Irakasleen desegonkortasunarekin ez dela amaituko salatu du STEILASek Hezkuntza Departamenduan

STEILAS sindikatuak Hezkuntza Departamentuaren aurrean elkarretaratzea egin du "Irakasleon desegonkortasuna, interinoon aMORTizazioa" lelopean, eta irakasleriak pairatzen duen desegonkortasuna heriotzarekin irudikatu nahi izan dute.

2022-ko azaroak 15

Hurrengo astelehenean irekiko da epea Nafarroako Hezkuntza Publikoko irakasleak egonkortzeko. Oro har, oso lanpostu gutxi aterako dituztela aurreratu du STEILASek, eta gehienez ere, behin-behinekotasuna %43ra mugatuko dela zehaztu du sindikatuak. “Batzuk funtzionario bihurtuko dira eta gehienak oso egoera zaurgarrian geldituko. Hemendik gutxira haien lanpostuak amortizatzeko arrisku bizia dago, are gehiago matrikulazioa behera doanean eta ratioak jaisten ez direnean, Hezkuntza Itunak agintzen duen bezala”, salatu dute Hezkuntzaren aurrean egindako agerraldian.

Egonkortze prozesua PAIren Legea ezartzeko baliatu dutela iritzi dio STEILASek  eta, horren bidez, atzerriko hizkuntzen C1 titulua nahitaez eskatuko da hainbat lanpostutan. Emandako datuen arabera, 2021-22 ikasturtean ikasturte osoko 4.300 kontratu egin zituen Hezkuntza Departamentuak. Horietatik 875 ziren atzerriko hizkuntzaren profilarekin eta 3.548 profil hori gabe. Osotara, 766 lanpostu aterako dira egonkortze prozesura, 352 atzerriko hizkuntza profilarekin eta 414 aipatu profilik gabe. Profilarekin lanpostuen %40 egonkortuko dira, eta profilik gabe % 11,7. Esate baterako, atzerriko hizkuntzaren profilik gabe, Haur eta Lehen Hezkuntzan ez dute euskarazko lanposturik deituko, eta Haur Hezkuntzan gaztelaniaz bat ere ez, eta Lehen Hezkuntzan bakarra. “Ezkutuko Enplegu Erregulazioa eginen zaie hamarkadatako esperientzia daukaten ehunka irakasleri”, salatu du sindikatuak.

Irakaskuntzaren sindikatuaren arabera, Hezkuntza Departamentuak asmoa du plantilla ordezkatzeko eta gero eta irakasle gehiago izateko ingeleseko C1 tituluarekin. “Gainera, PAIren Legean xedatzen da PAI hizkuntza eredu bilakatuko dela eta, horrela, ingeleseko titulua PAI ikastetxeetako irakasle guztiei eska lekieke”.

Egonkortze prozedura onetsi zen Nafarroako Parlamentuan, eta STEILAS PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos alderdiei ardura leporatu die. Bere aldetik, Irakasleen Lanpostuen Egonkortzeari buruzko Foru Dekretuaren aurka helegitea jarri duela iragarri du sindikatuak “PAIren Legea gelditzen saiatzeko eta langile guztien eskubideak babesteko”.

Gehiago