Iraultza Txikien Akanpadaren II. edizioa abuztuaren 25tik 29ra egingo da Arteako Basoan

Herri mugimenduaren topalekua izateko sortutako akanpada honen bigarren edizioan Euskal Herriko osoko talde eta militanteak bilduko dira 4 egunen zehar eztabaidatzeko eta esperientziak elkarbanatzeko.

2021-ko uztailak 10

Herri mugimendu anitzetako militanteak batu ziren atzo Artean Iraultza Txikien Akanpadaren II. edizioa aurkezteko eta ekimen honetara bertaratzeko gonbidapena luzatzeko.

2018ko irailean Zubietan egin zen lehenengo aldiz Iraultza Txikien Akanpada, eta bi urtean behin akanpada errepikatzea erabaki zen, baina 2020an egin behar zen edizioa bertan behera utzi behar izan zuten pandemiagatik.

Iraultza Txikien Akanpadaren bigarren edizioak, ororen gainetik, herri mugimenduen topaleku izan nahi du. “Ez aurrez prestatutako bide-orriak aurkezteko, ez eta ziurgabetasuna behin betiko erantzunen bidez argitzeko ere. Ez dago horrelakorik. Erantzunak baino gehiago, galderak plazaratu nahi ditu akanpadak, eta horien inguruan elkarrekin hausnartzeko, elkarrekin borrokatzeko eta elkarrekin eraikitzeko espazio komuna eskaini nahi die askotariko militanteei”, azaldu zuten atzo egindako agerraldian.

Era berean, Iraultza Txikien Akanpada bizimodu onaren entsegu orokor bat izatea nahi dute. “Merezi duen bizitza zoriontsu eta bidezko baten bila, kapitalismotik eta patriarkatutik emozionalki, ekonomikoki, psikologikoki, politikoki desertatzeko era baten erakusle”.

Kanpaldiak guzti horretarako emanen du aukera prestatu diren 3 guneetan: Elkarrekin borrokatu (praktika militanteei buruz aritzeko gunea), Elkarrekin hausnartu (gogoeta militanterako esparrua) eta Elkarrekin eraiki (bestelako esperientziak edo saio eraldatzaileak ezagutzeko eta sortzeko espazioa).

Gehiago