#HTX26 Olatu erraldoia preso, iheslari eta senideei elkartasuna adierazteko giro paregabean
Hatortxurock elkartasun jaialdiko lehenengo eguna irudi ikusgarriak utzi dizkigu: auzolana, giro ezin hobea, dantzak, irriak, elkartasuna... Bi urteko geldialdia eta gero, Hatortxu gogoa bazela igartzen zen Atarrabian kokaturiko jai eremuan. Alde iluna, bestetik, izandako bi eraso sexista eta beste eraso homofobo bat izan zen. Antolakuntzatik gertakari hauek salatu dituzte larunbata eguerdian egindako agerraldi batean. Hurrengo komunikatua zabaldu dute:
2022-ko uztailak 30
“Atzo, ostirala, Hatortxu Rocken hainbat eraso sexista eta homofobo egon ziren. Argi esan dugu hasieratik, Hatortxun ez dugula inolako eraso matxistarik onartzen. Hori dela eta, bart, hamar minutuz, jaialdia etetea erabaki genuen.
Hatortxu gune segurua izan dadin neurriak hartu ditugun arren, nazkaz eta amorruz beterik esan behar dizuegu atzoko egunean ez genuela lortu. Baina ez dugu etsiko eta lanean jarraituko dugu. Gure esku ditugun tresna eta baliabide guztiak jarriko ditugu HTX guztiontzako gune seguru bilakatzeko: erasoen aurkako protokoloa, brigadak, gune seguru infoguneak, puntu moreak barra eta segurtasunean…
Hala ere guztion ardura izango da helburu hau lortzea. Eta, batez ere, zuena, gizonak. Zuentzako ere mezu argi bat daukagu: ez erasotu.
Aurrean izango gaituzue, Gora autodefentsa feminista! “
Atzo gauean eraso homofobo bat eta bi eraso sexista salatu ziren Hatortxu Rocken.