«Iruñeko Euskaltzaleon Martxa pizkunde berri bat eragiteko bidean urrats garrantzitsua izan da» 

2026-ko ekainak 15

Larunbatean, ekainak 13, milaka herritarrez osatutako hiru zutabek Iruñeko kaleak zeharkatu zituzten, «Euskaraz bizitzeko behar den dena» lelopean antolatutako Euskaltzaleon Martxan. Bero ikaragarriari aurre eginez, Gazteluko Plazan kalejira erraldoi bat osatu eta dantzatuz eman zioten amaiera aldarrikapen nagusitzat ofizialtasuna, hizkuntza-politiketan eman beharreko jauzia eta euskaltzaletasunaren izan zituen mobilizazioari. Euskalgintzaren Kontseilua osatzen duten eragileek mobilizazioarekin gustura daudela adierazi dute “berriro ere ikusi baitugu euskarari etorkizuna emateko herri gogoa bizirik eta indartsu dagoela”.

Bildutakoei, eta mobilizazioaren antolaketan parte hartu zutenei eskerrak eman dizkiete eta euskaltzaletasuna elikatzen jarraitzeko, euskararen eta euskal hiztun komunitatearen larritasun egoeraz jabetzeko, elkarrekin ahalduntzeko eta antolatzeko deia egin diete. “Finean, euskarak behar duen pizkundearen beste txinparta bat pizteko”.

Milaka lagunen presentzia garrantzitsuaz gain, gizartearen ordezkaritza zabal bat izan zer bertan, euskaltzaletasunera oso leku desberdinetatik iritsitako jendea, bizipen eta arrazoi desberdinek bultzatutakoa, genealogia eta ikuspuntu desberdinetakoa. “Aniztasun horren ispilu da indar politiko eta sindikalen aldetik jasotako babes zabala: EAJ, EH Bildu, Geroa Bai, EH Bai, EA, Sortu, Alternatiba eta EHKS alderdi politikoek adierazi zioten babesa Euskaltzaleon Martxari, eta ELA, LAB, Steilas eta ESKko ordezkariak ere izan ziren bertan. Horrez gain, arlo ezberdinetako ehunka gizarte eragilek bat egin zuten deialdiarekin: kultura mundukoak, kirol arlokoak, eskubide sozialen aldekoak, euskalgintzakoak, eta abar luze bat. Pozez eta esker honez bizi dugu jasotako babes guztia.”

Jende gazte asko

Azpimarratu nahi izan dute belaunaldi guztietako jendea elkartu zela Martxan, eta, bereziki, gazteek izan zuten presentzia. “Nabarmendu nahi dugu Gazte Euskaltzaleen Sareak gazte martxaren bidez egindako ekarpena, Gazteluko Plazako ekitaldian eurek adierazi zutenez «euskararen aldeko borrokaren lekukoa» hartzeko prest baitaude. Azpimarratu nahi dugu, era berean, hiru zutabeetatik bitako pregoiak gazteen esku izan zirela. Zehazki, ofizialtasuna aldarrikatu zuen zutabekoa Azterketak Euskaraz mugimenduko gazteen esku, oinarrizko eskubide baten defentsan. Euskaltzaletasunaren zutabean, berriz, sareetan euskaraz aritzen iren eduki sortzaileak izan ziren protagonista”.

Azken horiek euskara algoritmoez gaindiko hautua dela azpimarratu zuten beren pregoian: «Euskara ez da algoritmo bat. Egunero aukeratzen da. Egunero elikatzen da», aldarrikatu zuten. Horrexegatik, ezinbestekoa jo dute “euskaraz bizitzeko modu eta geografia berriak irekiz egiten duten eguneroko lana, bai eta belaunaldi berri bat euskararen aldeko bidera ekartzeko esfortzua”.

Euskal Herri osotik etorritako euskaltzaleak batu ziren Iruñean, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa osokoak. Eta giroa paregabea izan zen Alde Zaharreko kaleetan.

Pizkundea: 300.000 euskaldun berri eta hurrengo hitzorduak

Aurrera begira, euskarak premiazkoa duen Pizkunderako beste txinparta bat piztu dela adierazi dute. “Baina hau ez da hemen bukatzen. Euskararen normalizazio eta biziberritzean aurrera egitea oraindik ere indar handia eskatzen du. Kontseiluak erronka bat proposatu dugu: 2036 urterako 300.000 euskaldun gehiago lortzea eta % 20ko erabilera langa gainditzea. Erronka anbiziotsua, baina, aldi berean, egingarria. Prest gaude lan horretan jarraitzeko, eta ziur gaude milaka euskaltzale ere prest daudela bide hori indartsu egiteko”.

Azkenik, laster izango diren elkargune nabarmendu dituzte. Alde batetik, azaroaren 21ean manifestazioa Baionan, Ipar Euskal Herrian euskararen ofizialtasunari bultzada bat emateko, Euskal Konfederazioan batzen diren eragile euskaltzale guztiek deituta. Bestalde, abenduaren 19an mobilizazioa berriz ere Iruñean, Nafarroan zonifikazioa ezarri zuen legeak 40 urte betetzen dituenean, desberdinkeria horrekin amaitu eta euskara ofiziala Nafarroa osoan izan dadila eskatzeko.

Gehiago