IAk eta LABek ez dute Espainiako Ikasleen Sindikatuak biharko dei egin duen greban parte hartuko
ELAk eeta STEILASek paroak deitu dituzten arren, Ikasle Abertzaleak eta LABek ez dute mobilizazioekin bat egin.
2016-ko urriak 25
“Estatu burges eta nazio zapaltzaile den estatu espainiarrari men egiten dion” sindikatu bat beraien bidelagun inoiz ez dela izango esan du Ikasle Abertzaleak ohar batean. Ikasle sindikatu honen iritziz, biharko greba eta mobilizazioak Madrildik etorritako interes “zentralista eta zapaltzaileei” egiten diete jaramon. “Lan eremuan CCOO eta UGTren antzera jokatzen du [Espainiako ikasleen sindikatuak] hezkuntza esparruan, modu puntualean mobilizazioak deituz, horrela ikasleriarengan desgaste lan bat eginez.”
Grebara batzeko deia behin baino gehiagotan luzatu dietela azaldu dute Ikasle Abertzaleek, baina ikasleen zapalkuntza bermatzen duen eta “españolista” den sindikatu batekin ez dutela bat egingo.
LAB sindikatuaren iritziz, greba deialdi honek Estatu mailan bizi den egoera politikoari lotuta dago, eta Euskal Herrian garatzen ari den LOMCEren aurkako “bide propioari” ez dio ekarpenik egiten, “Estatuko logikari erantzuten dio”, azpimarratzen du LABek. Horregatik ez dute bat egin biharko deialdiarekin.
“LABetik jorratu dugun bidea zentzu horretan doa, hezkuntza propioa eraikitzearena alegia”, eta norabide horretan kokatzen dute IRUTEN dinamika. “Molde zaharrak apurtu, aurrera begira jarri eta Euskal Herriaren hezkuntza bere herritarren beharretara egokitzea du xede. Egungo zatiketa sozialaren arriskuak gainditu (hiru sare, heziketa eta aukera desberdinak…), hezkuntzaren prekarizazioari aurre egin eta biztanleen herri identitatea eta kohesioa lortu nahi ditu. Gure herriak behar duen hezkuntzari buruzko eztabaida soziala bultzatu nahi dugu; ezer inposatu gabe, errespetuan oinarrituta ahalik eta eztabaida zabalena sortuz nahi dugu”.