Ikasle guztien eskubide guztiak bermatuko dituen hezkuntza sistema baten alde manifestua aurkeztu dute

Hernaniko Biteri Kultur Etxean, hezkuntza alorrarekin konprometitutako ehun bat eragile bildu ziren atzo Euskal Herrian oinarrizko hezkuntza akordio bat eskatzeko. Hezkuntza Plazara ekimenak bultzatu duen manifestua sinatu dutenek ulertzen dute gaur egungo hezkuntza sistemak zaharkituak daudela eta eraldatzeko indarrak eta adostasunak bildu nahi dituzte. Helburua, ikasle guztien eskubide guztiak bermatzea. Hau da zabaldu duten manifestua:

2022-ko martxoak 6

Gaur Hernanin elkartu gara, arlo anitzetan jardun eta hezkuntzarekin konprometituta gauden Euskal Herri osoko herritarrak. Bizi dugun egoera berezi eta garrantzitsu honetan, Hezkuntza Deialdia berritzeko.

Orain dela 16 urte onartu zen Euskal Herriko Oinarrizko Hezkuntza Akordioa, hezkuntza mugimenduak egindako akordio eta proposamen historikoa. Ezberdinen arteko akordioa, ikaslea eta hezkuntza eskubideak erdigunean jartzen zituena. Hemen bertan, Hernanin, urte luzez bizitako Joxe Mari Auzmendi izan zen Oinarrizko Hezkuntza Akordioaren arima. Azken egunera arte, lanean jarraitu zuen, eta ilusioz bizi izan zituen eraldaketarako aukerak.

Hitz hauen bidez, aitortza egin nahi diegu Auzmendiri eta ehun urte baino gehiagotan, Oñatiko Eusko Ikaskuntzaren I.Kongresu hartatik gaur arte, euskal hezkuntza eraikitzen aritu diren dozenaka mila herritarrei. Beraiengatik, gaur ametsak errealitate bilakatzeko urrats handi bat emateko aukera dugu. Denon artean ate bat zabaldu dugu eta hemen bildu garenok ate hori gurutzatzea erabaki dugu. Badakigu milaka garela, hezkuntza eskubideak bermatuko dituen hezkuntza sistema eraldatzearen alde gaudenak. Gaur, pandemiaren testuinguruan egin genuen bezala,

HEZKUNTZA DEIALDIA EGITERA GATOZ: BERRITU DEZAGUN EUSKAL HERRIKO OINARRIZKO HEZKUNTZA AKORDIOA.
BAGA. Oinarrizko. Hezkuntza sistemaren oinarri sendoak finkatzeko. Hezkuntza sistema zaharkituak eraldatzeko. Erronka berrietara egokitu eta etorkizuna hezteko.

BIGA. Hezkuntza. Ikasleak eta hezkuntza eskubideak erdigunean jartzeko: inklusioa, aukera berdintasuna, euskara, kultura, eraldaketa pedagogikoa, ebaluazio hezitzailea, pedagogia feminista, doakotasuna, autonomia, herri hezitzailea lortzeko. Ikasle guztien eskubide guztiak bermatzeko.

HIGA. Akordioa. Hezkuntza komunitatea eta administrazioak elkarlanean jarduteko. Ikasle, langile, familia, euskalgintza, hezkuntza ez formaleko zein formaleko eragileak eta instituzioak norabide berean jartzeko. Ikuspegi, ibilbide, ahalegin anitzak aitortu eta elkarlanean jartzeko. Kooperazioa, auzolana, elkarlana, batasuna.

Batean zein bestean ahalegin handiak eta aurrera pausu garrantzitsuak egin ditugu. Baina, egungo hezkuntza sistemek ez dute gehiagorako ematen, ez dute gaur egungo erronkei erantzuteko gaitasunik, goia jo dute eta gainbehera datoz. Hala, euskararen ezagutza eta erabileran, nola, jatorria eta klase sozialagatiko segregazioari dagokionean, besteak beste. Aurretik dauzkagun erronkak ez dira makalak, pandemiak ziurgabetasun eta aldaketaz beteriko aroan bete betean sartu gaituela esan genuen 2020ko udazkenean. Inoiz ez bezala azken bi ikasturteok agerian utzi dute gure hezkuntza sistemek zer nolako egiturazko arrakalak dituzten.

