa izan behar badu Iruñeko Udalarekin, irakasle elebiduna kontratatuko du Iruñeko Udalak”

Arrazoia:

    Haur Eskoletako hetzitzaile eta zuzendariekin eta Musika Eskolako irakasleekin izan beharreko jokabide berbera edukitzea.

    ESKAERAK.

LEHENENGOA.- Behin-behinean onartutako Euskararen Ordenantzari egindako alegazio hauek jaso eta behin-betiko onespena emateko Osoko Bilkuran zinegotziek eztabaidatu eta bozkatzea.

BIGARRENA.- Bilkura horretan alegazio hauek zuzenean defendatzeko aukera izatea. (Administrazioan Euskaraz Taldea Iruñeko Udaleko Elkarteen Erregistroan erregistratuta dago).

    HIRUGARRENA.- Ahal bada, alegazio bakoitzak bere defentsa, eztabaida eta bozketa izatea eta ez denak batera (zazpigarrenetik hamahirugarrenerako alegazioak defentsa bakarrarekin nahikoa da).

    Iruñean, 2019ko martxoaren 1ean.

Gehiago