Irakaskuntzako hainbat sindikatuek langileen egonkortzea segurtasun juridikoarekin gauzatzea eskatzen dute
Irakaskuntzako LAB, STEILAS, ELA eta UGT sindikatuetako ordezkariek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, Nafarroako Parlamentuaren aurrean, "Guztiontzako egonkortzea bai, segurtasun juridiko falta ez" lelopean. Hurrengo komunikatuan azaldu dute euren jarrera.
2022-ko apirilak 26
Nafarroako irakasle funtzionarioen lanpostuak hautatzeari eta betetzeari buruzko foru legearen zirriborroak xede hau du: irakasleen talde bat sortzea (foru funtzionarioak), atzerriko hizkuntzaren eskakizuna dutenak, eta Nafarroako Administrazio Publikoaren mendean baizik ez daudenak; gainerako irakasle funtzionarioak estatuaren mendekoak dira. Beraz, eginkizun berdinak eta lan-eskubide desberdinak dituzten bi irakasle mota sortuko dituzte.
Hori da Nafarroako administrazioak eta, bereziki, Hezkuntza Departamentuak hogei urtez egindako plangintza negargarriaren ondorioa. Horrenbestez, saiatu dira egiten LEP berezi eta berariazko bat, irakasleen kidegoetara sartzeko eta espezialitate berriak eskuratzeko erregelamendua onesten duen otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuarekin talka egiten duena.
Arras kezkatzen gaitu erabat baztertzailea den foru lege berri honen bidez egonkortze plazetara iristen diren funtzionarioek izan dezaketen ziurgabetasun juridikoak; izan ere, baldintza gisa, Nafarroako eta Estatuko hizkuntza ofizialen gainetik egonen den atzerriko hizkuntzaren titulazioa eskatuko du, eta hori, noski, Konstituzioaren aurkakoa izan daiteke.
Sindikatu garen aldetik, urte asko daramatzagu Hezkuntza Departamentuari eskatzen egiturazko lanpostu guztiak egonkortzeko eta Europako Zuzentaraua betetzeko, bitartekotasuna % 8tik beherakoa izan dadin, hori baita Nafarroako irakaskuntza publikoari benetako kalitatea emateko modua. Hala ere, uste dugu egonkortze hori ezin dela nolanahi gauzatu, gainerako irakasle funtzionarioen araudiak kontuan hartu gabe eta, orobat, gehituz langileen egonkortzea zailtzen duten baldintzak.
Horregatik, sindikatu sinatzaileok eskatzen diogu Hezkuntza Departamentuari egiazko negoziazio bat bideratzea hezkuntza publikoko irakasle guztiak egonkortzeko, eta aipatutako lege proiektua Parlamentuko izapidetik kentzea.