Guretzat ez da aukera bat gauden lekuan gelditzea, gauza berdinak egiten jarraitzeak emaitza ezberdina emango lukeela pentsatuz. Elkarrekin pentsatzea eta herri bezala jardutea dagokigu erronka handiei aurre egin ahal izateko.
Horregatik, momentu berezi honetan, Euskal Herritar guztiok euskal hezkuntzarekiko ardura gure eskuetan har dezagun eta norabide berean arraun egiteko deia egiten dugu. Balia dezagun, Euskal Herrian, urteetan, hezkuntza komunitateak sare ezberdinetatik egindako lan eskerga jauzi bat egiteko gaur sistemaren eraldaketarako norabidean. Emari horretatik edanda, sare bakoitzaren onena hartuaz oinarri gisa, agorpen zantzuei irtenbide eraldatzaileak emateko bidea egin dezagun.

Horrela, Euskal Herrian hezkuntzaren baitako hazi berriak ereiteko beharraz jabetuta eta gisa horretako ekimenek gainerako lurraldeetan ere eragina dutelakoan, EAEko Hezkuntza Akordio eta Lege berrian ondoko puntuak argi eta garbi jasoko direla berma dezaten exijitzen diegu alderdi politikoei:

1. Hezkuntzarako eskubidea. Inklusioa, aukera berdintasuna, euskalduntzea eta doakotasun erreala bermatuko duen Hezkuntza Sistema Publikoa akordioan eta legean ardatz izan dadin sustatzea.

2. Inklusiorako eskubidea. Jatorria eta egoera ekonomikoagatik zein bestelako arrazoiengatik (sexu-afektiboak, kulturalak, dibergentzia fisiko zein kognitiboak) sortutako, segregazioak gainditzeko neurriak jasotzea.

3. Euskalduntzeko eskubidea. Euskara ardatz eta euskal curriculuma oinarri, ikasle euskaldun eleanitzak heztea helburu izango duen hizkuntza eredu orokortua sustatzea. Eta euskal kulturaren transmisioa bermatzea.

4. Eraldaketa pedagogikoa eta metodologikoa. Ikasleen eskubide oro aitortuak eta errespetatuak izan daitezela. Ikaslea subjektu bilakatuko duten metodologia kritiko eta aktiboak, ebaluazio hezitzailea eta pedagogia feminista ezartzea. Era berean, burujabetza teknologikoaren bidean urratsak ematea.

5. Autonomia eta parte hartzea. Hezigune bakoitzeko hezkuntza komunitateak bere Hezkuntza Proiektua izan, sortu eta kalitatez garatzeko eskubidea du. Eskola komunitatearen antolaketa zein kudeaketa demokratiko eta partehartzailea gauzatzeko; udalak, eragileak eta herritarrak hezkuntzan parte hartuz Herri Hezitzaileak garatzea.

6. Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa. Hezkuntza Sistema Publiko Bakarrerantz urrats adostua. Konfluentzia, batasuna, kooperazioa, auzolana sustatuko duen espazioa osatzea.

7. Erabakitzeko eskubidea, hezkuntza burujabetza. Hau guztia posible izan dadin, euskal herritarrek hezkuntzari buruzko erabakiak hartu eta euskal hezkuntza arautzeko eskubidea dute. Euskal hezkuntza sistema propio baten norabidean urrats berriak saiatzea, borrokatzea eta lortzea.

Adierazpen hau gure eginez, Euskal hezkuntza-eredu-sistema guk eraikitzeko konpromisoa hartu eta Hezkuntza Deialdia egiten dugu. Eman atxikimendua hezkuntzaplazara@ni.eus eta zabaldu adierazpena zure inguruan.

Gehiago