Industria indartzearen aldeko aldarria eta gutxieneko soldata propioa ezartzeko eskaria izan dira sindikatuen eskari nagusiak Maiatzaren Lehenean
Berrarmatze politikak eta eskuin-muturraren gorakada salatu dute sindikatuek gaurko egunean egindako mobilizazioetan.
2025-ko maiatzak 1
Maiatzaren Lehenean ohikoa denez, ELArena izan da manifestazio goiztiarra. 11.30etan Iruñeko Erorien Monumentuaren aurrean hasteko zen manifestazioa, baina hasi aurretik, faxismoari egindako oroigarri honen eraispena irudikatu eta aldarrikatu dute. Bestetik, ELAk gastu militarra handitzearen eta gerra industria sustatzearen aurka egiteko eskatu die alderdi politikoei. Era berean, gutxieneko
soldata propio bat aldarrikatu du sindikatu honek, eta fiskalitate bat aberastasuna justuki banatu ahal izateko.
LAB sindikatuaren martxa eguerdiko 12.00etan abiatu da Gazteluko Plazatik. Ehunka lagunek hartu dute parte mobilizazio honetan, baita ere momentu honetan kolokan dauden enpresako langileak: BSH, Sunsundegui, Acelor… Guztiei elkartasuna adierazteaz gain, LABek aldarrikatu du “gehiengo sozialaren interesa erdigunean jarriko duen politika industrial bat”. Tuteran ere manifestazioa egin du sindikatu abertzaleak.
Aurreko bi deialdietan bezala, CGT, CNT, Steilas, ESK eta Solidari sindikatuek deitutako manifestazioan ere gerra industriaren aurkako mezua zabaldu dute. Gerra inperialistari eta militarismoaren gorakadari aurre egiteko deia egin dute, eta langileen eskubideak defendatzeko garrantzia azpimarratu ere.
EHKSk Bilbon egin du manifestazio jendetsua “Gerra inperialistari ez” lelopean eta Europako estatuen berrarmatzearen salaketa izan du hizpide nagusia.

Bestetik, Jardun koordinadorak Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko Santiago zubiaren errepidea moztu du mugak “euskaldunon artean nazio gisa sortzen dituen arrakalak” salatzeko.
