Ikastetxeetan erabilitako materialen kontra UPNk egindako presioaren aurrean amore eman du Hezkuntzak
Ikuskaritza Zerbitzuak Korrikaren materiala erabili duten ikastetxeei buruzko informazioa eskatu du UPNren eskariz.
2017-ko apirilak 5
“Harridura eta kezka handiz” jaso du LAB sindikatuak Hezkuntza Departamentuak Nafarroako ikastetxeetan egindako kontsulta errolda. Bertan informazioa eskatzen da Korrikaren inguruan, hain zuzen ere AEKk eta Ikastolen Elkarteak sortutako material didaktikoaren erabilpenari buruz. Kontsulta hau sortzen da UPNek Parlamentuan plazaratutako galdera batzuetatik.
“Ezin dugu ulertu, ezta onartu ere, nola azken garai honetan euskararekiko eta irakaskuntzarekiko alderdi batzuek duten ildo ideologikoak baldintzatu eta kontrolatu egiten duen zabala eta plurala izan behar duen hezkuntza jarduera”, salatu du LAB sindikatuak.
Sindikatu honek gogoratu du Korrikak euskararen alde atxikimendurik zabalena jasotzen duen ekimen kultural anitza dela, eta lasterka “kutsatzeko eta nahasteko nahian” agertu direla “eskuindar ultramontano hauek, horretarako Nafarroako Parlamentua erabiliz”.
“Ezin da onartu behin eta berriro euskararen kontrako jarrera hauek Hezkuntza Departamentutik eta Nafar Gobernutik erantzun tinkorik ez jasotzea eta, hein handian, haien trikimailuei bidea erraztea, euskararen inguruan zalantzak sortuz”, esan du LABek.
Hezkuntza Departamentuaren lana “ikastetxe eta irakasleen jarduera pedagogikoa babestea” dela uste du LABek, “katedra askatasuna babestuz eta ez eragotziz”. “Euskal eta euskarazko irakaskuntza behin eta berriro erasotua edota kolokan jartzen denean ezin da beste aldera begiratu”, deitoratu du LABek, eta Hezkuntza Sistema Propio baten aldeko apostua berretsi du.