Iruñeko Alkateak Erorien monumentuko kriptako hilerria ixteko lanen irmotasuna, diskrezioa eta profesionaltasuna baloratu du
Gorpuzkiak ateratzeko lanek 24 ordu inguru iraun zuten, 00:00etan hasi eta hilobiak atzo 21:00etan zigilatu ziren
2016-ko azaroak 17
Iruñeko Alkate Joseba Asironek nabarmendu ditu azken hilabeteotan Erorien monumentuko kriptako hilerria ixteko prozesuan –atzo amaitu zena– parte hartu duten pertsona guztien irmotasuna, diskrezioa eta profesionaltasuna. Atzokoa “hiri honetarako egun historikoa” izan zela azpimarratu du gaur goizean alkateak, Lege eta Auzitegiko Medikuntzako forentse espezialista, EHUn Lege Medikuntzako irakasle eta Aranzadi Zientzia Elkarteko presidente Paco Etxeberriarekin batera eginiko agerraldian. “80 urteren ondoren, Iruñeko gizarteak luzaroan egindako aldarrikapen bati buru eman zitzaion azkenik. Mugarri historiko honen parte izan diren guztiei eskertu nahi diegu prozesuan parte hartu izana: Paco Etxeberria forentsearen taldeari, profesionaltasuna eskertzen diogu; udaleko teknikariei, jarrera eta diskrezioa; Artzapezpikutzari, elkarlanerako jarrera mantendu izana, eta bereziki eskerrak eman nahi dizkiegu Udaleko zerbitzu juridikoei, prozesua momentu oro ikuskatu baitute”, adierazi du alkateak.
Agerraldian atzo egindako jarduketen inguruko xehetasunak eman dira. Lanak gaueko 22:00ak inguruan amaitu ziren: Erorien monumentuko kripta barruko hilobien zigilatu eta leku hori hilerri gisa itxi zen. 24 orduz lan egin ondoren, kripta hutsik geratu zen. Bertan izan ziren zerbitzu ezberdinetako udal-langileak, Artzapezpikutzaren ordezkariak eta bertan egon nahi izan zuten familiak, edo haien ordezkari legalak, eta lau desehorzketetan Aranzadi Zientzia Elkarteko teknikariak ere izan ziren. Prozesu osoa dokumentatu egin zen eta joan den astean Udalak eta Artzapezpikutzak adostutako akordioan jasotako aurreikuspenak betez egin zen. Akordioaren arabera, desehorzketak erabateko intimitatean egin behar ziren, eta behar-beharrezkoak ziren udal langile teknikoek baino ez zuten esku hartuko. Gainera, zehazten zen ezin izango zirela komunikabideak sartu, eta desehorzketen argazkirik ez zela egingo, senideek baimena eman ezean. Familien eskubidea zen, baita ere, desehorzketetan egon ahal ziren pertsonak eta teknikariak zehaztea, aldez aurretik idatzi baten bidez baimena emanda. Alkateak “akordioa zehatz-mehatz bete” dela azpimarratu du, “baita betetzea posible egiteko bi aldeen jarrera ona ere”.
Desehortzitakoen gorpuzkiei dagokienez, Alkateak azaldu duenez, familien esku geratu dira. Hasiera batean leku horretan ehortzitako zortzi pertsonetatik biren gorpuzkiak –Severiano Arregui Olalquiaga eta Joaquín Sota Garayoa– Iruñeko Hilerrian daude, inork ez baititu erreklamatu.
Prozesu zorrotza
Desehorzketak egiteko prozesua azaroaren 15eko 19:30ean hasi zen. Iruñeko udaltzainak bertaratu eta polizia-lerro bat jarri zen eraikinaren atzealdean –hor dago kriptarako sarbidea–. 20:00etan udal-langileak sartu ziren aldamioak eta desehorzketak egiteko beharrezkoak diren baliabideak prestatzeko. Lan horiek 22:00etan amaitu zituzten. 00:00etatik aurrera, azaroaren 16an jada, desehorzketak bi txandatan egin ziren: lehenengoa atzoko gauerditik 03:30era arte, eta bigarrena 19:00etatik 22:00etara.
Desehorzketa bakoitzean 10 eta 12 pertsona inguru egon ziren Udalaren eta Artzapezpikutzaren ordezkari gisa, desehorztutakoen familiez edo familiek izendatutako ordezkari legalez gain. Lehenengo lau desehorzketetan (Pedro Martínez Chasco, Jaime Munárriz Escondrillas, Severiano Arregui Olalquiaga eta Joaquín Sota Garayoa), gainera, Aranzadi Zientzia Elkarteko teknikariak ere egon ziren. Azkeneko bietan ez ziren egon, familiek espresuki hala eskatuta. Iruñeko Udaleko Aholkularitza Juridikoak prozesua dokumentatu zuen, Artzapezpikutzarekin adostutakoarekin bat. Gorpuzkiak familiei entregatu zitzaizkien, aipatutako bi kasuetan izan ezik, zeinak Iruñeko Hilerrian dauden.
Atzo 21:00etan hilobiak zigilatu ondoren, Udaleko langileek aldamioak desmuntatu zituzten eta polizia-lerroa kendu zen. Kriptako hilerria ixteko operazioa amaitutzat jo zen atzo, 22:00etan.
“Elkarbizitza sustatzeko” lehen urratsa
Iruñeko Alkateak nabarmendu du Udalak familiekiko izan duen jarrera beti elkarlanean aritzearen aldekoa izan dela. “Udal honek errespetu handienarekin jorratu du gai hau, halako gai korapilatsu batek merezi duen bezala, eta momentu oro errespetatu da familien intimitatea eta pribatutasuna –horrek erabateko lehentasuna izan du–, baina aldi berean buru-belarri eta tinko. Izan ere, gobernu talde honi eusten dion programa-akordioan jaso bezala, eraikin honetan zeuden gorpuzkiak ateratzea iraganeko zauriak ixteko aurrerapauso garrantzitsu bat zen, hiriko elkarbizitza sustatzeko eta etorkizunari oinarri sendo batekin aurre egiteko. “
Alkateak eskerrak eman nahi izan dizkie baita ere memoriaren aldeko elkarteei, urteak eman baitituzte gerra zibileko eta frankismoko biktimak erreparatzearen alde lanean. “Haiena da atzoko jarduketaren meritua, haiei zor diegu modu koherentean jardun izana”, ondorioztatu du.