Iruñeko Udalak eta AEK-k lankidetza-hitzarmena sinatu dute Korrikaren amaiera-ekitaldia Iruñean egiteko
Iruñeak azpiegiturak jarriko ditu eta AEK-k kilometro bat lagako du, doan.
2017-ko martxoak 29
Iruñeko Udalak eta AEK-k lankidetza-hitzarmena sinatu dute Korrikaren 20. edizioaren amaiera-ekitaldia Iruñean egin dadin, datorren apirilaren 9an. Iruñeko alkate Joseba Asironek eta AEK-ko Nafarroako koordinatzaile Asier Biurrunek lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur, Udaletxeko harrera-aretoan. Akordio horren bitartez, Udalak antolakuntzaren eskura jarriko ditu Korrikaren amaiera-festarako azpiegiturak. Ekitaldian Maider Beloki Kulturako, Hizkuntza Politikako, Hezkuntzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkaria ere izan da.
Iruñeko Udalak hainbat azpiegitura jarriko ditu AEK koordinakundearen esku, gehienez ere 50.000 euroko balioarekin. Azpiegitura horien artean daude, besteak beste, agertokiak, hesiak, karpak, kamerinoendako etxolak, ekipo elektrogenoak, komun kimikoak, soinu-ekipamenduak eta pantaila bat. Bestalde, AEK-k amaiera-festa hedatzeko materialean Iruñeko Udalaren logotipoa sartuko du, eta jaialdia non egin eta leku horietan txertatuko du “Eraso sexistarik gabeko jaien alde” publizitatea. Modu berean, AEK-k lasterketako Iruñeko zatiko kilometro bat lagako dio Iruñeko Udalari, doan.
Iruñeko Udalak interesekotzat jotzen du ekimen horri laguntzea; izan ere, Alkatetzak 2015eko irailaren 15ean Udal Antolaketari buruz emandako dekretuan ezarritakoarekin bat, Udalaren eskumenen artean dago euskararen erabilera eta sustapenaren normalizazio-jarduketak sustatzea; lankidetzan aritzea, elkarrekin lanean, euskararen inguruan ari diren kolektiboekin; eta jarduketak sustatzea euskara ikusgarri egiteko.
AEK irakaskuntzako eta lan elkartuko irabazi asmorik gabeko kooperatiba bat da, eta xede du euskara eta euskal kultura irakastea eta zabaltzea, baita xede bera bultzatzera bideratutako hainbat jarduera osagarri egitea ere: material didaktikoak eta aldizkariak argitaratzea, hizkuntza normalizaziorako planak egitea, euskara ikasteko sustapen- eta sentsibilizazio-kanpainak abian jartzea, kultur jarduerak antolatzea, irakasleak euskararen irakaskuntzan trebatzea, elkarteetan edo bestelako erakunde zein enpresetan (irabazi asmorik gabekoak barne) parte hartzea, baita kooperatiba honen antzeko gizarte-xedea duten bigarren mailako kooperatibetan ere.
Euskara sustatzea eta AEK-k egiten duen lanerako dirua biltzea
Korrikak helburu bikoitza du. Batetik, euskararen aldeko kontzientziazioa sustatzea, eta, bestetik, dirua biltzea AEKren euskaltegietan egunero egiten den lanari bide emateko. Lehen edizioa 1980an egin zen, eta gaur egun bi urtetik behin antolatzen da. Korrikarekin paraleloan, lasterketa nondik igaro eta herri horietan kultur eta jolas jarduera ugari antolatzen dira. Batzuk da aurtengo leloa, eta Iruñeko Jarauta 69 bandaren Zirkorrika, aukeratutako kanta.
Korrikan, kilometroz kilometro eskutik eskura pasatzen doan lekukoa daramate korrikalariek. Lekukoaren barruan mezu bat dago, zeina helmugara heltzean jendaurrean irakurtzen baita. Lasterketaren buruan lekukoa daraman pertsona joan ohi da, eta pertsona edo elkarteek kilometroak “erosten” dituzte, erakundea diruz laguntzeko. Aurten 11 egunetan zehar gutxi gorabehera 2.535 kilometrotan barna ibiliko da, etenik gabe, Otxandio eta Iruñea artean.