Iruñean eskuinak haur eskoletan ezarri duen euskararen aurkako basamortua gainditzea eskatu du guraso talde batek

Baztertuak sentitzen dira euskarazko plaza gutxi eta murgiltze eredu bakarra hiriko beste puntan edukitzeagatik.

2020-ko azaroak 23

Iruñeko hegoaldeko familiak Printzearen Harresi haur eskola kanpoan elkartu ziren atzo argazki bateratua egiteko. Aurreko astean “Haur Eskoletako Gurasoak” plataformak kaleratu zituen kartelak eskuan zituztela, euskara eskubidea eta gertutasun printzipioa aldarrikatu dute Iruñeko haur eskola publikoetarako. Kartel horretan, euskarazko plazak iparraldean zokoratuta egoteaz gain, 16 haur eskola publikoetatik euskarazko murgiltze eredu bakarra dagoela salatu dute.

Adierazi dutenez, “0-3 adin-tartea oso berezia da eta ez da erraza adin horretako ume bat goizero-goizero kotxean sartzea eta hiriko beste puntaraino joatea. Are gutxiago beste ume bat baldin badaukazu beste zentru batean. Honek guztiak, kointziliazio arazoak eta beste ezintasun asko sortzen dizkigu”. Beraien kasuei buruz galdetuta, “Gure artean kasu ezberdinak daude: Gogoz kontra erderazko ereduetan daudenak, ibilbide luzeak egiten dituztenak iparraldeko euskara plazetara joateko, iparraldean ere dauden murgiltzerik gabeko eredu mistoetara joaten direnak, edo besterik gabe, ume baten esperoan dauden familiak”.

Tarteko irtenbideak ere salatu dituzte: “Eredu mistoek, euskal eta gaztelerako adarrekin, pedagogikoki euskara barneratzearen kontra egiten dute. Aktibitate komunak, jantokia edo lo-kuluxka adibidez, gailentzen den hizkuntzan egiten dira, gazteleraz. Funtsezkoa ikusten dugu adin-tarte honetan murgiltzean oinarritutako eredu bat, euskarazko erreferentzia eta esperientziekin osatua”.

Iruñeko haur eskola publikoen jabe diren Nafar Gobernuko eta Iruñeko Udaleko agintariei “Euskararen hegoaldeko basamortuarekin bukatzeko eskatzen diegu murgiltze ereduko haur eskolak jarriz. Gure auzoan ez bada, ondokoan behintzat. Nola da posible hegoaldean, mendebaldean eta ekialdean dauden zortzi haur eskoletatik bakar bat ere ez izatea euskaraz eta murgiltze ereduan? Eraikitzen ari diren hamazazpigarrena, Lezkairukoa, euskarazko murgiltze ereduan ere ez dagokigu?”

Gehiago