Ikasle greba hezkuntza sistema berri baten alde

"Euskal Herriko langile klasearen beharretara eraikitako hezkuntza" baten aldeko ikasle greba izan da gaur Euskal Herrian. Nafarroako ikastetxe ezberdinetan mobilizazioak izan dira. Haundiena, Iruñeko kaleak zeharkatu ditu. Sakanako ikasleak Espainiako Poliziak gelditu ditu kontrol batean, Zuastin, eta ez dira manifestaziora iritsi. Lizarran ere mobilizazioa izan da.

2018-ko martxoak 21

“Hezkuntza besteak beste, egitura osoa eraikita duen klase dominatzaileak, hau da, klase burgesak, bere interes eta beharrei erantzuten dien gizarte eredu bat sortu, indartu eta etengabe erreproduzitzeko bideratuta dagoela ikusi dugu. Egungo hezkuntza sistema egitura eta helburu horien baitan kokatzen dugularik”, dio IA-k.

Ikasle Abertzaleak dio “langile klasearen izerdiarekin aberasten jarraitzeko eta aberastasun hau etengabe handitzeko, beharrezkoak dituen pertsonak eta pertsona ereduak (logika burgesa, sumisoa, akritikoa, sexista, kultura burgesa, justizia ulerkera burgesa…) sortzeko” tresna bat dela “burgesiarentzat hezkuntza. Honela, gizarte eredu edo harreman sozial kapitalistak indartu eta erreproduzitzen direlarik, horretarako komeni zaizkion zapalkuntza oro lejitimatu eta hauspotuz gainera”.

Ikastetxe ezberdinetan herri eskolak burutu dira gaur goizean, eta ondoren, zutabeak egin dituzte Iruñeko Antoniutti parkeraino. Handik abiatu da manifestazioa, Iruñeko kale nagusiak zeharkatu dituena Parlamentuaren parean bukatu arte. Han egin dute ekitaldi bat.

Sakanako ikasleak ez dira iritsi manifestaziora. Espainiako Poliziak Zuastin gelditu dituzte kontrol batean eta mihatu  eta identifikatu ditu. Egoera ha salatzeko, eguerdiko 14etan kontzentrazio bat egin dute Nabarreria Plazan.

Lizarran hamarka ikasle atera dira kalera hezkuntza sistema propio eta berri baten alde.

Gehiago