Irailaren 14an “47ak Herrian” lelopean eginen den manifestazioan preso eta erbesteratuen etxeratzea aldarrikatuko dute
Hemendik bi astera hasiko da Espainiako Entzutegi Nazionalean 47 euskal herritarron aurkako epaiketa. Espetxe eskaera handiak eskatu dizkiete, 300 urtetik gora. Auziperatuen bizitzak erabat baldintzatuak aurkitzen direla salatu zuten larunbatean Azpeitian egindako agerraldian. Baina gogoratu nahi izan zuten haiek epaitzeaz gain "Euskal Herrian urte luzez garatu eta saretu den jarduera politiko oso bat epaitu eta zigortu" nahi dutela epaiketa honekin.
2019-ko irailak 2
“Azken urteotan hurbil izan dugun jendearekin agertu nahi izan dugu gaurkoan, gure jardunean bidelagun izan ditugunekin, gure lana gertutik ezagutzen dutenekin eta jazarriak izan direnean gure laguntza izan dutenekin. Gaur beraiek dira gure ondoan ditugunak: Presoak eta deserriratuak herrira itzul daitezen gurekin batera lanean egon direnak, epaituak izan direnak, abokatu lanetan ondoan izan ditugunak, presoen osasuna artatu duten profesionalak, komisarietan torturatuak izan diren pertsonak, espetxean urte luzez egon direnak eta hauen senideak, sakabanaketa hil dituen pertsonen hurbilekoak, gerra zikinaren eta estatu bortizkeriaren biktimak”.
Errepresioak eta espetxeak eragindako minak arintzeko eta gatazka politikoa gainditzeko lan egin dute epaituak izango diren pertsonak. Azpimarratu nahi izan zuten azken urteotan gatazka politikoaren eta errepresioaren ondorioak gainditzera begira emandako urratsak, “baina agerikoa da oraindik bide luzea dugula egiteko”. Horrexagatik ekarri izan zuten gogora haiek jorratzen zituzten aldarrikapenak, “gaur gaurkoz indarrean daudela”. “Kartzelaren, deserriaren eta deportazioaren ondorio lazgarriek indarrean jarraitzen dute. Espetxeetara itzulian dabiltzan haurrak, gero eta helduagoak diren senideak, sakabanaketak suposatzen duen arriskua eta galera fisiko zein ekonomikoa, istripuak, kondenen luzatzea, baldintzapeko askatasunen ukatzea, gaixo dauden presoak espetxeetan mantentzea, deportazioak eta ihesak dakarren isolamendua nahiz babesgabetasuna”.
Euskal Herriko eragile politiko, sindikal eta sozial askoren babesarekin abiatu nahi zen prozesuan euren ekarpena egin zutela sinetsita, errealitate hauek mahai gainean jarri zituztela gizarte sektore zabalak mobilizatuz pentsatzen dute. Horren aurrean, Estatuaren erantzuna errepresioa izan zen. “Lan hori egin izanagatik jazarriak izan ginen”.
“Gatazkaren ondorioak konpontzea eta min guztiak errekonozituak eta erreparatuak izatea desio dugu. Argi izanik gatazkaren jatorria konpontzea dela horretarako berme nagusia. Eskubide kolektiboak eta indibidualak, justizia, benetako egoera demokratikoa eta askatasuna. Osagai hauen gainean eraikiko dira bakea eta elkarbizitza, eta osagai hauen gainean egingo dugu aurrera gatazka politikoa konpondu eta bere ondorioak arintzeko bidean”, esan zuten auziperatuek.
Preso eta erbesteratuen etxeratzea, lehen lerroan
Epaiketa hau konponbidearen aurkako dela uste dute, eta euskal preso eta erbesteratuen herriratzeak “urgentzia berezia” duela ohartarazi dute, eta horretarako baliotuko dute irailaren 14an Bilbon izango den manifestaldia. Mobilizazio horretan leku egin nahi diote aldarrikapen honi ere. “47 auziperatuak herrian gelditzea, eta preso edo erbestean direnak herrira ekartzea. Hori da milaka herritarrekin batera Bilbon egin nahi dugun aldarrikapena, “ Giza eskubideak, askatasuna, etorkizuna. Herrian” lemapean egingo dugun mobilizazioarekin”.
Elkartasun zabala jaso dutela ere nabarmendu dute, eta haiek ere bueltan elkartasuna erakutsi nahi izan diete presoei, deserriratuei eta hauen senideei, Altsasuko gazteei eta Katalunian jazarriak izaten ari diren pertsona guztiei, espetxe arriskuan dauden sindikalista nafarrei, jarraituak eta mehatxatuak izan diren migratzaileei, kolaborazio eskaerekin presionatu dituzten gazteei, azken asteotan jarraipenak eta miaketak salatu dituztenei edota G7aren aurkako mobilizazioetan atxilotu dituztenei, besteak beste.