Irailaren 27an epaituko dituzte ‘Leioako 5ak’, 40 urtetik gorako espetxe-zigor eskaerarekin

2016an Leioako kanpusean egindako ikasle mobilizazio bateko gertakariengatik 5 gazte epaituko dituzte irailaren 27an. 40 urtetik gorako espetxe-zigorrak eta 45.000 euroko zigor ekonomikoak eskatzen dituzte gazteentzako.

2023-ko abuztuak 30

Epaiketaren data jakitean, ‘Leioako 5ak’en izenean idatzitako ohar baten bidez, 2016ko gertakarien inguruko EHUren erantzukizuna eskatu dute, izan ere, zigor honekin, Unibertsitate publiko batek izan beharko lukeen askatasun politikoen bermea urratu dela salatu baitute. Gazteek azaldu dutenez, garai hartan EHU-ren partetik ikasle mugimenduak jasaten zuen errepresioarekin amaitzea zen haien helburua “eta hala ere, unibertsitatearen erantzuna, berriz ere, errepresioa izan zela”. Orain, 7 urte ondoren, guztira 41,5 urteko espetxe zigorra eta 45.000€-ko zigor ekonomiko eskatzen dizkiete 5 gazteei. Eta zigorren artean, bi kideren aurkako 17 urteko espetxe zigor izugarria azpimarratu dute oharrean. Horietako 3 gazte Nafarroakoak dira.

Bestalde, gazteek adierazi dute, larritasunez bizitzen ari direla protesta sozialaren aurrean, Estatuen autoritarismoaren gorakada eta langileen eskubide politikoen murrizketa: “Militantzia politikoa gero eta jasanezinago egitea bilatzen dute, krisi testuinguruak protesta eta militantzia gero eta beharrezkoagoa egiten duen momentuan” diote. Izan ere, 2016ko gertakarietatik orain arte egoera hobetu ez dela salatu dute, horregatik, ikasle mugimenduak gaur egun ere “EHU-ren autoritarismoa” salatzen jarraitzen duela argi utzi dute.

Bukatzeko, ‘Leioako ‘5ak’en izenean idatzitako oharrean, eskerrak eman dizkiete urte honetan dirua ateratzeko ekimenetan parte hartu eta babesa adierazi duten guztiei. Diotenez, “elkartasuna eta antolakuntza direlako gure indargunea”.

Gehiago