Ikamak ikasleei kalera irtetzeko deia egin die koronabirusak Hezkuntzan sortutako egoeraren aurrean protesta egiteko

Ikama ikasle antolakundeak apirilaren 21an mobilizazio eguna antolatu du ikasleek ikasturte honetan "jasan behar izan duten guztiaz nazkatuta gaudela argi esateko". Izan ere, COVID19ak dena hankaz gora jarri duen testuinguru honetan, Ikamaren helburua ikasleei eta gizarteko sektore gazteenari honek guztiak nola eragiten dien kaleratu eta konponbideak eskatzea da. Iruñeko mobilizazioa eguerdiko 12.00etan abiatuko da Hezkuntza Departamendutik.

2021-ko apirilak 13

Dagoeneko sei hilabete pasa dira Euskal Herri osoko ikasleok ikasturtea hasi genuenetik. Hilabete guzti hauek egunetik egunerako oztopo lasterketa amaigabe bat izan dira. Nazkatuta gaude, haserre eta amorra- tuta gaude. Iritsi da ordua ikasleria kalera atera eta aho batez nahikoa dela esateko.

Ikasturte hasiera inoizko zailena izan zen guretzat Covid 19aren eraginez, baina batez ere, birusaren aurrean hartu ez zituzten neurrien eraginez. Irailaren 12tik aurrera parez pare genuen desfasea salatu eta modu seguruan ikasteko dugun eskubidea aldarrikatu genuen. Hezkuntza komunitatearekin batera antolatu ginen egoerari modu kolektiboan erantzuteko asmoz, borroka hori hezkuntza komunitate osoaren borrokatzat ulertzen genuelako.

Hala ere, heziguneetan osasun baldintzak bermatu gabe garatu behar izan dugu jarduna. Kalean harreman sozialak murrizten zituzten bitartean, ikasgelek masifiatuta jarraitzen zuten. Honen aurrean Kalean 6, Klasean 26 salaketa kanpaina martxan jarri genuen, egoeraren zentzugabekeria azaleratzeko. Hau gutxi balitz, heziguneetan izugarri areagotzen joan da kontrol sozial zein poliziala eta ikasleok etengabe jazarriak izaten ari gara. Burua makurtu ez eta Ez Gaituzue Kontrolatuko dinamika garatu genuen ikasleon testigantzak sozializatzeko. Finean, ikasleok hilabeteak daramatzagu Covid 19ak areagotutako egoeraren aurrean hezi- gunez hezigune antolatzen eta borrokatzen.

Baina ez pentsa ikasleok azken hilabete hauetan sufritu dugun egoera krisi soziosanitarioak soilik eragin duenik. Covid 19ak aurretik genituen egiturazko arazoak azkartu eta azaleratu besterik ez ditu egin. Eduki inposatu espainiar zein frantsesak, zenbait irakasleren autoritarismoa, azterketetan oinarritutako ebaluazio eredua, euskaraz ikasteko eskubide urraketa, kontrol soziala, euskal curriculumik eza, indibidualismoa, presio jasanezina, ikuspegi kritikorik eza, sorkuntza falta… Hau guztia gutxi ez eta pandemiaren aurrean emandako erantzun hutsalak are buruhauste gehiago ekarri dizkigu ikasleoi. Izan ere, protokolo faltak ageriago utzi du ebaluazio sistema honek ez digula balio. Etxean konfinatuta gauden ikasleok ez daukagu azterketak egiteko aukerarik, ez bada irakaslearen erabaki indibidualen arabera. Egoera sostengaezina da, eta ezin dugu onartu hezkuntza sailak hilabeteak pasa diren honetan ezer ere egin ez izana.

Behin baino gehiagotan irakurri eta entzun izan dugu heziguneak ez direla birusaren kontagio foko izan, eta agintari batzuei ahoa betetzen zaie. Ehunka izan dira itxi behar izan diren ikasgela edota heziguneak, horren adibide azken asteetan agintari politikoen utzikeriagatik kutsaketa masibo baten egoerara iritsi diren Judimendiko eskola, El Carmen edota Ibarrekolanda ikastetxea. Egoeraren karga hezkuntza komunitatearen gain erori da, guraso, irakasle, zuzendari eta batez ere, ikasleon gain. Egoera hau modu batean edo bestean katastrofikoa izatera iritsi ez bada arrazoi bakar bategatik izan da, ikasleon ardura eta hezkuntza komunitatearen elkar zaintzari esker.

Honek guztiak gelditzera behartu gaitu, nazkatuta gaudela esan eta mahai gainean kolpe bat ematera. Ikasleok beti izan gara koiunturari aurre egiten eta gure neurrira eraikitako hezkuntza sistema baten alde lehen lerroan kokatu garen subjektua. Oraingoan ez gara gutxiago izango, ezin gara gutxiago izan. Ikastetxez ikastetxe ikasle asanbladetan antolatzen jarraitzea ezinbestekoa izango da ikasgelak hustu eta kaleak betetzeko, biak ala biak aldarriz bete eta jendarteari zein hezkuntza agintariei hemen gaudela erakutsiz, ikasleok behar ditugun neurriak exijitu eta hezkuntza ereduen erdigunean kokatzeko borrokatzera goaz!

Datorren apirilaren 21an ikasleok kalera, borrokara, martxan gaudela erakustera!

Gehiago