Iruñeko Udalak oztopoak jarri dizkio Korrikari eta espaloietara bideratuko ditu Korrika Txikiak

Iruñeko Udalak Korrika Txikiei jarritako neurrien inguruen berri eman dute antolatzaileek. Espaloietara bideratu ditu lasterketak, baita musikariak eta erraldoien konpartsak ere.

2022-ko martxoak 25

Korrika badatorrela eta, Iruñeko auzoetan batzordeak osatu dira, Korrikarekin lotutako kultur ekitaldi eta bestak antolatzeko, euskararen aldeko ekimenari auzoz auzo ere bultzada emateko. Horien artean, Korrika Txikia izenarekin ezagutzen diren lasterkak.

Horretarako, hainbat baimen kudeatu behar dira Udalarekin, eta antolatzeko jakinarazten zaio karrera nondik nora joanen den, beharrezko neurriak hartzeko segurtasuna bermatze aldera: trafikoa moztu, bidegurutzeetan segurtasunez pasa ahal izatea eta abar. Aurtengoan ordea, baimenei Iruñeko Udalak eman dizkien erantzunekin ez dute bat egiten antolatzaileek. Izan ere, Korrika Txikiak espaloietara bideratu dituzte, beti errepidetik egin direnean. Horretarako argudio moduan, trafikoa oztopatzea aipatzen du Udalak. “Ez dugu ulertzen honen zergatia, azken batean Korrika Txikiak espaloietatik egin behar izateak trafikoa bidegurutze bakoitzean mozteko beharra baitakar. Horrez gain, hainbatetan parte-hartzaileak ehunka izango direla badakigu, eta espaloian izugarri luza daiteke, horrek suposatzen duen trabarekin taldea segurtasunez igarotzeko”, esan dute antolatzaileek. “Hau guztia gutxi balitz, arriskutsua deritzogu, espaloitik igo eta jaitsi ibiltzeak istripu bat izateko aukerak biderkatzen dituelako, eta trafikoa lasterketaren aldamenean normaltasunez ibiltzeak saihesteko zailak izan daitezkeen ezustekoak ekar ditzakeelako”, azpimarra dute.

Musikariak eta baita erraldoien konpartsak ere espaloietara bideratuko ditu Udalak, Txantrean eta Iturraman esaterako. “Erraldoiak ezin dira espaloian ibili eta ezin dute dantzatu, espaloiak arriskutsuak direlako haientzat, eta balkoiak, farolak edo bestelako arkitektura elementuak direla eta, ezbeharren bat gertatzea aurreikus dezakegulako”, diote antolatzaileek.

Iruñeko Udalaren partetik jarrera aldaketa bat espero zuten Korrika Txikien antolatzaileek gaur izan duten bileran, baina ez da hala izan. “Ez dituzte aintzakotzat hartu nahi izan gure kezkak parte-hartzaileen segurtasunari dagokionez”.

Gehiago