Iruñeko haurrak euskaraz matrikulatzeko eskubidea bermatzeko herri haur eskola bat martxan jarriko dute
Iruñeko Udalak haur eskoletan euskararen eskaintzan egindako murrizketari aurre egiteko eta hizkuntz eskubideak bermatzeko ekimen ausarta jarri dute martxan HE Gurasoak eta Iruñeko Euskalgintzatik: herri haur eskola bat irekiko dute haurrek euskaraz ikasi dezaten.
2020-ko maiatzak 21
Azken hilabeteetan, Nafarroan euskararen normalizazioaren aurka hartutako erabakiak asko izan dira, eta sektore ezberdinei eragin die. Horietako bat Iruñeko Udaleko haur eskoletako euskarazko plazak murriztearena izan da.
Iruñeko Udalak euskarazko plaza kopurua 371 plazatik (eskaintzaren %39,4) 112 plazara murriztuko du (eskaintzaren %11,9). Alegia, Iruñeko Udalak euskarazko hizkuntza-eskaintza %70 murriztea erabaki du. Horrek, besteak beste, ditikoentzako 20 plaza baino ez dela egonen esan nahi du. Horretarako argudioa da sententzia bete behar duela eta eskaerara doitu nahi duela eskaintza. 3 urtetik aurrerakoen matrikulazio datuek, ordea, agerian uzten dute Iruñeko familien hautua zein den (sare publikoan D eredua %35 da Iruñean). Halere, hori justifikatu nahian polemika dezente piztu duen neurrira egindako inkesta bat ere egin du Udalak, eta emaitzek erakusten dute galdetutako familiek hizkuntza-aukerak gehitzea eskatzen dutela, eta %36k interesa dutela seme-alabek euskara ikas dezaten.
Kaltetutako gurasoek Udalari hainbat eskaera eta proposamen helarazi dizkiote, eta guztiei entzungor egin diela salatu dute gaur egindako agerraldian. “Modu ezin ageriagoan geratzen ari da Iruñeko Udala: errealitateari bizkar emanda, zerbitzu publikoak herritarrei ukatuz, eskubideak urratuz eta hizkuntza apartheida praktikatuz dihardu”, esan du Euskalgintzaren izenean Asier Biurrunek.
Nafarroako Gobernuaren ardura ere badela azpimarratu nahi izan du Biurrunek. Izan ere, Gobernuak berak ere 5 haur eskola ditu Iruñean, eta euskaraz eskaintzen dituen plazen kopurua %14koa baino ez da. Horregatik eskatu diote gatazka honetan esku hartzea hizkuntz eskubideak bermatzeko.
Gurasoek ez dute amore emango eta herri-haur eskola bat sortuko dute
Iruñeko Udalak kalean utzi nahi dituela sensazioarekin daude HE Gurasoak parte hartzen duten pertsonak. “Arazo hau konpontzeko egindako proposamen guztiei muzin egin digute Navarra Sumatik. Eta Nafarroako Gobernuak babesgabe utzi gaitu: oraindik zain gaude PSNko ordezkariren batekin eskatutako hitzordua edukitzeko”, deitoratu dute.
Azpimarratu dute gertatzen ari dena arazo handia dela haientzat, eta Udaletxean eta Gobernuan “herritarren eskubideak bermatzeko eta arazoak konpontzeko” daudela gogoratu diete. Esan dutenez, Arartekoak berak berriki eman dio aditzera hori bera Iruñeko Udalari. “Gomendatu Iruñeko Udalari 0-3 urte bitarteko haur-eskoletan gurasoek beren seme-alabak nahi duten hizkuntzan eskolatzeko duten eskubidea kontuan har dezala, eta, egoki deritzon moduan, zentroak, lineak edo plazak hiriko eremuen arabera behar bezala bana ditzala, eskubide horri eta hurbiltasun-printzipioari erantzuteko, hori guztia eskariaren arabera”, esan du, hitzez hitz, Arartekoak.
Gauzak horrela, argi utzi izan nahi dute ez dutela etsiko “sobera garrantzitsua delako guretzat gure seme-alaben hezkuntza, eta euskaraz bizitzeko dugun eskubidea”. Horregatik, aurrematrikulazioan parte hartuko duten gurasoei, euren seme-alabak euskaraz matrikulatzeko deia egin diete, jakin arren dagoen plaza kopurua benetan murritza dela, eta plazarik gabe geratzeko arriskua ere badagoela.
Plazak faltan izanen direla jakitun, herri-haur eskola bat martxan jarriko dutela iragarri dute. “Haur-eskola hori aldi baterako izango da, harik eta sistema publikoan euskarazko plazak zabaltzea lortzen dugun arte”, argitu dute. Haur eskola hau eredu publikoarekin ahalik eta antzik handiena izan dezan nahi dute, eta horretarako, harremanetan daude aldaketen eragina jasango duten udal haur eskoletako hezitzaileekin.
Aurrematrikulazioa euskaraz egin, eta plazarik gabe geratzen diren horiei eginen zaie tokia herri haur eskolan. “Ziurrenik, ezin izango ditugu denak jaso”, onartu dute, baina lehentasuna izango dute arlo publikoan lehentasuna duten berberek, irizpide berak jarraituko dituztelako. Gurasoei ere eskatuko zaie Iruñeko haur eskoletan plazak berreskuratzeko lanean jarduteko konpromisoa, eta haur eskola hau diruz hornitzeko elkartasunera joko dute.
Edozein informazio eskuratzeko, hegurasoak.harrera@gmail.com posta helbide elektronikoa erabili daiteke.